Udalak irudi korporatiboa estreinatu du, eta baita ere, eduki gehiago dituen udal-webgune bisualagoa eta egoitza elektroniko berria, herritarrendako prozedura errazagoez

Udalak irudi korporatiboa estreinatu du, eta baita ere, eduki gehiago dituen udal-webgune bisualagoa eta egoitza elektroniko berria, herritarrendako prozedura errazagoez
Elkarreragina, erabilerraztasuna, elebitasuna eta teknologia berrietan erabilgarritasuna; horra tresna hauen lau giltzarriak

Gaur Iruñeko Udalak erakundearen irudi korporatiboa estreinatu du, bai hiriko armarri ofiziala bai izendapen ofizialak (Ayuntamiento de Pamplona / Iruñeko Udala) mantentzen dituen irudia; eta ikus-irizpide teknikoei dagokien bilakaera grafikoa jasotzen da, argitasun, garbitasun, ulergarritasun eta iraunkortasun handiagoa erdiestea helburu. Marka berriaren tipografiarekin batera, osagaiak eta espazioa berrantolatu dira, kolorea sartuta eta informazioa orekatzea lortuta. Bilakaera horrek legezko parametroak betetzea ahalbidetzen du, bi hizkuntza koofizialez bezainbatean.

Baina, gaurdanik, Udalak webgunea ere estreinatzen du, eduki gehiagoz, zerbitzu gehiagoz eta herritarrendako izapide errazagoz, erabilgarritasuna bultzatze aldera prozedurak errazten dituen egoitza elektroniko berriari lotuta. www.pamplona.es -n badago jada erabat berritutako webgune bat, estetika eta diseinuak eguneratuta dituen eta edozein gailu mugikorretik arazo gabe ikus daitekeen webgune harkorra; halaber, edukiak berrantolatu dira bisitariaren beharrei erantzuteko, eta horrek azkar eta erraz aurkitu ahalko du bilatzen duena, eta, baita ere, behar dituen Udalarekiko izapideak online, noiznahi eta nonahi, egin. Eta, aurrekoan ez bezala, eduki gehienetan euskaraz ere bisitatu ahalko den webgunea, eta datozen hilabetetan zeharo elebiduna izango dena. 

Joseba Asiron Iruñeko alkateak, Aritz Romeo Gardentasun, Berrikuntza eta Hizkuntza Politikako zinegotzi ordezkariak eta Txema Aguinaga webgunea berritzeko buru aritu den Animsa sozietate publikoko kudeatzaileak prentsaurrekoan aurkeztu dituzte hiru berritasun hauek. Alkateak bere mintzaldian azpimarratu duenez, “erakunde honetaz herritarrek duten irudiaren zati handia osatzen duten osagai hauek berritzeak Udala garai berrietara egokitu, eguneratu eta XXI mendeko komunikazio- zein irudi-parametroetara hurbiltzea du helburu”.

Logo berriak udal-armarria ezkerrean mantentzen du eta “Iruñeko Udala” hitzez laguntzen du, bi testutan, bata gaztelaniaz eta bestea euskaraz, marra gorri batek bereizita. Hautatutako tipografia Poppins delakoa da, sans-serif mota geometrikoa, eta aurkeztutako aldaerak atzealde zuri, beltz eta koloredunen gainekoak dira. “Adierazgarria, ezaguterreza, argia, bakuna eta koherentea den marka-irudia sortzen saiatu gara, Udala identifikatzeko-ikur izateaz gain onetsitako ordenantzak zein dekretuak betetzea ahalbidetuko duena.

Software librekoa den eta edukiak lau hizkuntzatan dituen ataria
Udalak 180.000 euro inbertitu ditu webgune berrian eta egoitza elektronikoan; Hiberus Tecnologíak –horretarako deitutako prozedura publikoaren enpresa esleipendunak– egindako garapen teknologikora eta Animsak egindako lanera bideratu da kopuru hori. Webgune berriak ordeztu du 2007tik gaurdaino abian izandakoa, herritarrendako, informazioa jasotzeko, izapideak egiteko eta hiriko agendako ekitaldiak ikusteko, erreferentzia-gune bilakatu dena. 2018an www.pamplona.es -k ikusitako 9,8 milioi orri gainditu zuen, hots, egunean batez beste 27.081 orri. Hala eta guzti, gaurdanik ikus daitekeen ataria abiapuntu bat da. Proiektua 3 urtetarako dago aurreikusita, epe horretan hobekuntzak eta erabilpen berriak gehituz joateko.

