Iruñeko Udalak jarduketa bat eginen du Mugikortasuneko Ordenantza berria betetzen ez duten oinezkoen 1.566 pasabideetan, izan ere, ez dituzte libre uzten arauak ezarritako aurreko 5 metroak. Iruñeko Udalak eskatutako ikuskaritzaren emaitzen arabera, Iruñean dauden oinezkoen 2.069 pasabideen % 60k daukate gune horretan ikusgarritasuna zailtzen duen zerbait, gidariei pasabideak zeharkatzen ari direnak ikustea eragozten dielarik.
Goizean, Fermín Alonso Proiektu Estrategikoetako, Mugikortasuneko eta Jasangarritasuneko zinegotzi ordezkariak ikerlanaren emaitzak aurkeztu ditu; bertan oinezkoen pasabideen aurreko bost metroetan honako aparkatze-toki hauek zenbatu direla zehazten da: lurgaineko 2.072 leku, mugikortasun urriko pertsonendako 211 leku eta 493 motozikleta-leku. Moto-aparkalekuez bezainbatean, kontuan hartu dira bakarrik aurreko hiru metroak, izan ere, hor ezarritako tartea orokorra baino motzagoa da. Zerrenda honako osagai hauek osatzen dute: Iruñerriko hiri-garraioko 59 autobus-geraleku, 40 zamalanetarako eremu eta 12 taxi-geltoki. Osagai horiek guztiak kendu beharko dira eta tartea libre geratu, ordenantza berrira egokitzeko.
Ikerlanak ikastetxeei eskainitako atal berezia ere jasotzen du; bertan, guztira, oinezkoen 781 pasabide daude, eta horietatik 476k ez dute betetzen egungo ordenantza (guztizkoaren % 61). Mugikortasuneko ordenantza berria abuztuan sartu zen indarrean, eta oinezkoen segurtasuna handitzea du helburu; adibidez, oinezkoen pasabideetan. Gainera, Iruña 30 hiria bihurtu nahi da, eta bizikletetarako zein patineteetarako mugikortasun-era berriak planteatu.
Pasabide guztiak eta horien ezaugarriak zenbatu dira
Azterlana arau-testu berria indarrean sartu ostean egin da, eta honela dio haren 3. artikuluan: “Oro har, eta oinezkoen segurtasunaren aldeko arau gisa, debeku da oinezkoen pasabide orotara iritsi aurreko 5 metroetan aparkatzea edo geldialdia egitea, zirkulazioaren noranzkoa zein eta horretan”. Lana Mugikortasun Zerbitzuak egin du, SUMA Urban Sustainability Consultants enpresarekin elkarlanean.
Hona azterlan horren helburuak: Iruñean dauden pasabide guztiak zenbatzea eta horien ezaugarriak eta egituraketa aztertzea; horietako bakoitza nahiz ordenantza betetzen dutenentz baloratzeko parametroak georreferentziatzea, adierazle batez identifikatuta, epe laburrean azterlanaren emaitza Udalaren Visor Sig gailuan erakusteko; eta lehentasun-sistema bat ezartzea, oinezkoen pasabideetan eginen den esku-hartzerako hurrenkeraz bezainbatean. Pasabide bakoitzeko azalpen-fitxa bat sortu da, eta hura identifikatzeko kode bat esleitu zaio. Gainera, azterlanaren emaitza guztiak datu-base batean jaso dira.
Alde Zaharrean eta Mendillorrin betetzen da gehien ordenantza, eta Arrotxapean gutxien
Azterlan xehatuak auzokako informazio-bilketa hartzen du barne. Horrek oinezko pasabide gehien dituzten eremuak ikustea ere ahalbidetzen du: Zabalguneak, 452 dituztela; Txantrea, 366; eta Arrotxapea, 300. Beste muturrean hauek daude: Alde Zaharra, 18; Etxabakoitz, 77; eta Azpilagaña, 91.
Aurreko 5 metro libre horien okupazio handiena eduki eta, hortaz, ordenantza gutxien betetzen dutenetatik Arrotxapea da lehena, bertako 300 pasabideetatik 209k (% 69,67k) ez baitituzte 5 metro libre uzten. Ez-betetzeetan, honako hauek ere daude % 60ren gainetik: Iturrama (% 66,48), Txantrea (% 65,03), Milagrosa (% 64,44), Buztintxuri (% 62,80) eta Sanduzelai (% 60,14).
Ikuskapenean Alde Zaharrak ditu emaitzarik onenak, oinezkoen 18 pasabideetatik 5ek bakarrik ez baitute ordenantza betetzen (% 27,78). Jarraian hauek daude: Mendillorriko 175 pasabideetik 86 ez daude arau berrira egokituta (% 49,14); Azpilagañan, 91 pasabideetik 45ek ez dute betetzen (% 49,45); eta Ermitagaña-Mendebaldean, 185 pasabideetatik 97 moldatuko dira (% 52,43).