Aste honetan Iruñeko Udalak informazio-kanpaina bat abiatuko du Mugikortasuneko Ordenantza berria ezagutarazteko eta hirian mugitzen diren garraiobide ezberdinen bizikidetza sustatzeko. Kanpaina honako baliabide hauen bidez eginen da: etxe guztietako postontzietan utziko den diptikoa, araua laburbiltzen duen dosier zabala, sare sozialak, webgunea, hiriko autobus-geralekuetako markesinak, mupiak hainbat kaletan, bizikleta eta patinete elektrikoetarako txapak, zenbait villavesaren errotulazioa eta kartelak hiri-igogailuetan. Informazio-kanpaina elebiduna da, Udalaren araudiarekin bat, eta, euskarri horietako batzuetan, herritarrek Mugikortasun Zerbitzuari egiten dizkioten galdera ohikoenak jasotzen dira, arau-testuaren inguruan, baita sortzen ahal diren zalantza zehatzak kontsultatzeko aukera ere.
Fermín Alonso Proiektu Estrategikoetako, Mugikortasuneko eta Jasangarritasuneko zinegotzi ordezkariak ekimenaren xehetasunak eskaini ditu; izan ere, Iruñeko Udalak, ekimenaren bidez, herritar guztiei helarazi nahi die araudia, era praktiko, erraz eta zuzenean. Araudiak Iruña 30 hiri bihurtu nahi du, bizikleta eta patineteetarako mugikortasun-era berriak planteatzen ditu eta oinezkoen segurtasuna handitu nahi du.
Kanpainaren helburua da guztiek zer egiten ahal duten eta nondik joan jakitea, hirian barna mugitzeko moduaren arabera, eta eragina izanen du garraiobide guztiek bide publikoan izanen duten bizikidetzan; hortaz, elkar errespetatu beharko dute. Horregatik guztiagatik, lelo nagusi hauek aukeratu dira: 30 baino gehiagora joatea debekatzen duen ikurra, kolore berdean, Iruña 30 hiria testua eta Elkar errespetatuz esaldia ondoan dituela.
Euskarri ezberdinak zabalki erabiliz herritar guztiengana iritsi nahi da; izan ere, Iruñean barna mugitzeko era berriak herritar gehienei eragiten die. Erabilitako baliabide ezberdinek hainbat modutan sakontzen dira edukietan: batzuek oinarrizko argibideak ematen dituzte, aldaketa nagusiak ezagutu nahi dituztenentzat; eta beste batzuek edukiak gehiago azaltzen dituzte, xehetasunak sakonkiago ezagutu behar dituztenentzat.
72.000 diptiko banatuko dira postontzietan
Iruñeko herritar guztiengana iristeko, diptiko bat editatu da, eta 75.000 ale inprimatuko dira. Horietatik, 72.000 postontzietan banatuko dira izan ere, Udalak lehentasunezkotzat jotzen du herritar guztiek ordenantza berriko oinarrizko xehetasunak jakitea, Iruñeko Udalak egunero jasotzen dituen galderak direla-eta. Alde batetik, diptikoak irudi grafiko bat jasotzen du: ohiko egoerak islatzen dira, hiriko bide ezberdinetan ematen ahal direnak. Adibidez, pasealekuak eta ibai-parkea daude marraztuta; hor oinezkoek dute lehentasuna, eta A- eta B-motetako patineteak eta bizikletak ibiltzen ahal direla azaltzen dute irudiek; bizikletek bakarrik 1,5 m-ko tartea mantentzen ahal badute aurreratzen ahalko dituzte oinezkoak. Tarte hori ez badago, txirrindulariek bizikletatik jaitsi eta oinez aurreratu behar dute. Espaloietan ere oinezkoek dute lehentasuna, eta edonolako patinete elektrikok zein bizikletek bertan ibiltzea debekatuta daukate, bizikleten kasu honetan izan ezik, heldu batek edo bik 14 urtetik beherako adingabe bat lagundu baitezakete.
Infografiak, jarraian, bidegorria jasotzen du, non A- eta B-motetako patineteak zein bizikletak ibiltzen ahal diren, eta 50eko erreiak. Ordenantza indarrean dagoela, 50eko bideak lotura-bide handiak dira, bi errei dituztenak eta industrialdeetakoak. 69 dira guztira. Hor txirrindulariak ibil daitezke, errepidearen erditik; autoek abiadura doitu behar dute txirrindularienera, xaxatu gabe, hiriko gainontzeko kaleetan bezala. Ibilgailuek bizikletak aurreratzen ahal dituzte ezkerreko erreia erabiliz. Patinete elektrikoek bide horiek debekatuta dauzkate.
