Iruñeko Udalak irabazi-asmorik gabeko entitateei zuzendutako urteroko dirulaguntzen deialdia egin du, 2021. urtean gizarte-ekintzako berariazko proiektuak egin ditzaten desgaitasun, mendekotasun eta gizarteratze arloetan. Edizio honetan laguntzen guztizko kopurua 340.000 eurokoa da eta 2020an, aldiz, 290.000 eurokoa, hau da, % 17,2 handitu da. Partida 50.000 euroan handitzea Navarra Suma eta Iruñeko Udaleko Sozialistak udal-taldeek lortutako aurrekontu-akordioari esker gauzatu da. Horrez gain, deialdi honetan berrikuntza gisa, Iruñean finkaturik ez dauden baina beren proiektuak Iruñean garatzen dituzten entitateek laguntzak eskatzen ahalko dituzte.
Udalak erakunde horiei guztiei ematen dien laguntzak gizarteratzea eta aukera-berdintasuna bultzatzea du xede, bai eta gizarte-arriskuko egoerei aurrea hartzea eta zaurgarritasun, babesgabetasun, mendekotasun edota gizarte-bazterkeriako egoerei heltzea. Aurrekontu osotik, 202.000 euro, desgaitasun eta mendekotasun arloko jarduketak diruz laguntzeko izanen dira, eta gainerakoa, 138.000 euro, gizarteratzeko proiektuentzat. Gehikuntza, arlo bakoitzeko, % 17,4 eta % 16,9koa da, hurrenez hurren.
Deialdiaren oinarriak (apirilaren 9ko Nafarroako Aldizkari Ofiziala),osorik eskuragarri daude Udalaren webgunean, eta bertan ere eskabideak aurkeztu daitezke, maiatzaren 10era arte, Egoitza elektronikoaren bidez.
Aurreko urtean desgaitasunaren eta mendekotasunaren esparruetan lan egiten duten 32 entitatek eta gizarteratze arloko 21ek jaso zuten beren proiektuentzako laguntza, batez besteko 5.471 euro. Horien lan eremuak oso zabalak dira: diabetesa, arretaren nahasmenduak, esklerosi anizkoitza, alzheimerra edo minbizia duten senide edo mendeko gaixoak, eta garun-paralisia edo beste desgaitasun intelektual edo fisikoa, gortasuna, adibidez, duten pertsonekin autonomia, psikologia eta enplegagarritasuna hobetzeko lanak. Gizarteratze arloan, migratzaile gazteak, haurdun dauden emakume zaurgarriak, joko-mendekotasuna duten pertsonak, GIBak jotako pertsonak, doluan daudenak edo toxikomanoak, besteak beste, izan ziren onuradunak.
Proiektuak aurkezteko epea eta baldintzak:
Eskabideak aurkezteko epea maiatzaren 10era arte luzatuko da. Iaz bezala, bide telematikoa sistema esklusibo gisa mantentzen da. Balorazioan 100 puntura arte esleituko dira, honako irizpide hauetan oinarrituta: entitatearen barne-koherentzia (10 puntura arte), proiektuaren kalitate teknikoa (70 puntura arte);eta proiektuaren bideragarritasuna (20 puntura arte).
Entitate eskatzaile bakoitzak gizarte-ekintzako proiektu bakarra aurkezten ahalko du, bai banaka hartzen badu parte deialdian, bai entitateen talde bat ordezkatuz egiten badu. Proiektu guztiak zehatzak eta globalak izan behar dute (ez bakarrik jarduera isolatuak), eta, oro har, Iruñean gauzatu behar dira 2021. urtean zehar. Aurkezten diren agirietan helburuak, jarduerak eta guneak, eta jarduerak gauzatzean izanen dituzten giza baliabideak zein baliabide materialak justifikatu beharko dira. Era berean, gauzatze-aldiak, eta jardueraren jarraipena eta ebaluazioa aipatu beharko dira.
Desgaitasunaren/mendekotasunaren arloko proiektuen kasuan, proposamenek gizarte-jardueran aukera berdintasunean parte hartzea erraztu beharko dute eta beste esparruetan kontuan hartzen ez diren hezkuntza-, prestakuntza- eta gizarteratze-alderdiak, psikosozialak eta autonomia sustatzekoak osatzera zuzenduta egon behar dute. Horrez gain, enplegua eskuratzeko baldintzak hobetu (norbere autonomia eta independentzia ekonomikoa), boluntarioen prestakuntza sustatu gizarte- eta osasun-arloetan, eta autolaguntza bultzatu beharko dituzte.
