Iruñeko Udalak, abuztuan egitekoa den ongizate pertsonalari buruz antolatutako lehen lantegirako lekuak 24 ordutan bete eta gero, beste bi lantegi jarriko ditu martxan, 65 urtetik gorakoei zuzenduta, pertsonen arteko komunikazioa eta estresaren kudeaketa lantzeko.
Itxaropenaren Telefonoarekin batera eta Nafarroako Gobernuarekin elkarlanean antolatutako lantegietan doan eman daiteke izena gaurtik (abuztuak 4) aurrera, deitu behar da 948243040 telefonora deituta. Lekuak inskripzioen hurrenkeraren arabera esleituko dira, eta Iruñean erroldaturiko herritarrek lehentasuna izanen dute. Ikastaro bakoitzak zortzi ordu iraunen ditu guztira, bi orduko lau saiotan banatuta.
Lehen lantegiak pertsonen arteko komunikazioa izanen du ardatz, eta irailaren 7an, 14an, 21ean eta 28an eginen da, 17:00etatik 19:00etara, Iturraman, San Joan Bosco kalearen 15. zenbakian dagoen Udalaren zentroan. Saioetan hainbat gai landuko dira, hala nola pertsona bakoitzak komunikatzeko duen modua, nola egiten dugun besteek gu ulertzeko eta nola ulertzen ditugun besteak, zer adierazten dugun hitz gabeko hizkuntzaren bidez eta nola hobetu dezakegun komunikazioa.
Bigarren proposamenak xede izanen du estresa kudeatzen ikastea, eta ohartzea pentsamenduek zerikusi handia izan dezaketela estresarekin. Saioetan erlaxazio-teknikak ikasi eta praktikatuko dira, estresa kontrolatzen ikaste aldera. Halaber, gehiago ikasi ahal izanen da denboraren kudeaketaz eta antolamenduaz, oreka mentalaz eta modu osasungarrian bizitzeko ohiturez. Lantegia Arrotxapeko Joaquín Beunza kalearen 31-33 zenbakietako udal-guneetan eginen da, 10:00etatik 12:00etara, irailaren 8an, 15ean, 22an eta 29an.
Doako zerbitzu kualifikatua COVID-19aren ondorio emozionalak gainditzen laguntzeko
Lantegi horiek Iruñeko Udalak Itxaropenaren Telefonoarekin 65 urtetik gorakoei laguntza psikologikoa emateko programa garatzeko sinatutako hitzarmenaren barruan daude. Xedea da pertsona horien eskura doako zerbitzu kualifikatu bat jartzea COVID-19aren osasun-krisiaren ondorio emozionalak gainditzen laguntzeko. Udalak 20.000 euro eman ditu ekimena gauzatzeko, eta Nafarroako Gobernuko Gizarte Eskubideetako Departamentuak ere dirulaguntza eman du.
Laguntza psikologiko eta emozionala emateko programak bi ildo ditu. Lehenengoan, lantegiak antolatu dira hainbat gairi buruz: ongizate emozionala, estresaren kudeaketa, bizi-ohitura osasungarriak, antsietatearen prebentzioa, pertsonen arteko komunikazioa hobetzeko erak, insomnioa edo depresioa. Ongizate emozionalari, pertsonen arteko komunikazioari eta estresaren kudeaketari buruzko lantegien ondotik, beste hamahiru lantegi eginen dira. Ikastaroen saioak auzoetako udal-guneetan eginen dira, Alde Zaharrean, Zabalgunean, Iturraman eta Arrotxapean. Adineko biztanleen kopurua aintzat hartuta aukeratu dira auzo horiek.
Bigarren ildoan, banakako aholkularitza telefonikoa eskainiko da, eta zaurgarritasun-egoeraren ondorioz arreta pertsonalizatuagoa behar duten pertsonei aurrez aurre emanen zaie arreta, banaka edo taldeka. Irailetik aurrera, auzo-unitateek, osasun-zentroek eta apartamentu babestuek bideratutako 300 laguni emanen zaie arta, eta pertsona bakoitzaren egoerara egokitutako laguntza.