Udalak kilometro erdi bidegorri baino gehiago hobetu du Azpilagañan

Udalak kilometro erdi bidegorri baino gehiago hobetu du Azpilagañan
Azpilagañako ingurabidetik doan zatiaren segurtasuna hobetu da eta Ibarbideko parkearen trazadura saneatu da

 

Iruñeko Udalak Azpilagañan dauden bi bidegorri zati hobetzeko lanak amaitu ditu, guztira kilometro erdi baino gehiago. Auzoko Ibarbideko parketik igarotzen den trazadura da, Azpilagañako ingurabidean beste batekin lotzen dena. Jarduketa horiek Navarra Suma eta Iruñeko Udaleko Sozialistak udal-taldeek lortutako aurrekontu-akordioari esker gauzatu dira. Horrela, hiriburuan bidegorriaren zati berriak egokitzeko eta martxan jartzeko lanekin jarraitzen da, bizikleta-sare zabal eta konektatua izate aldera.

Azpilagañako ingurabideak bazuen jada bizikletaz ibiltzeko erreserbatutako eremu bat, baina neurriek –bi metro zabal– ez zuten betetzen Udalak bidegorriei aplikatzen dien estandarra –2,50 metro, gutxienez, bi noranzko dituzten bidegorrietan–. Hala, zabalera hori hiru metroraino handitu da, eta bideko espazioa kontrako aldeko aparkaleku-banda bihurtuz lortu da. Lehen, eremu horretan zeharka aparkatzen zen, baina okupazio baxua zegoenez ilaran aparkatzeko lekuetara aldatzea posible zen, aldaketarik eragin gabe.

Era berean, errei horrek motordun zirkulazioarekiko zuen babesak ez zituen errespetatzen Udala gaur egun jarraitzen ari den estandarrak, eta, beraz, hura hobetzeko neurriak hartu dira. Orain, errei honek metro erdiko tartea du errei motorizatuarekiko, 10 zentimetroko luzetarako bi lerroz eta 30 zentimetroko barneko espazio libre batez osatua, non gaur egun txirrindularien segurtasuna areagotzeko erabiltzen ari diren kautxuzko bereizgailuak jarri baitira. Jarduketa horrek 18.367,42 euroko kostua izan du (BEZa barne), eta bizikleta-espaloiekiko konexio gisa balio duten arrapalak berreraikitzea ere ekarri du berekin.

Era berean, Azpilagañako Ibarbidetik igarotzen diren bizikleta-ibilbideak konpondu dira. Kontserbazio-egoera txarrean zeuden zenbait eremu saneatu dira, eta azkenik asfalto beltzez zolaberritu eta parkea zeharkatzen duten bideen azalera osoa margotu da, Abejeras kaleko eta Azpilagañako ingurabideko bidegorriak lotzeko. Horri esker, argi eta garbi bereizi ahal izan dira oinezkoendako eremua eta bizikletendako eremua, txirrindularien eta oinezkoen segurtasuna hobetuz. Horrez gain, eserlekuak, eskudelak eta zintarriak birkokatu dira. Jarduketa horiek 40.273 euro jo dute, BEZa barne.

Dagoeneko amaitu diren Azpilagañako bi esku-hartze horiek hirian bidegorriak egokitzeko eta sortzeko lanen parte dira, mugikortasun jasangarriago eta osasungarriago baten bila, bai kutsagarria ez den garraiobide hori erabiltzen dutenendako bai hiri osoarendako, eta 'Go Green Pamplona' estrategiaren barruan daude. Estrategia horrek Iruñean klima-aldaketari aurre egiteko jarduketa guztiak hartzen ditu barne.

¿Te ha sido útil esta página?