
Udalak bihar, ostegunean –urtarrilak 23–, aurkeztuko ditu, Turismoko Nazioarteko Azokan (FITUR), Iruñeko gastronomia- eta musika-proposamenak, Donejakue Bidearen eta sanferminen erakargarritasun sendoari gehitzen zaion turismo-eskaintza berria osatzen dutenak. Enrique Maya Iruñeko alkatea, Ana Elizalde Gobernu Estrategiko, Merkataritza eta Turismoko zinegotzi ordezkaria, María García-Barberena Kultura eta Berdintasuneko zinegotzi ordezkaria, Carmen Alba Turismoko zinegotzi berezia eta udal-teknikariak izanen dira Udalaren ordezkariak.
Horrela, arteari eta kulturari lotutako alderdiak lantzen jarraitzen da, hiria bisitatzen dutenentzat erakargarrienak baitira. Iaz Udalaren Turismo Bulegotik igaro zirenek emandako datuen datuen arabera, arteak eta kulturak Espainiako 46.239 bisitari erakarri zituzten (guztien % 57,68), eta kanpotik, 25.298 (guztien % 44,33). Aldi berean, askotariko produktuek osatutako turismo-estrategiaren alde egiten du Iruñeak; ‘Iruña askoz gehiago da’ markak laburbiltzen ditu hiriaren erakargarritasun oparoa islatzeko. Marka leloez garatzen da, baliabide bakoitzak ematen dituen aukerez: ‘Iruña Bidea da’, ‘Iruña Gastronomia da’, ‘Iruña harresiak dira’, ‘Iruña berdea da’, ‘Iruña biltzarrak dira’ eta ‘Iruña sanferminak dira’.’
Fiturren, aurkezpenak 12:00etan eta 17:00etan
Iruñearen aurkezpenak Nafarroako standean antolatutako mahai-inguruen barruan daude, non aurten esloganak ‘Navarra 5 tiempos, 5 estaciones / Nafarroa 5 garai, 5 urtaro’ izanen baitira. Gaur mahai-inguruek natura dute hizpide, eta bihar, gastronomia eta kultura. Lehen hitzordua 12:00etan izanen da, Nortfestival (Gastronomiarako Diseinu eta Sormeneko Nazioko I. Topaketa) aurkezten baita. Arratsaldeko 17:00etan ‘Iruña kultura da, Iruña musika da’ aurkeztuko da.
Horrez gain, jardunaldirako, Carmen Alba Turismoko zinegotzi bereziaren lan-bilerak aurreikusi dira, RENFErekin eta Donejakue Bideko Udalerrien Elkartearekin, non Iruñeak lehendakariordetza baitu. Arratsaldeko azken orduan, Enrique Maya Iruñeko alkatea eta Ana Elizalde Gobernu Estrategiko, Merkataritza eta Turismoko zinegotzi ordezkaria ostalaritzako enpresariekin bilduko dira. Ostiralean, FITURreko Nafarroaren Egunean, hitzordua ‘Saborea España’ Jomuga Gastronomikoen Elkartearekin izanen da.
FITUR Madrilen eginen da urtarrilaren 22tik 26ra. Turismo-azoka hau lehena da merkatu iberoamerikarrentzat; eta munduko garrantzitsuenetako bat da. Iaz 165 herrialdek edo eskualdek eta 10.487 enpresak hartu zuten parte, eta 142.642 profesionalek eta publikoko 110.848 pertsonak bisitatu zuten. Iruñeko Udala Nafarroako standean egonen da, bere eskaintza bereiztua aurkeztuko badu ere.