Esan Iruña eta irribarre egin’ da Iruñeko Udalaren turismo-kanpaina berriaren lema, eta bisitak betikotzeko, apirilaren 9tik 24ra bitarte, Udaletxe plazan photocall handi bat egonen da argazki batean harrapatzeko hiritik ibiltzen direnen eta oroigarri bat eraman nahi dutenen edo sare sozialetan Iruñeko egonaldia partekatu nahi dutenen irribarreak. Eta gainera hiriko toki enblematiko batetik egiten ahalko da, hau da, sanfeminen hasieraren protagonista den plazatik.
Gaur goizean aurkeztu dira Aste Santuan hirian turismoa sustatzeko materialak. Besteak beste, “Zer egin, nora joan” liburuxka berria, Iruñean dauden baliabide bisitagarriei eta programatutako jarduera turistikoei buruzko irudi eta informazioarekin, eta beste hainbat elementu, hala nola, ostalaritzarako 50.000 paperezko mahai-zapiak. Aste hauetan, monumentu-, etnografia- eta museo-eskaintza eta eskaintza “berdea” indartu nahi dira, hirira bisita gidatuak eginez, Nafarroan edo beste hainbat tokitan zehar eguneko txangoak eginez, Iruñea abiapuntutzat hartuta, familiendako Donejakue bideko ginkana batekin, ardo eta pintxo dastaketekin edo kayakak alokatuz.
Gaur goizean Carmen Alba Turismoko zinegotzi bereziak eta Trip Navarra kultur jardueren enpresako Javier Aldunate, Iruñeko kultur jardueren enpresen ordezkari gisa, Aste Santu honetarako hiriko eskaintza turistikoaren ildoak aurkeztu dituzte. Sektoreko agenteak barne hartzen dituen proposamen multzoa da, Udalaren eta erakunde publiko eta pribatuen arteko lankidetzaren ondorioz. Besteak beste, honako hauek babesten dute kanpaina: Nafarroako Gobernuak, Iruñeko Hotelen Elkarteak, Nafarroako Ostalaritzako Enpresa Txikien Elkarteak, Nafarroako Ostalaritza Enpresaburuen Elkarteak, Iruñeko Katedralak, Iruñeko Planetarioak, Nafarroako Unibertsitate Museoak (MUN) eta hiriko kultur eta natura jardueretako enpresek, hala nola Northern Spain Travel, Feel Navarra, Iruñeko Gida eta Rutas Vivamus eta Trip Navarra.
‘Esan Iruña eta irribarre egin’ kanpainaren xedea da Iruña helmuga turistiko atsegin gisa biral bihurtzea @visitpamplona etiketa #EsanIruñaetairribarre egin traolarekin batera erabilita Helburua hiria harrera-, hurbiltasun.-lasaitasun- eta familia-gunea dela helaraztea da, natura-esparru batean eta publiko-mota ezberdinei zuzendutako esperientziekin.
Monumentuak, bisitak eta txangoak liburuxka bakar batean
Izan ere, Iruñeak monumentu-turismo eskaintza egonkorra du, hala nola Ziudadela, Katedrala eta hainbat tenplu. Eskaintza hori museo-proposamenek osatzen dute: Nafarroako Unibertsitateko Museoa, Ultreia zentroa, Oteiza Museoa, San Bartolome gotorlekua eta Occidens erakusketa. Baina, gainera, hiriak ibilbide seinaleztatuak ere eskaintzen ditu, hala nola, Entzierroarena, Donejakue bidea eta gotorlekuena, bai eta ardatz berde edo natura-ardatzak ere, Taconera edo Medialuna parke historikoak eta Ibai-parkea edo Galaxiaren lorategi berritzailea bezalako baliabideekin.
Bisita gidatuen jarduera guztia indartzeko, hiriak sasoiko jarduerak prestatu ditu egun hauetan bisitari eta auzotarrentzat. Aurreikuspenen arabera apirilaren 15, 17 eta 23an eginen da ‘Iruña, bidean lehena’ ginkana, taldekako asmamen proba, non pistak deszifratu beharko diren esaldi ezkutura iristeko. Familiei zuzendutako doako proposamena da, zeina Udaletxe plazatik hasi eta Frantziako Portalean, Katedralaren kanpoaldean, San Saturnino kalean, Santiago plazan eta Ultreia zentroan eginen baita. Talde bakoitza 15 lagunekoa izanen da gehienez ere, eta jarduera 18:00etan hasiko da eta 90 minutuko iraupena izanen du.