Atari berria Drupal teknologia erabiliz gauzatu da, software libreko eta kode irekikoa den eduki-kudeatzailea, erabiltzaile-komunitate aktibo batek garatu eta mantendua; eta horrek erabilpen berriak garatzeko bide emango du. Gainera, atari berriak Iruñeko Udalaren apustua mantentzen du A bikoitzeko erabilerraztasun-estandarrak betetzearen alde, eta lau hizkuntza: gaztelania eta euskara, eta turismo-edukiak zein hiriari buruzko informazioa ingelesez eta frantsesez. Gainera, sare sozialak barne hartzen ditu, horrela erabiltzaileei edukiak partekatzeko bide emanez.

Ataria diseinatzean, aurreko webgunean bisitatuena zer zen aintzat hartu da, hots, izapideak, albisteak eta agenda, atarian gune nabarmenduan kokatzeko eta horrela herritarrak zuzenean sartu ahal izateko. Horrela, ataria nabarmenduen eremu batez irekitzen da, egungo gaiez, eta jarraian bost ikur zabalgarri daude, 40 esteka jartzeko aukera ematen dutenak, webguneko beste horrenbeste eremutan sartu ahal izateko. Hemen gardentasunari, izapideei, herritarrendako arretari eta argibide praktikoei lotutako informazioa ere hartzen da barne. Albiste- zein agenda-eremuak eta webguneko beste eremu batzuekiko nabarmendutako esteka gehiagok ixten dute ataria.
 
Era ohikoagoan ere nabigatu ahal da. Webgunea bost ataletan banatzen da: Udala, erakunde-informazioa barne hartzen duena, bai alkate, Udalbatza eta gobernu-organoei buruz (Osoko Bilkura, Gobernu Batzarra...), bai udal-jardunari buruz (aurrekontuak, araudia...); hiria, Iruñeari buruzko informazioa, Plan Estrategikoa, biztanleen piramideak, etab.; turismoa, bisitariei hirian egiten duten egonaldia errazteko turismo-informazioa, bidaia nola prestatu, bisitatzeko gune nagusiak edo Pamplona-Iruña Card txartelari buruzko informazioa eta beste item garrantzitsu batzuk; gaurkotasuna, Udalak sorrarazten dituen albisteak, eskaintzen duen kultur agenda, prentsaurrekoak ikusteko aukera eta sare sozialetako timelinerako zein kontuetarako estekak; eta gaiak, nabigazioa errazteko prestatutako atala, baliabideak hamabi gai estandarretan banatuta eta gai bakoitzak esparru horretan Udalak eskaintzen dituen zerbitzuak, baita hautatutako gaiaren araberako agendako jarduerak, albisteak edo izapideak ere, barne hartuta. 

Egoitza elektronikoa errazago, intuitiboago, azkarrago eta eraginkorragoa
www.pamplona.es Atari berriaren atal garrantzitsua bere egoitza elektronikoa da, zeharo berrituta, erabilgarritasuna hobetzeko eta erabiltzaileek izapideak egitea ahalbidetzeko. Lan hori Animsak Difácil enpresarekin batera egin du.

Egoitza elektronikoaren erabiltzaileek egin nahi zituzten izapideak aurkitzeko zailtasunak zituztela antzeman zen, eta horientzat nabigazioa ez zela nahikoa intuitiboa. Horrela, erabiltzaileekin lan egin zen; testak, probak eta talde-lanak egin ziren, eta, horrela, zailtasun nagusiak ikurretan –ez oso adierazgarriak– eta izapideak sailkatzeko hizkeran –oso konplexua– zeudela egiaztatu zen.  Arazo horiek antzemanda, erabiltzaile-taldeekin aritu ziren berriro lanean, egoitza elektronikoan nabigatzeko eta izapideak egiteko era erabilgarrien eta intuitiboenak antzemateko. Emaitza: diseinu bakuneko ikur adierazgarriak, intuitiboak direnak, jartzea, eta izapideen sailkapen berri bat, intuitiboagoa.

Horrela, jendeak herritarra ala enpresa izan eta horren arabera bilatu ahal ditu izapideak, eta bigarren maila batean, bai gaika (errolda, etxebizitza, ibilgailuak, animaliak, zergak, etab.) ala beharren arabera, hots, izapideak erabiltzailearen bizi-egoeren arabera ere sailkatzen dira: Iruñera bizitzera etorri bada, seme-alabarik izan badu, familian desgaitasunik duen kideren bat badu, etab.

Izapideak kategoria berrietara egokitzeko, izapideak eta argibide-fitxak berriro sailkatzeko lana egin behar izan da. Halaber, egoitza elektronikoaren elebitasuna hobetzeko lan egin da: izapide guztiak itzuli egin dira, lehen bakarrik gaztelaniaz baitzeuden, eta dagozkien fitxak itzultzen ari dira. 
 

¿Te ha sido útil esta página?