Gizarteratzeko proiektuek sozialki zaurgarriak diren edo baztertuta dauden pertsona edo kolektiboekin lotutako alderdiak hobetu behar dituzte eta honako esparru hauetara bideratuta egon beharko dute: psikosoziala, prestakuntzakoa, etxebizitzakoa, sozio-sanitarioa eta gizarteratzekoa, enplegua eskuratzeko baldintzak hobetzera, boluntarioen prestakuntza sustatzera, eta autolaguntza proiektuei babesa ematera, erasan komun baten inguruan.
Iruñeko entitateak edo hirian lan egiten dutenak
Proiektuak aurkeztu nahi dituzten entitate edo elkarteak legearekin bat eraturik eta dagokien erregistroan izena emanda egon eta irabazi-asmorik gabekoak izan behar dute. Berritasun gisa, aurreko urteko deialdiarekin alderatuta, dirulaguntza lortzeko ez da beharrezkoa entitate eskatzaileek Iruñean edukitzea egoitza edo ordezkaritza iraunkorra, aitzitik, udalerriarentzat onuragarri diren proiektuak garatzen dituzten entitateak ere aurkezten ahalko dira. Honako baldintza hau mantentzen da: helburu gisa izatea haien estatutuetan, gizarteko arta eta esku-hartzea, dirulaguntza zein modalitatetan eskatu eta horri dagokion esparruan (desgaitasuna/mendekotasuna edo gizarteratze arloa).
Dirulaguntzen xede diren gastuak honako hauek izanen dira: langileriakoak (langileen lansariak ordaintzea), funtzionamendu eta administraziokoak (ondasun eta zerbitzuen ohiko gastuak, hornigaien erosketa, lokalen alokairua, argia, ura, aseguruak, material suntsikorra, bulegokoa...), jarduerak (garraioak edo joan-etorriak) eta tokikoak ez diren tributuak entitate onuradunak zuzenean ordaintzen baditu. Entitate onuradun bakoitzari emanen zaion kopuruak ezin izanen du gainditu aurkeztutako proiektuaren aurrekontuaren % 80, hala eskaria entitate batek banaka egiten badu nola bi entitatek edo gehiagok osatutako talde baten izenean egiten badu. Hasiera batean aurkeztutako proiektuan eskatu eta onetsitako aurrekontuaren defizitaren (gastuen eta diru-sarreren arteko aldea) ehuneko bat estaliko du dirulaguntzak. Proiektuaren defizitak 20.000 eurotik gora jotzen badu, ez da proiektu hori onartuko.
2020an 53 izan ziren diruz lagundutako entitateak
Aurreko deialdiak 290.000 euro banatu zituen 53 entitateren artean, 32, desgaitasun eta mendekotasunaren arlokoak eta 21, gizarteratze arlokoak, hau da, deialdiaren kopuru osotik batez besteko 5.471 euroko zenbatekoa elkarte bakoitzeko.
Desgaitasunaren eta mendekotasunaren esparruan honako proiektu hauek jaso zuten 8.000 euro baino gehiagoko dirulaguntza: SARAY (Arta psikosoziala, bularreko minbizia dutenendako eta haien familiendako), ANFAS (Gaitasun akademikoak, sozialak eta komunikatiboak lantzeko programa, desgaitasun intelektuala edo garapen-arazoak dituzten pertsonendako), ADECCO (2020an Iruñeko desgaituak lanera bideratzearen eta gizarteratzearen alde), ADANO (Boluntario-lana minbizia duten haurrekin eta haien familiekin), ANADI (Arta integrala, diabetesa dutenendako eta haien familiendako), ACODIFNA (Arta psikosoziala desgaitasuna duten edo mendekotasun egoeran dauden pertsonendako eta haien familiendako) eta ATENA (ARTEA eta DESGAITASUNA Musika eta Dantza Eskola).
2020an gizarteratze arloan zenbateko handienekin (proiektuko 8.000 eta 9.000 euro bitarte) diruz lagundutako antolakundeak honako hauek izan ziren: CORE (Etorkinak gizartean eta lanean txertatzeko laguntza),Santa Lucía Fundazioa (Heldutasunera Igarotzeko Programa egoera zaurgarria dauden gazteendako), ITAKA-Escolapios Fundazioa (IKASKIDE. Helduak gizarteratzen laguntzen ditugu), Munduko Medikuak (“Zure auzoa, zure etxea”. Elkarbizitzako programa integrala Milagrosan), Itxaropen Gune (AGAR: Prostituzioan dauden emakumeak edota sexu-ustiapena helburu duen salerosketaren biktima izan daitezkeenak), Kulturarteko Hezkuntza Zerbitzua (Gizarteratzea eta parte-hartzea sustatzea, egokitze bidean dauden nerabe etorkin iritsi berriengan) eta Elkarte (laneratzera bideratutako lantegi okupazionala “Industria langilea”).