Udalak Iruña loretan jaialdian batu ditu hiriko naturaz eta berdeguneez gozatzeko aurreko urteetan diseinatutako ekimenak

Udalak Iruña loretan jaialdian batu ditu hiriko naturaz eta berdeguneez gozatzeko aurreko urteetan diseinatutako ekimenak
Bisita gidatuak, kontzertuak, erakusketak eta ekimen gehiago egongo dira Iruñeko bioaniztasun oparoa ikustarazteko

Udalak Iruña loretan jaialdia antolatu du udaberrirako, herritarrak hiriko naturaz eta berdeguneez goza daitezen, bisita, kontzertu, erakusketa eta beste ekimen batzuen bidez, betiere horiek guztiak Iruñeko bioaniztasun oparoa ikusarazi eta nabarmentzera bideratuko direlarik. Martxoaren 22tik maiatzaren 12ra, hogei jarduera baino gehiago antolatu dira, programa bakar batean batuz bazeuden beste ekimen batzuk, Naturart, komunitate-baratzeak, basoko harribitxiak eta koloretako auzoak besteak beste; horrela batasuna emango zaie, elkarrekiko osagarriak izango dira, eta herritarrei hurbilduko zaizkie.

Iruña loretan gaur aurkeztu dute prentsaurrekoan Mikel Baztan Udaleko Parke, Lorategi eta Berdeguneetako zuzendari teknikoak eta María Bezunartea Turismoko zerbitzuko zuzendariak. Jarduerak guztiak doan izango dira, eta Udalaren webgunean (www.pamplona.es) kontsulta daitezke. 

Iruñeko bide publikoetan 3.200.000 metro koadro baino gehiago berdeguneak dira. Zenbait eremutan, gutxi gorabehera 250.000 metro koadrotan (Taconera, Redin...), udal-langileak arduratzen dira mantentze-lanez; eta gainerakoa, ia 3 milioi metro koadro jotzen duten berdeguneak eta 60.000 zuhaitz, kanpoko kontrata-enpresek zaintzen dute, betiere udal-langileen zuzendaritzapean eta haiek gainbegiraturik.

Iruña loretan jaialdiak hiriko Turismoko Plan Estrategikoarekin bat egiten du, horretan turismo jasangarriaren aldeko apustua egiten den aldetik. Halaber, iruindarrei zein bisitariei begira egindako proiektu bat da, eta lau udal-alorren arteko elkarlanaren ondorio: Hiri Bizigarria, Turismo, Hiri Ekologia eta Kultura.

Sei giltzarri
Iruña loretan jaialdia sei sail handitan egituratu da: basoko harribitxiak, koloretako auzoak, naturart, iturri loredunak, parke handiak eta loreak kausa baten alde. Lehengoak, basoko harribitxiak deiturikoak, herritarrei erakutsi nahi dizkie, haietaz goza daitezen, hiriko natur inguruneak eta ezkutuan dauden altxor botanikoak, adibidez, orkideak eta bertoko landare sorta handia, horrela funtsezko bide bat urratuz horien zaintza bultzatze aldera. Hori horrela, martxoaren 22tik aurrera bisita gidatuak egingo dira interesgarriak diren berdeguneetara, loraldiak aurrera egin ahala eta horren arabera iragarriko direnak.
 
Koloretako auzoak hirian barna auzolanean sortutako lorategi eta baratzeak dira, eta xede dute auzoak engaiatzea labore-lanetan, horien edertasunean eta parte-hartzean, horrela gune biziak sortzeko. Apirilaren 5ean jendaurrean aurkeztuko dira lorategi berriak, Iturramako Civivoxean. Egindako prozesuaren berri emango da, eta aurten Milagrosa-Arrosadia-Azpilagañan auzolanean egindako lau lorategi bizikorretako lehenbizikoa bisitatutako da. Lau horiek bat egiten dute herritarren eta eskola umeen artean egindako beste zazpirekin, iaz hiriko zenbait eremutan egin baitziren holakoak: Iturrama, Sanduzelai, Ermitagaña, Erripagaña, Mendillorri, Arrotxapea eta Zabalgunea.

