
Iruñeko Udalak izapide bat gaitu du bizikleta elektrikoen sistemako wallet edo diru-zorro elektronikoan dirua dutenek itzultzeko eskaera egiteko aukera izan dezaten. Martxoaren 3tik aurrera eta bi hilabeteko epean, erabiltzaileek saldoa itzultzea eskatzen ahalko dute, bai erregistro bidez bai telematikoki, www.pamplona.es/eu webgunean berariaz xede horretarako eskuragarri dagoen izapide baten bitartez. Ondoren, Udalak kopuru osoa itzuliko die eskaera egin duten pertsona guztiei, hilabete bateko epean. Kalkulatzen da diru kopuru osoa 250.000 eurokoa izan daitekeela. Kopuru hori Udalak Ride On Iruñeko bizikleta elektrikoen enpresa kudeatzaileari eskatuko dion zorrari gehituko zaio, otsailaren 13an alde bakarreko erabaki batez zerbitzua bertan behera uzteagatik.
Borja Izagirre Larrañaga Hiri Bizigarri eta Jasangarriko zinegotzi ordezkariak gaur goizeko prentsaurrekoan aurkeztu du neurria. Horren bidez, Udalak saihestu nahi du Iruñean bizikleta elektriko partekatuko sistema eteteak erabiltzaileei kalte ekonomikorik eragitea; izan ere, gehienek dirua aurreratu zuten sistema hori beren diru-zorro elektronikoko edo walleteko gordailuen bidez erabiltzeko.
Udalak konpromisoa hartu du erabiltzaileei diru-zorroetan kontsumitzeke zuten saldoa itzultzeko, eta ondoren Ride On enpresari eskatuko dio. Hori egin ahal izateko, erabiltzaileek diru-zorroko dirua itzultzeko eskaera egitearekin batera, Udalari baimena eman beharko diote zenbateko horiek ez itzultzeagatik Ride On enpresaren aurka gauzatu beharreko ekintza administratibo eta judizialak abian jartzeko. Horretarako, eskaerak eskabide-eredu bati jarraikiz bete beharko dituzte, eta Udalak www.pamplona.es/eu webgunean eta udal-erregistroetan herritarren eskura jarritako berariazko izapide bat egin.
Izapidea diru-zorro elektronikoetan edo walletetan geratzen den saldoa itzultzera bideratuta dago, eta ez abonuen zenbatekoak itzultzera; bizikleta elektrikoen sistema berria ezarri eta gero helduko zaio gai horri.
Nola egiten da izapidea
Izapidea aurrez aurre egiten ahal da Udaleko edozein erregistrotan, baita online ere, www.pamplona.es/eu webgunearen bidez. Online egindako izapideek izapidetze-prozesua bizkortuko dute, bai erabiltzaileendako, bai Udalarendako, eta, beraz, Udalak herritarrak hauspotzen ditu lehentasunez bide hori erabil dezaten. Izapide elektronikoa egin ahal izateko, interesdunak ziurtagiri digitala edo bestelako identifikazio elektronikoa eduki behar du.
Izapidea egiteko, dirua itzultzeko eskabide bat aurkeztu behar da, Udalak izapide honetarako idatzi duen eskabide-ereduari jarraikiz, eta Ride On Pamplona aplikazioko walletean sartutako diruaren frogagiri bat, pantaila-argazki baten bidez. Erabiltzaileak adingabeak izatekotan, beren legezko tutoreek egin beharko dituzte izapideak.
Izapidea egiteko bi hilabeteko epea amaitutakoan, Udalak erreklamatutako saldoak egiaztatu eta erabiltzaileek eskatutako dirua itzuliko du; ordainketa horiek aurtengo udal-aurrekontuen bidez eginen dira. Ondoren, Udalak erabiltzaileei itzulitako kopuruak eskatuko dizkio Ride On enpresari.
Udalak ezarri duen mekanismo horrek ez dio eragiten Iruñeko bizikleta elektrikoen sistemaren lizitazio berriari. Hala ere, baloratzen ari da Ride On enpresan harpidetutako pertsonek ezarriko den sistema berrian indarrean dituzten abonuak baliatu ahal izatea.
OHIKO GALDERAK (FAQ)
• Zertan datza izapidea?
Izapidea bizikleta elektriko partekatutako sistemaren erabiltzaileek walletean sartutako diruaren itzulketa-eskaera bat da. Zehazki, Udalak konpromisoa hartu du pertsona horiei Ride On Pamplona aplikazioko diru-zorro edo walletetan zuten saldoa itzultzeko.
Udalak hori egin ahal izateko, erabiltzaileek diru-zorroko dirua itzultzeko eskaera egitearekin batera, Udalari baimena eman beharko diote Ride On enpresaren aurka gauzatu beharreko ekintza administratibo eta judizialak abian jartzeko. Hori dela eta, garrantzitsua da eskaerak eskabide- eta izapide-eredu zehatz bati jarraikiz betetzea.
• Nola egiten da izapidea?
Izapidea Udalaren edozein erregistrotan egiten ahal da aurrez aurre, eta, birtualki, www.pamplona.es/eu webgunearen bidez. Lehentasuna eman nahi zaio izapide elektronikoari, izapidetzea azkartzen baitu, bai erabiltzaileendako bai Udalarendako.
• Zer dokumentazio mota behar da?
• Dirua itzultzeko eskabidea: izapide horretarako berariazko eskabide-eredua.
• Ride On Pamplona aplikazioaren walletean sartutako diruaren egiaztagiria, pantaila-argazki baten bidez.
Ohar garrantzitsua: izapide elektronikoa egiteko ziurtagiri digitala edo baliokidea behar da.
• Nork heltzen ahalko dio neurri honi?
Walletean dirua duten sistemaren erabiltzaile guztiek. Adingabeen kasuan, legezko tutoreek egin beharko dituzte izapideak.
• Noiz egiten ahal da eskaera?
Izapidea eskuragarri egonen da martxoaren 3tik (asteartea) aurrera, bi hilabeteko epean.
• Zenbat denbora beharko da dirua itzultzeko?
Eskaera izapidetzeko epea amaitu ondoren, Udalak erreklamatutako saldoen kopurua egiaztatuko du, eta erabiltzaile bakoitzari dirua itzuliko dio hilabeteko epean.
• Walletei eta abonuei eragiten die?
Soilik walletei eragiten die. Erabiltzaileek dituzten kontsumitu gabeko abonuak zerbitzuaren lizitazio berriaren bidez ebatziko dira.
• Nork hartuko ditu ordainketak bere gain?
Udala arduratuko da ordainketak egiteaz: 2026ko aurrekontuaren kontura eginen dira, eta, ondoren, Udalak Ride On enpresari erreklamatuko dio diru hori.