65 urtetik gorakoendako kirol-jarduerek, ikastaroek, lantegiek, etxez etxeko zerbitzuek, laguntzek, dirulaguntzek eta partaidetza-tresnek osatzen dute Iruñeko Udalak ‘Iruñeak zaintzen zaitu’ programa berriaren barruan bildu duen eskaintza. Ekimenak lehen sakabanatuta eskaintzen zen adinekoendako udal-eskaintza osoa uztartu nahi du, herritarrek errazago eskuratu eta goza dezaten. Programa berriak bere egiten ditu barne hartzen dituen jarduera bakoitzaren helburuak: zahartze aktiboa eta osasungarria sustatzea, autonomia bultzatzea eta kalitatezko arreta bermatzea, bizi-kalitate hobea lortzeko.
Iruñeko Udalaren Herritarren Aferen Batzordeak, Enrique Maya alkatearekin batera, ‘Martxan’ programaren barruan dagoen jarduera horietako bat bisitatu du, Alde Zaharreko Plazara! zentro komunitarioan egiten den adinekoendako memoria-lantegi bat, hain zuzen. Zentroan, bertatik bertara ezagutu dute Udalaren ekintza hori, zeinaren bidez, memoria landu ez ezik, harreman sozialak ere bultzatzen baitira, adinekoen artean isolamendua eta bakardadea ekiditeko xedez.
‘Iruñeak zaintzen zaitu’ programa berria funtsezko lau arlotan oinarritzen da: jarduerak, zaintzak, prestazioak eta partaidetza. Alde batetik, Udalak 65 urtetik gorakoendako programatzen dituen jarduera guztiak biltzen ditu, izan kirol-jarduerak edo teknologiei, emozioei, memoriari eta interesgarri izan daitezkeen beste arlo batzuei buruzko lantegiak.
Hemen sartzen dira dagoeneko ezarritako hainbat ekintza, hala nola ‘Aisia-ostegunak eta -ostiralak’, adinekoek ariketa fisikoa zein kognitiboa egitea estimulatzeko; ‘Zaintzen dutenak zainduz’, zaintza-lanak egiten dituzten pertsona ez profesionalei zuzenduta; Lecxit boluntarioendako belaunaldi arteko programa; haustura digitala ezabatzeko ekintza eta ikastaro teknologikoak, eta ‘Martxan’ programako jarduerak, xede dutenak narriadura fisikoa, soziala eta kognitiboa prebenitu eta geldiaraztea autonomia sustatuz, eta, aldi berean, adinekoendako topagune bat osatzea.
‘Martxan’ programan, zehazki, ariketa fisikoa eta memoria-jarduerak uztartzen dira; gaur Herritarren Aferen Batzordeak horietako bat bisitatu du. Jarduera horiek guztiak arlo soziosanitario edo sozialeko langileek zuzentzen dituzte hiriko auzoetan.
Halaber, jarduera atal honen barruan, adinekoei bereziki zuzendutako Udalaren kirol-eskaintza guztia aurkitu daiteke, besteak beste, atari zabaleko gimnastika hiri osoko parke eta plazetan banatutako 26 hiri-gimnasioetako batean, yoga, aerobica edo osasun-ohituren jarraipena –ekimen horren helburua da ariketa fisikoa neurtu eta saritzea, elikaduran, ariketan eta ongizate emozionalean oinarritutako azturak sortuz–.
Etxez etxeko zerbitzuak
‘Iruñeak zaintzen zaitu’ programaren beste alderdi garrantzitsu bat, hain zuzen ere, zaintza da; Udalak zerbitzuak eta zainketak eskaintzen dizkie adineko pertsonei edo beharrak dituztenei, eta, askotan, etxeetan bertan eskaintzen dira. Hain zuzen ere, Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzua (EELZ) da pertsona horiei guztiei arreta emateko Udalaren tresna nagusia, eta babes soziala eta laguntza pertsonala, etxeko lanak egiteko laguntza eta errehabilitazioa eskaintzen dizkie. Horrela, EELZk, zuzenean langile baten laguntzaz gain, honako hauek eskaintzen ditu: etxez etxeko elikadura zerbitzu bat, laguntza teknikoak emateko zerbitzu bat (ohe artikulatuak, gurpil-aurkiak...) eta etxez etxeko garbitegi-zerbitzua, besteak beste.
Hala ere, udal-eskaintza haratago doa, besteak beste, ‘Igo eta jaitsi’ ekimenarekin. Zerbitzu hori laster martxan jartzea aurreikusten du Udalak, eta mugikortasun murriztua duten pertsonei eta zaintzaileei etxetik irtetea eragozten edo zailtzen dieten oztopo arkitektonikoak gainditzen lagunduko die. ‘Iruñeak zaintzen zaitu’ programak ‘Beti norbaitekin’ ekimena ere barne hartzen du, zeinak La Caixa Fundazioarekin elkarlanean, laguntza eskaintzen baitu bakardade-egoerak ekiditeko.
Hiriko auzo guztietan banatuta dauden Iruñeko Udaleko Auzo Unitateek duten zeregina funtsezkoa da horrelako beharrak antzemateko eta eskatzaileak premia horietara hobekien egokitzen diren zerbitzura bideratzeko. Azken batean, herritarrak gizarte-zerbitzuetan sartzeko atea dira.
Udalaren eskaintza osoa duen webgunea
Udaleko zerbitzu guztiak eskuragarri izateko tresna erraz gisa, Udalaren webguneak atal berezi bat du programa horretarako, https://www.pamplona.es/pamplonatecuida, non adinekoei zuzendutako neurri guztiak biltzen baitira. Bertan ere jasotzen dira Udalaren laguntza, dirulaguntza eta prestazio nagusiak, hala nola jantoki sozialerako edo aisialdiko eta denbora libreko jardueretarako laguntzak irabazi-asmorik gabeko elkarte eta entitateendako, esaterako erretiratuen klubendako.
Helburu berarekin, Udalak liburuxka bat argitaratu du, zentro komunitarioetan, klubetan eta gainerako interesguneetan banatu dena, adinekoek eskura dituzten baliabide guztien berri izan dezaten. Baita Adinekoen Udal Kontseiluan ere, hiriko partaidetza-organo nagusian; horrek herritarren eta Udalaren arteko ideien eta proposamenen trukea sustatu nahi du, hiria bizigarriagoa eta adinekoek gizartean duten eginkizunaren jakitunagoa izan dadin, eremu guztietan egiten dituzten ekarpenak entzunez.