Kontsulta itzazu hemen irekita dauden ia 80 saltokien telefonoak

‘Merkatua zure etxera doa, zuk atera beharrik ez izateko’, horra Iruñeko Udalaren informazio-kanpainaren leloa. Haren bidez hiriko hiru udal-merkatuek erosketak etxez etxe banatzeko eskaintzen duten zerbitzua sustatzen du Iruñeko Udalak. Horregatik, bada, diptiko bat osatu du San Domingo, Zabalgune eta Ermitagañako merkatuetan irekita dauden 80 saltokien telefonoen berri emateko, bai eta beste zenbait argibide eskaintzeko ere, hala nola irekitzeko eta jendaurreko ordutegiak.
Diptiko hauek jendearengana helarazteko, gaur osteguneko Diario de Navarra eta Diario de Noticias egunkariei atxikita joanen dira, eta, halaber, eskuragarri egonen dira, ostegun honetatik San Domingo, Zabalgune eta Ermitagañako merkatuetan. Horrez gain, Nafarcorekin elkarlanean arituta, hiriko farmazietan ere banatuko dituzte. Informazioa www.pamplona.es/elmercadoencasa udal-webgunean kontsultatzen ahalko da, eta haren bidez bezeroek hautatzen ahalko dute zein merkatutara jo eta zer produktu erosi. Horrez gain, Udalaren sare sozialetan ere paratuko dute, ahalik eta pertsona gehienek ikus dezaten.
Udal-merkatu bakoitzak bere kabuz kudeatzen du etxez etxeko salmenta- eta entrega-zerbitzua, dela eskaera guztiak telefono bakar batean bilduta dela saltokietara banan-banan jota. Erosketak, bestalde, merkatuan bertan jaso daitezke, edo norberaren etxeetara bidal ditzakete. Diptikoak irekita dauden saltoki hauen berri ematen du: Ermitagañako merkatuko 5, San Domingoko merkatuko 26 eta Zabalguneko merkatuko 47. Egoera gorabehera, merkatuek produktu freskoen eta kalitate onekoen alde jokatzen dute, honako salgaietan: haragiak, barazkiak, frutak, ozpinetakoak, arrainak, ogia, arrautzak, esnekiak eta fruitu lehorrak.
Udalak gogora dakar udal-merkatuak zabalik daudela eta ohiko zerbitzua ematen dietela herritarrei. Merkatuetara bertaratzen diren bezeroen segurtasuna bermatzeko, indartu egin dira eremu komunen eta ukipen-elementuen garbiketa eta desinfekzioa, hala nola helduleku, erakusleiho eta abarrena. Halaber, bereziki babesten dira, plastikozko errezelekin, fruta eta barazkien saltokiak eta beste zenbait, produktu horiek kutsatzeko aukera ahal den gehien murrizteko.
Zabalguneko merkatuan eskariak egiteko, telefono, web edo whatsapp bidez
Zabalguneko merkatua astelehenetik larunbatera dago zabalik, 08:30etik 14:30era, eta ostiraletan zein festa-bezperetan, baita arratsaldeetan ere, 17:00etatik 20:00etara. Instalazioetara lau sarrera-ateetako edozeinetatik sar daiteke. Ostiral eta larunbatetan, jende gehiago joaten baita, merkatuak beretzat gordetzen du beste bi ate irekitzeko eskubidea jendearen sarrera kontrolatzeko; ate horiek Gorriti kaleak Amaia kalearekin bat egiten duen tokian eta Erriberri kalean daude.
Bezeroek telefonoz, whatsapp-ez edo beren ohiko saltokien web-en bidez egiten ahal dituzte erosketak, eta bertan emanen zaie erosteko eta banatzeko metodoen berri. Bakarrik informazio orokorra behar denean, 948 230 861 telefonora deitu daiteke. Egungo egoera dela medio, bidalketak doan egiten ari dira, Zabalguneko merkatuan ohartuta baitaude bezeroen, familien eta Iruñeko gainerako herritarren beharrez.
