Iruñeko Udaleko arkitekturako eta arkitektura teknikoko langileek parte hartu dute ikastetxeetako patioak birnaturalizatzeari buruzko prestakuntza-saioan. Heike Freire Rodríguez espainiarrak gidatu du saioa: filosofoa, psikologoa, pedagogoa eta aktibista da; pedagogia berdea deritzona sortu zuen. Proiektu Estrategikoetako eta Mugikortasuneko Alorreko profesionalek hartu dute parte, horrelako zuzkidurak dituzten birmoldaketa-proiektuak idazteaz edo eskatu eta gainbegiratzeaz eta orokorrean hiri-espazio egonkortuen eta udal-eraikinen esku-hartzeez arduratzen diren langileek alegia.
Saio horretan, patioak fisikoki eraldatzeak ingurumenean eragiten dituen onurak ez ezik, esku-hartze horien alde pedagogikoa izan dute hizpide, hainbat hausnarketa egin ahal izateko: hala nola zein diren elementu eta gunerik egokienak hezkuntza-eredua lantzeko, eta horiek nola eragiten duten haurren garapenean.
2009an ekin zieten Hegoalde Ikastolako patioa erabat eraldatzeko lanei, eta hezkuntza-komunitate osoak hartu zuen parte obra horien diseinuan, parte hartzeko prozesu baten bidez. Ordutik beste hainbat ikastetxetako patioak birnaturalizatu dituzte. Oraintxe bertan, Iruñeko Udalak lanean dihardu San Jorge IP, Amaiur eta Iturrama ikastetxeetako patioen birmoldaketa "berdea” gauzatzeko, eta, Udalaren aurreikuspenen arabera, hiriko beste ikastetxe batzuetan ere lan-ildo berari jarraituko diote aurrerantzean.
‘Pedagogia berdearen’ hiruhilekoa
Freire Rodríguez nazioarteko erreferente bat da naturarekiko harremana oinarri hartuko duen hezkuntza-ereduaren oinarri pedagogikoak ezartzeko orduan. Helburua da ikasleek lurrari etekina atera eta horren onurak eskuratu ahal izateko eginbeharrei erreparatzea, eta horretarako, horrelako guneak sortu behar dira bai jolastordurako eta bai beste orduetarako ere, eta bizitza oinarri hartzen duen pedagogia egin behar da ikasgeletan.
Prestakuntza-saio horrek amaiera eman dio Udalak eta Heike Freire Rodríguezek hiru hilabetez halako saioetan eginiko elkarlanari. Hiruhileko osoan hainbat prestakuntza egin dira, ziurtagiridunak, Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeetako irakasleekin, eta baita ingurumen-hezkuntzan diharduten udal langileekin ere. Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuko Irakasleei Laguntzeko Zentroaren bidez ematen dira prestakuntza horien ziurtagiriak.
Gainera, Nafarroako Eskola Jasangarrien Sarearen lan-mahai batean ere parte hartu zuen Heike adituak abenduaren 17an, eta jasangarritasunerako hezkuntza ikastetxeetan egiten ari den bideari buruz hausnartu zuten. Pedagogia horrek balioak ikasgeletan sartzeko, ohiturak aldatzeko eta ingurumen-kontzientzia sortzeko orduan dituen zailtasunak eta orain arte egindako lorpenak izan zituzten hizpide.
Egitasmo hori Energia Trantsizioaren eta Aldaketa Klimatikoaren Estrategiaren barruan dago. Zehazki, 5. Helburu Estrategikoan (‘Klima-kultura ezartzea Iruñean’) eta ‘Klima-kultura ikastetxeetan’ ildo estrategikoan kokatzen da. Ildo estrategiko horretan sartzen da, besteak beste, ‘Eskoletako langileei (zuzendaritzakoak eta irakasleak) zuzendutako klima-aldaketara egokitzeari buruzko ezagutza hobetzeko prestakuntza-programa’.