Argiteriako, garbiketako, berdeguneetako, hiri-altzarietako eta zoladuretako gabezia eta arazoei buruzko abisu eta iradokizun larrienei ahalik eta azkarren erantzuna ematea da Iruña Brigada berriaren helburua. Iruñeko Udalak abisu garrantzitsuenak, gehienez ere, astebeteko epean konpontzeko ardura hartuko duen lantalde hori jarri du martxan. Cristina Ibarrola Iruñeko alkateak eta Óscar Esquíroz Hiri Kontserbazioko Alorreko zuzendariak gaur goizean aurkeztu dute udal-ekimen berria.
Hala, Iruña Brigadak, egun 010 herritarrendako arreta telefonoaren bidez, Udaltzaingoari egiten zaizkion abisuen bidez eta idatziz edo posta elektroniko aurkeztutako instantzien bidez mantentze-lanetako zerbitzuak biltzen dituen Alorrera heltzen diren galderak, abisuak, kexak eta iradokizunak bideratuko ditu. Abisu horiei heltzeko eta haien premia zehazteko, triaje-sistema bat ezarri da. Sistema horretan, inplikatutako udal-zerbitzuek berek zehaztuko dute, astean zehar jasotakoen artetik, zeintzuk lehenetsi behar diren, eta horrela, mantentze-lanetako udal-zerbitzu bakoitzeko taldeek hurrengo astean zehar nahitaez egin beharko dituzte. Horrela, herritarrekiko arretan modu kontzienteagoan sakondu nahi da, lanetan eraginkortasuna eta bizkortasuna uztartzen saiatuz.
Herritarrek iradokizun horiek helarazteko erabili ohi duten komunikabidea eta azkarrena 010 arreta telefonoa da. Urtean zehar, komunikabide horrek 5.000 kontsulta baino gehiago jasotzen ditu, besteak beste garbiketari, altzariei eta argiteriari buruz. Kopuru hori 010ean jasotzen diren abisu, kexa eta iradokizun kopuruaren % 50 eta % 60 artekoa da.
Batez ere, berdeguneak eta garbiketa
Hiri-kontserbazioko mantentze-lanei buruzko kontsulta gehienak Iruñeko berdeguneekin zerikusia duten gaiei buruzkoak dira (kasuen % 36,7); ondoren, bide publikoetako garbiketari buruzkoak (% 25,2); hiri-altzarien mantentze-lanei buruzkoak (% 15), eta hirian egiten diren obrekin zerikusia duten gorabeherei buruzkoak (% 14,8). Neurri txikiagoan bada ere, herritarrek argiteriari buruzko abisuak ere helarazten dituzte (010ean hiri-kontserbazioari buruz jasotako kontsulten % 6,1), baita eraikinei (% 1,9) eta aparkalekuei eta ibiei buruzkoak ere (% 0,4).
Herritarrekin komunikatzeko beste bideetako bat eskabideak dira, egoitza elektronikoaren bidez edo udal-erregistroetan aurrez aurre aurkezten ahal direnak. Komunikabide horren bidez jasotako iradokizun eta kontsulten azterketatik ondorioztatu da herritarrek garrantzi handiagoko gaiak jasota uzteko aurkezten dituztela eskabideak eta, horiek, askotan, garrantzi handiagoko jarduketei buruzkoak direla.
Urtero, Udalak bide horretatik kontserbazioari eta mantentze-lanei buruzko 400 kontsulta edo abisu inguru jasotzen ditu. 2022an, esaterako, 382 izan ziren. Horietatik guztietatik, 92k (% 24) lorategien eta berdeguneen mantentze-lanak eta kontserbazioa zituzten ardatz. Garbiketari buruz 55 (% 14,4) aurkeztu ziren, eta obrei buruz, 43 (% 11,25) Argiteriari (29), hiri-altzariei (25) eta beste hainbat gairi lotutako kontsultak ere egon ziren, hala nola udal-kontratak, Ebroko Konfederazio Hirdrografikoa eta ibai-parkea (115 guztira).
Dagokion zerbitzura bideratzea
Udal-erregistrotik edo 010 zerbitzutik datozen abisu horiek guztiak Hiri Kontserbazioko Alorrera iristen dira, eta zerbitzu desberdinetan barna banatzen dira, herritarrei helarazi beharreko balorazioaren eta erantzunaren zain. Arriskutsuak izan daitezkeen abisuak posta elektronikoz eta telefonoz bidaltzen dira. Antzeko prozedura jarraitzen dute mugikortasun urriko pertsonen irisgarritasunari buruzko abisuek eta premiazko abisuek, hala nola piztutako argiei, ur-ihesei edo iturri irekiei buruzkoak. 010 zerbitzutik datozen kontsultei erantzuteko epea astebetetik hiru astera bitartekoa da. Izan ere, kontsulten erdiak zazpi eguneko epean erantzun ohi dira, eta bi asteko epean % 80ari erantzuten zaie. Bide horretatik jasotako abisu, kexa eta iradokizunen ia % 100 hiru asteko epean erantzuten da, kontsulta horietan proposatutako lanak atzeratu egin badaitezke ere.
010 telefonoa eta eskabideak alde batera utzita, herritarrak ere Udaltzaingoarekin zuzenean jartzen dira harremanetan, herritarrendako nolabait arriskutsuak izan daitezkeen gabezien edo egoeren berri emateko. Iruña Brigadak Udaleko mantentze-lanetako zerbitzuak inplikatuko ditu, eta haiek beren lanaren zati bat lehenetsitako abisu horiei erantzuteko eta abisu horietatik eratortzen ahal diren lanak benetan egiten direla egiaztatzeko erabiliko dute.