Udalak Ingurumen Hezkuntzako eskola-kanpaina berritu du, Haur Hezkuntzatik unibertsitatera arteko mailak barne hartzen dituzten 25 jarduera eta baliabide eskainiz

Udalak Ingurumen Hezkuntzako eskola-kanpaina berritu du, Haur Hezkuntzatik unibertsitatera arteko mailak barne hartzen dituzten 25 jarduera eta baliabide eskainiz
Jarduera gidatuak Ingurumen Hezkuntzako Museoan barna, Maleta ibiltaria, Ecozine jaialdia eta Museoa zeureganatu bezalako ekimenak daude eskaintzan

Iruñeko Udalak Ingurumen Hezkuntzako eskola-kanpaina berritu du 2019-2020ko ikasturterako, Haur Hezkuntzatik unibertsitatera arteko hezkuntza-etapa guztietara zuzendutako 25 jarduera eta baliabide eskainiz. Eskaintza horretan, Iruñeko Udalak jarduera hauek sartzen ditu barne: Ingurumen Hezkuntzako Museoko bisita gidatuak; Maleta ibiltariak; Ecozine nazioarteko zinemaldia; eta are Museoa zeureganatu ekimena, ikastetxeek beren ingurumen-lanak erakuts ditzaten aukera ematen duena.

Udalaren Ingurumen Hezkuntzako Lantaldeak bultzatutako Jasangarritasuna lantzen elkarrekin hezkuntza-programaren helburu nagusia da ikasleekin lan egitea manipulazio-esperientzien bitartez, jarrera jakin bat garatu dezaten hiri bizigarriago bat –ingurumenari, gizarteari eta elkarbizitzari dagokienez– lortzeari begira. Hartara, askotariko gaiak jorratuko dira, besteak beste, kontsumoa eta hondakinak, biodibertsitatea, zarata, mugikortasuna, aztarna ekologikoa, energia eta abar.

Doako erreserbak hemen: museoeducacionambiental@pamplona.es, 948149804 edo 948420984
Jarduera guztiak doan dira, aurretik erreserba egin behar bada ere. Gaztelaniaz zein euskaraz egiteko aukera dago. Erreserbak egin daitezke museoeducacionambiental@pamplona.es helbidera idatziz edo 948149804 edo 948420984 telefonora deituz. 2019-2020ko ikastetxe-kanpainako gida osoa educacionambiental.pamplona.es webgunean ikus daiteke edo esteka honetan: https://bit.ly/2jZUCRG.

Programa horretan jarduera gidatuak eskaintzen dira, Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza, Bigarren Hezkuntza, Batxilergo, Lanbide Heziketa eta Unibertsitateko ikasleei zuzenduta. Gainera, dibertsitate funtzionaleko taldeentzat berariazko proposamena dago. Jarduera hauek hiru urrats dituen prozesu bat aintzat harturik prestatu dira. Ardatza museoko bisita gidatua bada ere, ikasgelan ere lan batzuk egin behar dira aurretik zein ondoren, museoan jorratutakoan sakontzeko eta aberasteko. Jarduera gidatuak asteazken eta ostegunetan izanen dira, goizez, Ingurumen Hezkuntzako Museoaren ordutegiaren barruan.

Bestelako hezkuntza-baliabideak: erakusketak, akustikako ikasgela eta dirurik gabeko merkatuak
Bisita gidatuak honako hezkuntza-baliabide hauek osatzen dituzte: Maleta ibiltariak, Zinema eta ingurumeneko Nazioarteko Ecozine Jaialdiaren Gazte-atala, erakusketak, akustikako ikasgela eta dirurik gabeko truke-merkatuak, Museoa zeureganatu ekimenaz gain.

Maleta ibiltariak baliabide-sortak dira (neurgailuak, curriculuma aplikatzeko fitxak, etab.), gai zehatz bati buruzkoak eta hezkuntza-etapa bakoitzerako egokituak. Maileguan lagatzen dira, eta ikasgelan erabiltzeko gidak eta jarraibideak dituzte osagai. Lehen Hezkuntzan, kutsadura akustikoa, energia eta, lehen aldiz ikasturte honetan, eskola-baratzea dira lantzen ahal diren gaiak. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan, Motxila klimatikoen bidez hurbilduko zaizkie ikasleei klima-aldaketari eta energiari loturiko gaiak.

Zinema eta ingurumeneko Nazioarteko Ecozine Jaialdiaren Gazte-atala, DBHkoei zuzendua, hirugarren ediziora iritsiko da Iruñean. Izan ere,2020ko apirilaren 6tik 8ra, ikasleek ikusgai izanen dute mundu osoko egileek lehiaketan aurkeztutako ingurumen-film laburren sorta hautatua, eta lan irabazlea aukeratzeko bozketan parte hartzen ahalko dute. Proiekzioetan ingurumen-hezitzaileak izanen dira, sarrera labur bat eta bertaratuekiko solasaldi bat dinamizatuko dituztenak. Proposamen gehienak animaziozkoak dira, jatorrizko bertsioan, azpitituluekin, eta ikasgelan lantzeko didaktika-baliabideak dituzte lagungarri. Saioak doakoak dira, izena eman behar da aurretik, eta apirilaren 6, 7 eta 8an izanen dira, egunero bi saiotan, 10:00etan eta 12:00etan,  Iturramako Civivoxean (Ezkirotz k., 24). Lehiaketatik kanpo, iaz Ecozinea unibertsitate-esparruan hasi zen proiektatzen. Ikasturte honetan ekimena egonkortu eta zabaltzeko asmoa dago.

Museoa zeureganatu udal-baliabidea edozein hezkuntza-etapatan burututako ingurumen-proiektu eta lanen bozgorailua izatea nahi da. Museoak erakusketa-aretoa, 70 lagunendako lekua duen hitzaldi-aretoa eta lanerako ikasgelak dauzka, baita komunikabide- eta hedabide-bitarteko teknikoak ere, ikastetxe-komunitateendako eskuragarri.

¿Te ha sido útil esta página?