Higiene- eta osasun-zioengatik, merkatuko komun publikoak itxita daude eta eremu zein elementu komunen garbiketa 30 minutu oro indartu da; horrez gain, Nafarroako Gobernuak elikagaien salmentari buruz helarazitako aholku guztiak betetzen ari dira.
San Domingoko merkatuak arratsaldean bertan bidaltzen ditu eskariak
San Domingoko merkatua astelehenetik larunbatera egoten da zabalik jendaurrean, 08:00etatik 14:00etara. Osasun-krisi honen hastapenetik arratsaldez ixtea erabaki zuten, joan-etorriak ekiditeko eta oreka mantentzeko dekretatutako alarma-egoeraren eta herritarrak hornitzeko beharraren artean. Merkatura Mañueta kaletik eta Santiago plazatik (Udaletxearen atzeko partetik) sar daiteke. Bigarren eremu horretan sortzen den ilara supermerkaturako sarrerak eragiten du, eta ez merkatuko saltokietara sartzekoak. San Domingoko Merkatura Santiago plazako atetik sartzen direnek eskuin aldeko eskaileretatik jaitsi beharko dute behe aldeko saltokietara.
Bezeroen erosotasuna hobetzeko, San Domingoko merkatuak etxez etxeko erosketa-zerbitzua indartu du, eta bidalketa doan da eskaria enkargu guztiak baturik 50 eurotik gora bada. Hori baino gutxiagokoa bada, bidalketa-kostua 7 euro izanen da. Bidalketa-eremuak eta herrien zerrenda Facebook-en dago kontsultagai. Telefonoz ere egin daiteke erosketa, eta gero bila joan, itxaron beharrik gabe, kutsatzeko arriskuak ederki murriztuta.
Eskariak egiteko lanpostu bakoitzera deitu behar da, bertan erosteko, eta baieztatu behar da, halaber, merkatuko saltoki gehiagotan enkargurik egin behar den. Ordainketa banaka egin behar da saltoki bakoitzean txartelaren zenbakia emanda. Merkatariek beraiek biltzen dute bezero bakoitzaren eskaria, eta banatzailea 13:15ean abiatzen da bere ibilbidea egitera. Dena ondo bidean, 18:00ak baino lehen egonen da jada eskaria bezeroaren etxean, baina berandutzea ere gerta daiteke zerbitzu honetan eskaera-maila handia dagoelako egunotan.
Ermitagañako merkatuak telefono mugikor batean zentralizatu ditu enkargu guztiak
Ermitagañako merkatuak aurrera jarraitzen du bere lanarekin ohiko ordutegian. Astelehenetik larunbatera egoten da zabalik, 08:00etatik 14:00etara, eta ostegun zein ostiral arratsaldeetan, baita ere, 17:00etatik 20:00etara. Aparteko egoera honetan erosketa era bateratuan egin eta etxez etxe banatzeko zerbitzu bat abiatu dute, doan, merkatuaren inguruetan, hau da, Donibane, Ermitagaña eta Mendebaldeko auzoetan bizi eta mugikortasun-arazoak dituzten pertsonei zuzenduta. Eskariak 644 519 569 telefono zenbakian egin behar dira, eta enkarguak biharamunean entregatuko dira.
Merkatuak bere horretan mantentzen du enkarguak egin eta gero merkatuan bertan jasotzeko zerbitzua, bai eta saltoki bakoitzean zuzenean enkargatzeko aukera ere. Informazioa osoa Udalak udal-webgunean (www.pamplona.es) eta merkatuaren webgunean (www.mercadoermitagana.com) kaleratutako diptikoan kontsultatu daiteke. Merkatuak gogora ekarri nahi die bezeroei, San Domingoko merkatuan gertatzen den bezala, hemen ere sarrerako ilara osatzen ohi dutela instalazio berberetan dagoen supermerkatura erostera doazen pertsonek.