Udalak ikerlan zientifiko bat sustatu du Iruñeko kaleetan hizkuntzak nola erabiltzen diren aztertzeko, hiriaren errealitate soziolinguistikoa zehaztasunez ezagutze aldera

Udalak ikerlan zientifiko bat sustatu du Iruñeko kaleetan hizkuntzak nola erabiltzen diren aztertzeko, hiriaren errealitate soziolinguistikoa zehaztasunez ezagutze aldera
Azterlana egiteko, 14 auzotako bide publikoan bat-bateko elkarrizketak eginen dira, eta hizketaldi horien behaketa zuzen eta sistematikoa egin eta erregistratuko da
Irudia
Irudia
Irudia

Iruñeko Udalak eta Soziolinguistika Klusterrak –euskara biziberritzeko ikergunea– lankidetza-hitzarmen bat sinatu dute gaur (astelehena) Iruñeko kaleetan hizkuntzen erabileraren IX. neurketa egiteko. Azterlan zientifiko horri esker, hizkuntzen benetako erabilerari buruzko datu objektibo eta eguneratuak lortzen ahalko dira hiriko egunerokoan. Hitzarmena honako hauek sinatu dute: Aitziber Campión Ganboa Hezkuntzako, Herritarren Partaidetzako eta Euskarako zinegotziak eta Imanol Larrea Mendizabal Soziolinguistika Klusterraren ordezkariak.

Ikerketa Siadeco taldeak abiatu zuen 1989an eta Euskal Kultur Batzordeak bultzatu zituen lehen edizioak. Segida historiko paregabea da, eta hiru hamarkada baino gehiagoko ibilbidea du. 1997tik Klusterrak koordinatzen du. Klusterra erreferentziazko erakundea da ikerketa soziolinguistikoari dagokionez, eta nazioartean aitortutako eta, besteak beste, Hizkuntza Aniztasunerako Europako Sareak (NPLD) zabaldutako metodologia garatu eta hobetu du.

Azterlana bide publikoan egindako bat-bateko elkarrizketen behaketa zuzen eta sistematikoen erregistroan oinarritzen da. Behatzaileek modu anonimoan erregistratzen dituzte erabilitako hizkuntza eta oinarrizko aldagai soziolinguistikoak –gutxi gorabeherako adina, sexua eta solaskide kopurua–, elkarrizketetan esku hartu gabe. Sistema horri esker, hizkuntzen ahozko erabilera errealaren informazio fidagarria lortzen ahal da, norbere pertzepzioari buruzko inkestetan ez bezala.

Aurtengo edizioan hobekuntza tekniko eta metodologikoak txertatu dira, hala nola 14 auzoetan barnako ibilbideak berrantolatzea 28 ibilbideren bidez, egungo hiri-errealitatera egokitu eta Nafarroako Estatistika Institutuko (Nastat) datu ofizialekin alderatu ahal izateko. Halaber, datuak biltzeko tresna digitalak erabiliko dira, eta eredu estatistikoak baliatuko dira errore-marjinak kalkulatzeko eta emaitzen adierazgarritasuna handitzeko.

Hitzarmenak 11.596 euroko (BEZa barne) aurrekontua dauka, eta ikerketaren diseinua, lantaldearen prestakuntza, landa-lana eta datuen tratamendua barne hartzen ditu. 

Ekimen horren bidez, Iruñeko Udalak tokiko errealitate soziolinguistikoaren ezagutzarekin eta ebidentzietan oinarritutako politika publikoen garapenarekin duen konpromiso instituzionala indartu du. Emaitzak tresna estrategiko gisa balioko dute Udalaren Hizkuntza-normalizaziorako Planaren esparruaren barruan sustapen- eta normalizazio-linguistikoko ekintzak diseinatu, ebaluatu eta doitzeko.

Neurketa euskal lurralde guztietan aldi berean egiten den ikerketa baten barruan kokatzen da, zeina funtsezko tresna gisa finkatu baita hizkuntza-aniztasuneko testuinguruetan hizkuntzen erabilera aztertzeko interesa duten erakunde, ikertzaile eta gizarte-eragileendako.

¿Te ha sido útil esta página?