Iruñeak dauzkan 688 kaleetako 431n da 30 km/h gehieneko abiadura. Diptikoak hiriaren planoa hartzen du barne, non kale gehienak nolakoak diren eta horien banaketa jasotzen baita, 50 eta 20 km/h-ko bideen aldean. Bizikletek, B-motako patineteek eta ibilgailuek erabiltzen ahal dituzte 30eko kale horiek, eta errei bakarrekoak izanik, ezin zaie aurrea hartu bizikletei . A-motako patinete elektrikoak ezin dira ibili kale horietan. 20 km/h-ko bizitegi-kaleetan bizikletak, A- eta B-motetako patinete elektrikoak igarotzen ahal dira, ibilgailuekin batera. Azkenik, oinezkoen 114 eremu oinezkoentzat bakarrik utzi dira, lehentasuna baitute, eta horietan txirrindulariek ezin dute gainditu 10 km/h-ko abiadura.
Argibide gehiago kontsultarako dosierrean eta webgunean
Argibide gehiago emateko kontsulta-dosierra osatu da, ordenantzaren nolabaiteko laburpena dena. Hasieran aurkezpen labur orokor bat dago, eta zebrabideetan ikusgarritasuna hobetzeko aipamen bat, izan ere, zeharkatzen dituztenen segurtasuna handitzeko aurreko 5 metroetako aparkatzeko tokiak kenduko dira.
Jarraian, Ongi ibili lelo nagusia hartuta, hauek guztiak aipatzen dira: ibilgailu motordunak gidatzea; oinezkoak; patineteak, irristailuak eta gurpil-oholak; mugikortasun pertsonaleko ibilgailuak; hiri-igogailuak eta arrapala mekanikoak; eta bizikleten mugikortasuna. Amaitzeko, koadro batean laburbiltzen da non ibil daitekeen ibilgailu bakoitza, eta beste batean, MPIen ezaugarriak azaltzen dira, jabeek jakin dezaten zein motatakoa den beraiek dutena.
Ibilgailu motordunen atalean, nabarmentzen da oso garrantzitsua dela gidatzeko moduari eta abiadurari erreparatzea, beti, oinezkoen pasabideak errespetatzea eta hiri-garraio nahiz larrialdiekiko betebeharrak. Oinezkoei gogorarazten zaie lehentasuna dutela oinezkoen eremuetan, espaloietan, pasealeku eta parkeetan eta oinezkoen kaleetan. Patinete, patin eta gurpil-oholean dabiltzanei gogorarazten zaie ezin direla ibili galtzadan, ezta bidegorri ez-bereizietan ere, eta bizikleten abiadurara egokitu beharko dutela berea bizikleta-bideetan ibiltzen direnean, eta espaloietan barna ezingo dutela gainditu oinez dabiltzanen abiadura.
Hurrengo atala mugikortasun pertsonaleko ibilgailu (MPI) eta patinete elektrikoei buruzkoa da, eta gogorarazten zaie –baita ziklistei ere– zeinen garrantzitsua den zuk ikustea eta besteek zu ikustea, eta txaleko islatzailea zein aurrealdeko nahiz atzealdeko argiak erabiltzea. Mugikortasuneko Ordenantza berriak hiri-igogailuen eta arrapalen erabilera arautzen du. Azkenik, ordenantzaren ordenarekin bat, bizikleten mugikortasuna jorratzen da. Diptikoan bezala, egoeren errepasoa egiten da. Esaterako, aipatzen da oinezkoen pasabideak zeharkatzeko –patinete elektrikoek bezala– ibilgailutik jaitsi behar dela; ziklisten pasabideak, aldiz, ibilgailutik jaitsi gabe zeharkatu daitezke.
www.pamplonaciudad30.pamplona.es www.iruna30hiria.iruna.eus micrositea www.pamplona.es webgunearen bost atal nagusien artean paratu da, eta bertan liburuxkaren egitura mantenduta horren antzeko informazioa ematen da, hainbat botoiren bidez antolatuta, modu azkar batean interesekoa zaigun hori kontsultatzen ahal izateko.
Heriotza-probabilitatea harrapaketetan eta abiadurarekin duen lotura, eta zalantzak argitzea
Hala diptikoan nola dosierrean, markesinako karteletan eta mupietan, hiri-autobusen errotulazioan eta udal-webgunean grafiko baten bidez gogorarazten da 30 km/h-ko abiaduran heriotza-probabilitatea harrapaketetan % 10 dela, eta, aitzitik, 50 km/h-ko abiaduran % 85era igotzen dela. Hain zuzen, komunikazio-kanpaina honen xedea da gidariek mezu hori barneratzea. Hori dela eta behin eta berriz jartzen da indarra Iruña, 30 hiria leloan.
