
Iruñeko Udalak laginketa arkeologikoak jarriko ditu abian Barbazán Apezpikuaren Dorrean; katedralaren iparraldeko aldean dago dorrea, Kalonjeen Dorrearen orubean. Erdi Aroko Iruñeari buruzko informazio gehiago eskuratzea da helburua, zehazki, Navarrería hiriaren Erdi Aroko defentsari buruz. Hiriaren sorreraren 2.100 urteurrenaren programarekin lotutako egitasmoen barruan, lehenbizikoz, ikerketan ardaztuko da esku-hartzea eta ez da obra zibilekin lotuta egonen. Irailaren 23ra arte arituko dira lanean, eta indusketa irekia izatea da asmoa: dibulgazio-bisiten bidez, herritarrek bertatik bertara ikusten ahalko dute esku-hartzea.
Hala azaldu dute gaurko prentsaurrekoan Joseba Asiron Iruñeko alkateak eta Gestión Cultural Larrate SL enpresako Iñaki Sagredo Garde arkeologo eta indusketaren zuzendari teknikoak. Biek ala biek azpimarratu dute esku-hartze proaktiboa dela eta helburu duela ikerketaren bidez ezagutzea eta ezagutza horren balioa nabarmentzea; hain zuzen ere, horregatik da berezia esku-hartze hau, orain arte Iruñeko historia modernoko indusketa arkeologikoak obra zibilekin lotuta egon baitira (besteak beste, aparkalekuak, plazen saneamendua, etxebizitzen eraikuntza eta Kondestablearen jauregiaren eta beste eraikuntza publiko batzuen zaharberritzea).
Proposamenak Vianako Printzea erakundearen babesa du, eta aipatu duten moduan, herritarrei irekita egonen den esku-hartzea izatea da helburua, prozesua ikustera hurbiltzen direnei indusketa-prozesua eta ageriko ebidentziak eta aurkikuntzak azaltzeko. Asmoa da “hiriaren historia hurbileko ikuspuntu baten bidez azaltzea”. Osagarri gisa, indusketen azken egunetan dibulgazio-bisita gidatuak antolatzea aurreikusten da.
Ikertu eta egiaztatzeko lanak
Garai horretako oso hondakin gutxi daude gaur egun, izan ere, Karlos III.a Nobleak burguak banatzen zituzten barne-harresiak eraisteko agindu zuen, eta 1512tik aitzina, hiriko harresi gotortua eraberritzeko lanak egin zituzten ondoz ondo; horrek guztiak eraikin modernoak eraikitzea ekarri zuen. Zehazki, harresiaren kanpoalderantz dauden dorreak, hala nola Barbazán Apezikuarena, ia-ia suntsituta geratu ziren; lau angeluko dorreen eta dorre borobilen oinalde batzuk eta horma-zati txiki batzuk baino ez dira geratzen, horietako asko sotoetan.
Lanei dagokienez, 25 m2-ko eremu mugatua izanen da, eta haren gainean fotogrametria eta topografia teknikak baliatuko dira asteburu honetan, landuko den geruza geologikoa nolakoa den jakiteko. Hortik abiatuta, astelehenean laginketak hasiko dira, baina zailtasun nagusi bat izanen da: laginketaren teknika lohiz betetako eremu batean eginen da. Aurreikuspenen arabera, lau lagunek eginen dute lan mugarritutako eremu horretan. Lehen husturan gailu mekaniko txikiak erabiliko dira, eta geruza garrantzitsuagoak aurkitu ahala, tindu-eskuilak, krisketak eta eskuilak. Hala, langile espezializatuek eremua garbituko dute egun lurperatuta dauden egiturak ikertu eta, hala badagokio, egitura horiek sendotzeko.
Horrekin guztiarekin, Barbazán Apezpikuaren Dorrearen zimendatzea aztertzea da asmoa, Erdi Arloko gotorlekuaren tipologiaren funtsezko elementua baita. Halaber, hormako arku itsua aztertuko da, arku horrek Kalonjeen Atearekin bat egin baitezake. Era berean, eraikitzeko moduak aztertuko dira prozesuan, hala nola iltze mota desberdinen eta elementu aglutinatzaileen, erabilera, argamasa kasurako. Hori guztia aurkikuntzen araberako fitxa normalizatu, plano topografiko, argazki, marrazki eta bideoen bidez jasoko da.
Proiektuak materialak jaso eta katalogatzea barne hartzen du: laborategian eginen da, baina lanaren zati bat lekuan bertan burutuko da (erregistroa, siglen arabera antolatzea eta inbentarioa egitea). Araudiak ezartzen duen moduan, aurkitutako guztia Nafarroako Gobernuko Gordailu Arkeologikoari entregatuko zaio. Indusketetako aurkikuntzen azterketari eta liburutegi eta artxiboen berrikuspenari esker, Erdi Aroari buruzko irizpideak indartuko dira, gotorlekuei buruzkoak zehatz-mehatz; halaber, Erdi Aroko Iruñeari buruzko hutsuneak beteko dira, baita garai horretako informazioa osatu ere.
Nafarroako babes-eraikinak eta gotorlekuak
Kalonjeen Dorrearen eremuak, ustez eremu horretan irekitzen zen ateak eta Barbazán Apezpikuaren kaperak gotorleku modernoan ezinbestekoak diren bi gunerekin egiten dute bat: Labriteko bastioiekin (Arrotxapearen aurrean) eta Redingo bastioiekin (iparraldeko aldean); hain zuzen ere, azken horretatik Irulegi, Orarregi eta Garaña gazteluak ikusten ahal dira.
Iñaki Sagredo Garde arkeologoak duela urte batzuk ekin zion Nafarroako Erdi Aroko babes-eraikinak, gotorlekuak eta gazteluak aztertzeari; hain zuzen ere, egiten ari den doktorego-tesian horiek guztiak jorratzen ditu, eta gai horri buruzko lan ugari argitaratu ditu.