Sail honen barruan ere, maiatzaren 6tik 12ra, Baratze irekien astea izango da, eta jarduera irekiak egingo dira Alde Zahar, Txantrea, Donibane, Mendebaldea-Ermitagaña eta Arrotxapeko komunitate-baratzeetan. Aste hori ere tokiko saltokiei eskainiko zaie nolabait: auzoko loradendetan zenbat jarduera egingo dira eta erakusleihoak sorpresa loredunez apainduko dituzte.

Naturart delakoa da jarduera sorten hirugarren sail handia; Ziudadelako lubanarroetara eramango du berriro lorategi iraungikorren jaialdia, non Bigarren Hezkuntzako 15 ikastetxeren eta parte hartu duten Iruñerriko hamar udalerrietako lorezaintza publikoko taldeen artean klima-aldaketaren inguruan egindako lana aurkeztuko baita. Aurtengo proiektuak apirilaren 12an, ostiralarekin, aurkeztuko dira, eta hilabetez bisitatu ahalko dira Ziudadelako lubanarroetan, maketak Iturramako Civivoxean ikusgai egongo direlarik. Bi egunetan, apirilaren 12an eta maiatzaren 10ean, jarduerak egongo dira, material naturalez eta birziklatutakoez diseinu artistikoak zuzenean sortzeko.

Iturri loredunak eta beste proiektu batzuk
Iruña loretan jaialdiaren laugarren giltzarria iturri loredunak dira. Apirilaren 17tik maiatzaren 12ra, Merindadeen, Vianako Printzearen zein Askatasun plazetako iturriak eta Yamaguchi parkeko errezelak seinaleztatuko dira, herritarrek bertan hazten diren askotariko loreen barietateak ezagutu ditzaten eta uraren eta loreen garrantziaz ohartu daitezen.

Bosgarren sailak hiriko parke handiak ditu ardatz, eta horiek ezagutu eta gozatzeko jarduera-egutegia prestatu da. Izan ere, goizeko bisita gidatuak prestatu dira apirilaren 20 eta 27an (larunbatak) Belle Epoque delakoaren Taconera eta Media Luna parkeetara, hurrenez hurren. Maiatzaren 4an Yamaguchiko parkea eta Galaxiaren lorategia bisitatuko dira, Izarren bidea egiteko, eta maiatzaren 12an, Ziudadela eta Gaztelugibeleko parkerako bisita egingo da. 

Bi bisita horiez gain, bi kontzertu programatu dira maiatzaren 4 eta 11rako, lehena Galaxiaren lorategian, eta bigarrena, Taconeran. Jarduerok osatzeko ardo-dastaketa egingo da Pamplona Catedral hotelean, maiatzaren 10ean (ostirala), eta Blanca de Navarra hotelean, maiatzaren 11n (larunbata), biak ala biak 20:00etan.

Iruña loretan jaialdiko azken sailak Loreak kausa baten alde izenburua dauka, eta Udalaren lorategiak zaintzen dituzten gizarteratze zein laneratzeko eta enplegu babestuko entitateek egindako lana izango dute ardatz. Zenbait ekimen artean, apirilaren 23an, Liburuaren eta Lorearen egunaren karietara, lorategi bertikalak paratuko dira San Domingo, Zabalgune eta Ermitagañako merkatuetan, eta maiatzaren 6tik 12rako astean, enplegu babestuko entitatek egindako lorategiak. Aste horretan ere, entitate horien lorategi iraungikorrak ikusgai jarriko dira Kondestablen, San Bartolome bastioian, Guadalupeko bastioian eta San Domingo eskortetan. Maiatzaren 27tik aurrera, lorategi iraungikorrak ikastetxeetara eramango dira.

Iruñeko Udalak eskuorri bat argitaratu du, gaztelaniaz eta euskaraz, eta bertan dago jasota jarduera-egutegi osoa, bai eta hiriaren plano bat ere, jarduerak dagokien lekuan kokatuz. Eskuorria Udalaren webgunean (www.pamplona.es) ere dago eskuragarri. 

Irudia

Documentos adjuntos