Ginkanak, escape street , aire zabaleko jokoak, kirol-proposamenak, bisita gidatuak eta txangoak hainbat hizkuntzatan xehetasunez jasotzen dira “Zer egin, nora joan” informazio-liburuxkan. Udal-atarianeta Turismo Bulegoan, hiria bisitatzen dutenek Iruñera bisita gidatuak eta hiriburutik irteera duten eguneko txangoak egiteko tiketak erosteko informazio guztia aurkituko dute, besteak beste Urbasa mendira, Bardeara edo Iratiko oihanera. Gainera, eskaintzaren artean, San Andres errotan kayakez gozatzeko aukera dago. Proposamen zabala, Udalaren eta sektoreko enpresen arteko lankidetza publiko-pribatuaren emaitza.
Gastronomia eta enologia erakargarri gisa
Turismo-inkesten eta Behatokiaren datuen arabera Iruñearen eta Nafarroaren erakargarrietako bat ongi jatearekin eta enologiarekin lotuta dago. Horregatik, apirilaren 9, 14, 15 eta 16an lau ardo nafarren eta hiru pintxoren dastaketa egitea aurreikusi da, Pamplona Food enpresaren bitartez.
Chez Belaguan (Estafeta kalea, 49) hasiko da, 19:00etan eta ardoaren hastapeneko dastaketa bat eginen da (zuri bat, gorri bat eta bi beltz), dastaketaren faseak kontuan hartuta: kolorea, usaina eta zaporea. Sumiller batek Nafarroako mahastizaintza eta ardogintza eremuei eta upategiei buruzko kontakizun bat eginen du, eta horrela taldeak erabilitako barietateei, egiteko moduei eta upategien kudeaketari buruz gehiago ezagutuko du. Behin ardoak dastatuta, hiru pintxo dastatzeko aukera izanen da. Jarduerak 25 euroko prezioa izanen du pertsona bakoitzeko, 60 eta 90 minutu bitarteko iraupena eta talde bakoitza gehienez ere 20 pertsonakoa izanen da.
Argibideak eta erreserbak
Jarduera hauei eta programatuta dauden gainontzekoei buruzko informazioa dagoeneko eskuragarri dago https://www.pamplona.es/promocionesturismo webgunean. QR kode baten bidez, gune digital horretara birbideratzen dira kanpainaren sustapen-materialak. Aldi berean, liburuxka eskuragarri egonen da formatu fisikoan Turismo Bulegoan eta hiriko hoteletan, bai eta formatu digitalean ere udal-webguneko Turismoko atalean.
Jarduera guztietarako tiketak eta sarrerak https://ayuntamientopamplona.sacatuentrada.es/ estekaren bidez eta, aurrez aurre, Udalaren Turismo Bulegoan dagoen totemean eskuratzen ahalko dira. Jarduera edo monumentu zehatzekiko interesaz harago, turismoa egiten dutenen eskura dago Pamplona Iruña Card txartela (PIC), hau da, museoak eta toki turistikoak bisitatzeko, ikuskizunetarako sarrerak erosteko edo dendetan deskontuak lortzeko deskontu globalak eskaintzen dituen txartel ofiziala. Doan deskargatu daiteke eta gutxienez % 10eko deskontua eskaintzen du prezioaren gainean edo opari-txartelak ostalaritza-establezimenduetan eta dendetan.
‘Esan Iruña eta irribarre egin’ digitalki
Udal-kanpainaren lehentasunezko hedapen-bidea sare sozialak dira, erabiltzaileengana zuzenean iristeko, edukiak biralizatzeko eta mezuaren hedapenean muga fisikoak alde batera uzteko modu bat baita. Jomuga nagusia, 30 urte inguruko bikoteak, 40 eta 60 urte bitarteko adin tartea eta hurbileko merkatuetako familia gazteak dira: Aragoi, Euskadi, Errioxa eta Frantziako hego-mendebaldea.
Argitalpen propioen eta posten bidez garatuko da eta internauten ikus-entzunezko parte-hartzea bilatuko du photocall erraldoiaren bidez (120 x 170 cm-ko tamainakoa), argazki enkoadraketa gisa eta bideo klipak egiteko balioko duena, hala, #EsanIruñaetairribarreegin traola erabilita aipamenak lortzeko kanpainaren hasieratik (martxoak 17) apirilaren 24ra bitarte. Hasiera batean, eduki horiek Udaleko Turismoko sareetarako dira @visitpamplona (Twitter eta Facebooken) eta @visit_pamplona Instagramen. Ekimen horrekin batera QR kode batez hornitutako kanpainaren irudia duten mahai-zapitxoak jarriko dira ostalaritza establezimenduetan.
Halaber, kanpaina Pamplona-Iruña App-aren bidez hedatuko da eta Turismo Bulegoaren barnealdeko eta kanpoaldeko pantailetan eta Udaletxeko mupietan (analogikoak eta digitalak) ikusgai egonen da. Aurreikusita dago promozioen buletin bat egitea Aste Santuko jarduerekin, kanpaina honetarako berariaz egindako bideo batekin batera