
Lehen Hezkuntzako ikasleek hiriaren identitatea, historia eta garapena ezagutu eta balioan jartzeko xedez, Udalak Iruña ezagutu udal-programa abiatu zuen 1984an. Ekimenak harrera ona izan du berrogei urte baino gehiagoan, eta, hori dela eta, Udalak urtero eutsi dio proposamenari. Orain, Tokiko Gobernu Batzarrak beste lizitazio bat adostu du hurrengo ikasturterako, 41.990 euroan, eta lau luzapen egiteko aukerarekin; hori hala balitz, 209.950 euro inbertituko lituzke 2031ko ekainaren 30era bitarte.
Iruña ezagutu programaren xede-talde nagusia Lehen Hezkuntzako 5. mailako ikasleak dira. Ikastetxeetako ikasgeletan lantzen den hiriari buruzko unitate didaktiko bat argitaratzeaz gain, Udalak ikasleendako bisita gidatuak antolatzen ditu. Bisitetan, Alde Zaharreko gune nagusietan barna ibiltzen dira, Iruñearen bilakaera ikusteko, jatorri erromatar eta baskoietik gaur egunera arte, eta horren barruan, besteak beste, Erdi Aroan hirigunea osatzen zuten hiru burguen batasuna azaltzen zaie, horrek ekarri baitzuen Iruñeko hiriaren sorrera.
Bisitek hiru ordu inguru irauten dute, euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez eta frantsesez egiten ahal dira: historiaren eta turismoaren esparruko profesionalek emanen dituzte, eta hiriaren elementu historiko eta kultural nagusiak jorratzen dituzte. Ibilbidea oinez egiten da, baina, hala ere, Udalak ikasleen joan-etorriak diruz laguntzen ditu, Alde Zaharrera iritsi eta ikastetxera autobusez itzultzeko.
Ibilbidea osatzeko, Udalak material didaktikoa argitaratzen du, eta honako hauek barne hartzen ditu: liburu bat, webgune bat eta kromo-album bat, besteak beste. Hori guztia ikasgelan lantzen da ‘aurkikuntza bidezko ikaskuntza’ izeneko metodologiaren bidez. Gainera, lizitazio berriari begira, honako hauek txertatuko dira: emakumeen historia lantzeko atal bat eta ikasleei ingurumena zaintzeari eta hiriko kultura- eta gizarte-aniztasunari buruzko ikuspegia helarazten dieten elementuak.
Aurreikuspenen arabera, planteatutako lizitazioak ikasturte bat iraunen du, irailetik ekainera, eta denbora-tarte horretan, 42 ikastetxetako Lehen Hezkuntzako 5. mailako 94 ikasle-talderi arreta emateko aukera egonen dela kalkulatzen da. Programa beste hezkuntza-maila batzuetarako ere eskuragarri dago, Lehen Hezkuntzako 1. mailatik 6. mailara bitarte; hala ere, kasu horietan, eskaerak izen-ematearen hurrenkeran erantzunen dira, eta ikasturte osoan 120 bisita egiten ahalko dira gehienez ere. Gainera, xede-talde nagusia ez denez, jarduera ez da doan izanen.
Lizitazioan parte hartzeko interesa duten enpresek honako hauek, besteak beste, barne hartzen dituen lan-plan bat aurkeztu beharko dute: lan-proposamenaren xedeak, oinarrizko ibilbidea eta zentroetan materialak aurkezteko plana eta kronograma. Adjudikazioa irizpide kualitatibo eta kuantitatiboen arabera eginen da. Zehazki, 40 puntu emanen zaizkio, gehienez, lan-planari, eta beste 10 puntu gizarte-irizpideen arabera emanen dira, hala nola lan-merkatura sartzeko zailtasunak dituztenen kontratazioa. Bestalde, eskaintza ekonomikoa 40 puntura arte baloratuko da, eta beste 10 puntu hobekuntzengatik emanen dira, esaterako, ordu kopurua areagotzeagatik.