Halaber, dosierrean nahiz webgunean txertatu dira Mugikortasun Zerbitzuan jasotzen diren ohiko galderak, hainbeste zalantza eragiten dituzten kasu zehatz horiek argitzeko asmoz. Esaterako, argibideak eman dira Karlos III.aren etorbidean bizikletaz ibiltzearen inguruan, baita bizitegi-kaleetan patinete elektrikoz zirkulatzeari buruz ere. Xede berarekin, webgunean formulario bat txertatu da azalpen-testuan eta ohiko galderetan erantzunik jaso ez duten ordenantzaren inguruko galderak egin daitezen.
Presentzia sare sozialetan eta bost bideo
Era berean, kanpainak badu tokia Udalaren Facebook eta Twitter sare sozialetan; oraingoan, eduki babestuaren alde egin da, jo baita kanpainaren xede-publikoaren zati handi batek komunikabide horiek erabiltzen dituela. Hamar irudi diseinatu dira, beste hainbeste testuz lagunduta, mezurik garrantzitsuenak azpimarratzeko asmoz: 30 km/h-ko abiadura; nola gurutzatu oinezkoen eta ziklisten pasabideak bizikletaz eta patinete elektrikoaz; 5 metroko segurtasun-tarte berriak oinezkoen pasabideetan; espaloietan bizikletaz ibiltzeko debekua, salbu adingabeei laguntzeko bada, eta ibilgailuek nola zirkulatu behar duten ziklistak ez jazartzeko eta txirrindulariak aurreratzeko dituzten aukerak. Era berean, honako hauek ere jorratu dira: hiri-igogailuen erabilera; mugikortasun urria; eta ziklistek oinezkoei aurrea hartzea, parke eta pasealekuetan.
Bost bideo editatu dira ideia horiekin, sare sozialetan partekatu eta webgunean ikusgai izanen direnak. Bideoetan hiriko benetako irudiak ageri dira, eta ibilgailu, MPI, bizikleta, oinezko eta hiri-igogailuen erabiltzaileei zuzenduta daude. Azpitituluak dituzte, eta aukera ematen dute hirian barna mugitzeko modu berriak eskuragarri izateko, modu erraz eta bisualean.
Elkar errespetatuz, kanpaina laburtzen duten ideietako bat
Bestalde, kalean presentzia handiagoa izate aldera –kalean hartu behar baita aintzat Mugikortasuneko Ordenantza berria–, hiri-altzariak erabili eta 1,75 x 1,20 m-ko kartel handiak paratzeko hautua egin da, hala 50 mupitan nola villavesen 30 markesinatan. Horrez gain, hiru villavesa errotulatuko dira honako laburpen-ideia hauekin: Iruña, 30 hiria; Elkar errespetatuz; eta abiadurak duen garrantzia harrapaketek eragindako lesioen larritasunari dagokionez.
Kalean ibiltzen diren bizikletetan ere eginen da informazio-kanpaina. 1.000 txapa banatuko dira patinete eta bizikletetan matrikula gisa paratzeko, Elkar errespetatuz / Nos respetamos esaldiarekin, Iruñeko kaleak zeharkatzen dituzten garraiobide desberdinen arteko bizikidetza-jarrera gogoratzeko.
Azkenik, Mugikortasuneko Ordenantzak atal bat eskaintzen die, baita ere, hiri-igogailuei eta arrapalei. Hori dela eta, kartelak editatuko dira espazio publiko horietan, gogorarazteko, kasurako, mugikortasun urriko pertsonak lehentasunez sar daitezkeela, igogailu handietan, gehienez 2 bizikleta sar daitezkeela bidaia bakoitzeko, edo lagun egiteko animaliek lotuta eta muturrekoa jarrita joan beharko dutela, edo kutxa batean sartuta.
Argibide gunea Gazteluko plazan.
Egun hauetan, Mugikortasunaren Astearen harira, argibide gune bat paratu da Gazteluko plazan, eta bertan informazioa emanen zaie horra hurbiltzen diren herritarrei Mugikortasun Asteko jarduerei eta Mugikortasuneko Ordenantza berriari buruz, eta haiek plazaratutako zalantzak argituko zaizkie.
Gunea astelehenetik ostegunera egonen da zabalik, 18:00etatik 21:00etara, eta ostiral zein larunbatean, 11:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik 21:00etara. Arau-testu berria ezagutzera emateko xedez, lau hitzaldi antolatu dira. Udal-teknikariek emanen dituzte hitzaldiok, 18:30etik 20:30era bitarte, gaur, astelehenarekin, Kondestablearen Jauregian; asteartean, Iturramako Civivoxean; asteazkenean, Ingurumen Hezkuntzako Museoan (San Pedroko Monasterio Zaharra), eta, ostegunean, Sanduzelaiko Civivoxean.