Cristina Ibarrola Iruñeko alkateak eta Udalbatzako kideek emakumezkoen futboleko Espainiako selekzioak –asteburuan munduko txapeldun bihurtu zen– berriki lortutako arrakastan gertutik lagundu duten hiru nafarrak zoriondu dituzte gaur goizean. Honako hauek izan dira: Javier Lerga kidego teknikoko laguntzailea; Javier López Vallejo psikologoa, eta Rafael del Amo Nafarroako Futbol Federazioko lehendakaria eta Emakumeen Espainiako Futbol Errege Federazioko Nazioko Komiteko lehendakaria. Javier López Vallejo ez da azkenean harrera-ekitaldian izan lan-konpromisoak direla eta.
Ekitaldia Iruñeko Udaletxeko Harrera Aretoan egin da. Alkateak azken urteotan “emakumezkoen futbola sustatu eta garatzeko” egindako lana nabarmendu du, “neska askok dagoeneko kirolarekiko, oro har, eta bereziki futbolarekiko duten interesa areagotuko baitu”. Harrera-ekitaldiaren oroigarri gisa Batasunaren Pribilegioaren 600. urteurrenaren oroitzapenezko zigilu bat eman zaie. Ekitaldiari amaiera emateko Udalbatzak eta omenduek familia-argazkia atera dute.
Hilabete baino gehiago eman dute Australian eta Zeelanda Berrian kontzentratuta Espainiako emakumezkoen futbol-selekzioaren mundialeko hirugarren hitzordua prestatzeko; izan ere, edizio honetara arte ez zen finaleko zortzirenetatik igaro. Javier Lerga, Nafarroako Futbol Federazioko entrenatzaileen eskolako zuzendaria izateaz gain, Jorge Vilda selekzionatzailearen talde teknikoko kide izan da, partidak prestatzeko beharrezkoa zen laguntzaile tekniko lanetan. Javier López Vallejo futbol jokalari ohiak eta psikologoak, arlo mentala eta emozionala landu ditu, jokalari bakoitzak ehuneko ehun eman zezan partida bakoitzean.
Emakumezkoen futbola gorantz doa eta Espainia egungo munduko txapelduna da, ez bakarrik maila absolutuan, baita 17 urtez azpikoen eta 20 urtez azpikoen mailetan ere. Horri, klubek lortutako arrakastak gehitu behar zaizkie, hala nola Barcelona Futbol Taldeak 2021ean eta 2023an irabazitako Txapeldunen bi Ligak. Maila lokalean, Emakumezkoen Osasuna, Lehen Federazioan, beste urte batez lehiatuko da F Ligara –Espainiako futboleko maila gorenera– igotzeko. 2017az geroztik, Rafael del Amo nafarra nazioko emakumezkoen futboleko arduradun nagusia da Espainiako Futbol Errege Federazioan. Del Amo, Nafarroako Futbol Federazioko lehendakaria da, halaber, eta EFEFko lehendakariordea.
Azken egunotako omenaldi eta aintzatespenen ondoren, Madrilen milaka lagunek egindako ongietorri-jaia eta Moncloako Jauregian egindako harrera kasu, kidego teknikoa eta jokalariak beren etxeetara itzuli dira, hilabete baino gehiagoz Mundialean kontzentratuta egon ondoren, haien jaioterrietako maitasuna eta harrotasuna sentitzera.