Lehendakaritza Batzordeak 1.175.000 milioi euroko aurrekontu-aldaketa egiteko proposamena eramanen du Osoko Bilkurara, eta diruzaintzako geldikinen kargura finantzatuko dira. Horietatik, 528.000 euro merkataritza- eta ostalaritza-lokaletarako Udalaren laguntzak handitzeko erabiliko dira, dagoeneko aurkeztutako eskaera guztiei aurre egiteko; 472.000 euro udazkenean eginen den PamplonUp bonuen beste kanpaina baterako izanen dira, eta 175.000 euro, Udalak hiri-garraiorako Iruñerriko Mankomunitateari egiten dion ekarpena osatzeko.
Aurrekontu-aldaketa horren milioi bat euro merkataritza eta ostalaritzari babesa ematera bideratuko da, bi ekintzen bidez: lokaletarako laguntzak eta PamplonUp bonuak, zeinak COVID-19ak eragindako krisiaren aurrean tokiko ekonomia sustatzeko planaren barruan baitaude. Iruñeko Udalak 514 eskaera jaso ditu, eta horietatik 250 izapidetu dira, 495.701,09 euroan. Bost atzera bota dira, eskatutako betekizunen bat ez betetzeagatik. Laguntza horietara bideratutako partida 500.000 eurokoa zen. Egiteke dauden 264 eskaerei aurre egin ahal izateko, laguntza horietara bideratutako aurrekontua handitzea beharrezkoa da. Erantzundako eta ordaindutako eskabide gehienak lokal bakoitzeko 2.000 euroko gehieneko dirulaguntza izatera iristen dira, eta, horregatik, 528.000 euro gehiago behar dira horiek ebazteko.
PamplonUp bonuei dagokienez, partida 472.000 euroan handitu nahi da, udazkeneko hurrengo kanpainan saltzen diren bonuen kopurua handitu ahal izateko. Joan den udaberriko kanpainan 70.202 bonu jarri ziren salgai, 421.212 euroan. Kopuru horiek urteko bigarren kanpaina egiteko 368.788 euroko aurrekontua utzi zuten; horrek 61.464 bonu salmentan jartzea suposatzen du. Iruñeko Udalak herritarren eskura jarriko diren bonu kopuru hori handitu nahi du, udaberriko kanpainako kopurua gainditzeko. Aurrekontu-aldaketa horri esker herritarren eskura, guztira, 140.131 bonu jar litezke. Merkataritza-sektorearen eta ostalaritza-establezimenduen aldetik, itxaropen handia dago azaroko eta abenduko denboraldian bonu-kanpaina indartsua izateko, 'Black Friday' delakoaren inguruan, tokiko merkataritza eta gastua sustatzeko, online erosketetara bideratu beharrean. Udaberriko kanpainan 820 establezimenduk parte hartu zuten PamplonUp bonuetan, 2020koan baino % 20 gehiagok.
Ekarpena Iruñerriko Mankomunitateari hiri-garraiorako
Merkataritza eta Turismoko Alorrari lotutako aurrekontu-aldaketez gain, gaur Lehendakaritza Batzordean aztertutako proposamenak, eta osteguneko Osoko Bilkuran eztabaidatuko denak, 175.000 euro barne hartzen ditu, Iruñerriko Mankomunitateari ekarpena egiteko Iruñerriko hiri-garraioa finantzatzeko. Aurtengo otsailean 2021eko Iruñerriko Mankomunitateko Hiri Garraioko VIII. plana onartu zen, eta bertan jasotzen zen Udal bakoitzak Mankomunitateari eman behar zizkion zenbatekoak, Iruñeak bere gain hartzen dituen 3,8 milioi euroak barne, hiru hilean behingo lau ordainketetan.
175.000 euroko doikuntza hori, lehenik eta behin, aurreko ekitaldiko defizit garbiaren behin betiko kalkulutik eratortzen da, hirugarren hiruhilekoko likidazioa egin ondoren erabilgarri baitago. Eta, bigarrenik, erregularizazio hori kalkulatzeko kontuan hartzen da Iruñerriko Mankomunitateak ezohiko laguntza gisa jasotako dirulaguntza "tokiko entitateen titulartasuneko garraio publikoko zerbitzua emateko, diru-sarrerak murriztu baitira COVID-19aren krisiaren ondorioz 2020an". Bi alderdi horiek doikuntza hori dakarte, eta Iruñeko Udalak 175.000 euro gehiago behar dituela kalkulatu du, Iruñerriko Hiri Garraioko Planari egin behar dion ekarpena betetzeko.