Udalak ‘Iruña Quiz’ abiatu du, hiriburuari buruzko galdera-jokoa, tokiko turismoa sustatzeko Gabon hauetan zehar

Udalak ‘Iruña Quiz’ abiatu du, hiriburuari buruzko galdera-jokoa, tokiko turismoa sustatzeko Gabon hauetan zehar
Asmatzen dutenen artean 125 sari zozketatuko dira, besteak beste, otorduak jatetxeetan, egonaldiak hoteletan eta txangoak Nafarroan barna
Tarjeta de juego

Gabonetan ‘Iruña Quiz’ jokoa abiatuko da eta Udalak, erronka parte-hartzaile horren bidez, tokiko turismo segurua sustatu nahi du eta ostalaritzari babesa eman nahi dio bereziki zailak diren garaiotan. Eta hori guztia, modu dibertigarri eta didaktikoan, galdera-joko horrek aukera emanen baitie parte hartu nahi duten guztiei hiriko artearekin, historiarekin, parkeekin, kulturarekin, festekin eta ohiturekin loturiko gaiak ezagutzeko. Egunero, abenduren 24tik urtarrilaren 5era, gai horien inguruko galderak botako dira jokoaren webgunearen bidez, Iruñeko Udaleko turismoko sare sozialen bidez –@visitpamplona–, ‘Pamplona-Iruña’ mugikorrerako app-aren bidez eta baita tokiko hedabideen bidez ere, eta asmatzen dutenen artean 125 sari zozketatuko dira, horien artean, hiriburuko jatetxeetan bazkariak edo hoteletan egonaldiak, edo Nafarroako beste leku batzuk ezagutzeko txangoak.

‘Iruña Quiz’ adin guztietako pertsonendako da, eta bereziki pentsatuta dago familia edo lagunartean jolasteko. Egunero bost galdera botako dira –hiriko produktu turistikoei dagozkienak– honako atal hauetan: Arte eta Harresiak, Historia eta Donejakue bidea, San Fermin, Parkeak, lorategiak eta Gastronomia, eta Kultura. Guztira, jokoak 65 galdera ditu, hiru zailtasun-mailatan: erraza, erdikoa eta zaila. Proposamenaren dinamikak aukera ematen du aisialdikoa eta didaktikoa den jarduera bat egiteko, herritarren gehiengoak turismoari eskaintzeko denbora libre gehiago duen egunetan, eta modu seguruan egiten du, ez baitu esan nahi leku itxietan egon behar dutenik, birusa hedatzeko gainazalekin kontaktua izan behar dutenik, ezta beste pertsonengandik gertu egon behar dutenik ere.

Parte hartzeko modu desberdinak, guztiak oso metodologia errazarekin

Erronkak egunero argitaratuko dira Iruñeko Udaleko turismoko sare sozialetan –@visitpamplona–, Twitter-en, Facebook eta Instagram-en; ‘Iruña Quiz’ webgunean (www.pamplona.es/turismo/quiz), eta ‘Pamplona-Iruña’ mugikorretarako aplikazioan. Azken horrek barne hartuko du euskarri hori erabiltzen duten parte-hartzaile guztiek asmatutako erantzunen sailkapena, eta horrela bakoitzak ikusi ahalko du une bakoitzean besteekiko zer tokitan dagoen. Halaber, galderak Nafarroan argitaratzen diren bi egunkarien bidez hedatuko dira (Diario de Navarra eta Diario de Noticias) eta baita Navarra Televisión-eko mikrosaio batean ere.

Egunero hedatuko diren galderen txartelak eskura egonen dira Iruñeko Turismo Bulegoan eta Ultreia Donejakue bidearen Interpretazio Zentroan, eta bertan erantzunak uzteko kutxatilak izanen dituzte. Parte-hartzaileek txartelak han bertan bete ahalko dituzte edo dagoeneko erantzunda eramana, egunkariek egunero argitaratuko dituzten ebakinetan. www.pamplona.es/turismo/quiz webgunearen edo ‘Pamplona-Iruña’ mugikorrerako app-aren bidez parte hartzen dutenek, erantzunak online eman ahal izanen dituzte, inora joan beharrik gabe. ‘Iruña Quiz’ jokoan egunero parte hartu daiteke, edo zenbait erronka aldi berean gaindi daitezke, behin horiek proposatutakoan.

Hoteletan egonaldiak, bazkari edo afariak eta txangoak Nafarroan barna: 125 sari bitarte

Gutxienez hiru galdera zuzen dituzten txartela guztiak edo onlineko partaidetzak, betiere urtarrilaren 10a baino lehen entregatzen badira, azken zozketa batean parte hartuko dute eta 125 sari banatuko dira, horien artean: 96 bonu 2 edo 4 lagunendako bazkari zein afarietarako Iruñeko jatetxeetan, gau bateko 20 egonaldi hiriko hoteletan eta 3 txango-pakete Nafarroan barna. Zozketa urtarrilaren 15ean izanen da eta irabazleak jakinaraziko dira Iruñeko Udaleko turismoko sare sozialetan, @visitpamplona-n, Twitter-en, Facebook eta Instagram-en eta ‘Iruña Quiz’ jokoaren www.pamplona.es/turismo/quiz webgunean.

Esperientzia oso bat, galderak erantzuteko bisita gidatuak barne hartzen baititu

Gabonetan, abenduaren 24tik urtarrilaren 5era, Iruñeko Udaleko Turismo Zerbitzuak martxan jarriko ditu doako bisita gidatu tematikoak, ‘Iruña Quiz’ jokoan proposatutako galderak erantzuteko xedez. Proposamen tematikoak dira, historia eta Donejakue bidea, artea eta harresiak, eta parke eta lorategien ingurukoak, eta horietan ere jorratuko dira Iruña eta sanferminen arteko etengabeko lotura eta kultura.

Bisitak egunero hiru txandatan eginen dira, bi goizez –10:30ean, 12:00etan–, eta beste bat arratsaldez, 16:30etik aurrera. Osasun neurri gisa, bisita bakoitzean 11 pertsona bakarrik parte har dezakete, beraz beharrezkoa da aurrez izena ematea Iruñeko Udaleko turismoko erreserbak egiteko webgunean: https://ayuntamientopamplona.sacatuentrada.es/.

‘Iruña Quiz’-en proposamenen bidez, turistek ere aukera izanen dute azken hilabeteetan Iruñeko Udalaren turismo webguneak (pamplona.es/turismo) eta ‘Pamplona-Iruña’ aplikazioak izan dituzten berrikuntzak eta hobekuntzak ezagutzeko. Lehenengoak diseinua hobetu du eta eduki berriak gehitu ditu; horien artean, sanferminen historiari buruzko atzera begirako atal bat aurki daiteke, 1984tik aurrerako festak iragartzeko kartelak biltzen dituena. Halaber, dagoen informazioa lau hizkuntzatan eskaintzen du (gaztelania, euskara, ingelesa eta frantzesa). ‘Pamplona-Iruña’ appa-a ere berritu egin da: hiriko kultur agenda osoa sartu dute, eta aukera dago PIC txartela deskargatu eta baliabide turistiko eta bisita gidatuendako sarrerak lor daitezke. Gainera, ibilbide berriak gehitu dira parke, harresi, Donejakue bidea edo San Fermín festen inguruan.

 

¿Te ha sido útil esta página?