Hirigintza Batzordeko eta Gerentziako kideek, Enrique Maya Iruñeko alkatea buru zutelarik, bisita egin dute Udala Azpilagañako Hontzaren plaza delakoan egiten ari den lanetara, Altzania Errekaren eta Ega Ibaiaren kaleen artean. Lan horien bidez plaza irisgarriagoa egiten ari dira, eta itxura atsegin eta erakargarriagoa ematen, zenbait berdegune eta apaingarri jarriz, horma-irudi bat barne, inguruari kolorea emateko. Proiektua Udalak, auzotarrek eta elkarte-ehunak birdiseinatu zuten, bi lantegitan mamitutako partaidetza-prozesu baten bidez, eta Milagrosako Hirian Jarduteko Plan Bereziari (HJPB) loturik dago.
Egiten ari diren lanen jomuga gunea goitik behera berrantolatzea da, betiere badauden eraikuntza batzuk mantenduta, hala nola pilotalekua eta plazako bi solairuko egitura hori, nolabaiteko behatokia osatu eta protagonismoa gordetzen duena. Pilotalekuko hormak erabat garbitu dituzte, eta jatorrizko eraikuntza agerian geratu da. Atzealdean horma-irudi bat egin dute, apaintzeko, itxura erakargarriago eta biziagoa emate aldera. Horma-irudirako gai gisara 1961eko irudi bat erabili da, Abejeras kalea berrurbanizatzen hasi zirenekoa, non lehen planoan ikusten baitira bazeuden etxeak, eta, hondoan, eraikitzen ari ziren etxebizitza berriak. Frontisa ere margotuko da, hareharria izan ezik. Ondoren, grafitien kontrakoko tratamendua emanen zaie hormei, ekintza bandalikoak saihesteko. Halaber, teilatu-hegal txiki batzuk jarri dira, ura ez dakin iragazi egiturara.
Egoteko leku berriak sortzea plazako txoko ezberdinetan eta inguruan
Begiratoki-egiturari dagokionez, kalteturik zegoen hormigoia kendu dute, armadurak garbitu eta berariazko morteroz berriz osatu. Lan horiek amaitutakoan, zorua eta sabaiak garbituko dituzte, eta egitura osorik margotuko. Haren alde bietan bi jardinera sortu dituzte, bertan jartzeko landare igokariak, eta horrela gozoago egiteko gunea.
Ega Ibaiaren kaletik gertuen eta altuen den euste-hormari garbiketa sakona egin zaio, jatorrizko gainazala lortzeko, eta oinarrian jardinera bat jarri zaio, egoteko lekua berriak integratuz. Eserlekuak jartzea aurreikusi da; zurezko oinarriak izanen dituzte, eta horrela abegitsu eta erosoagoa izanen da gune hori, zeinari erabilera berri bat emanen baitzaio. Jardineran landare igokariak ere jarriko dira, zaratak gutxitu eta plaza erakargarriagoa eginez.
Xede berarekin jardinera handi bat sortu da pilotalekuaren atzealdean, eta horretan landare jakin batzuk landatuko dira, bertan argiak ez baitu zuzenean jotzen. Horrela abegikorragoa izanen da txoko hori, eta erabilera berriak emanen zaizkio, gunea seguruago bihurturik.
Plaza zabalagoa, erabilera eta osagai berrietarako
Plazaren lurzoruari dagokionez, lehen zeuden plataformak eta mailadiak kendu dituzte, horrela goiko gunea zabaldu delarik, eta arrapala bat jarri da, Altzania Errekaren espaloitik sartzeko, plaza irisgarri egiteko alde bietatik. Arrapalaren malda % 6 baino zertxobait gutxiagokoa da, eta, hortaz, betetzen ditu indarreko irisgarritasun-arauek oinezkoen ibilibideetarako zehaztapenak; izan ere, horien arabera ez da arrapalatzat jotzen. 2,5 metroko zabalera dauka, horrela mantentze-lanetako ibilgailu txikiek ere erabiltzeko modukoa izan dadin. Goiko aldea zabaltzeak bide emanen du bertan haurrendako jolastokia edo helduendako gimnastika-aparatuak jartzeko, betiere auzoaren premien arabera.
Plazaren goiko alderako sarbideetan bi landare-azalera handi sortu dituzte, landare lur lodiera nahikoa dutenak bertan itzala emanen duten zuhaitzak landatzeko; horrela gerizpean egonen dira egoteko leku berriak, non eserlekuak paratuko baitira. Plazarako erabili den zoladura “a manta” hormigoi inprimatua da, behar besteko zimurtasuna baitu zoruak bete dezan egun irrisgarritasunari buruz indarrean den araudia.
Urbanizatze-lanak, auzoak geroan dituen beharrak asetzeko
Udalaren proiektuaren barruan ere, plazako hiri-altzariak aldatuko dira, eta iturri bat paratuko. Euri-urak jasotzeko sistema ere berritu dute, eta behar den argiteria publikoa zein ureztatze-sistema ere instalatu dituzte. Urbanizatze-lanek barne hartu dute, baita ere, zerbitzu batzuen aurre-instalazioa, horrela, etorkizunean egoki jotzen bada, komun publiko bat jartzen ahalko da egituraren ondoan, partaidetza-diagnostikoan jasotakoarekin bat. Halaber, diagnostiko-lan horrek taberna moduko bat proposatzen zuen, egindako urbanizatze-lanekin posible izanen litzatekeena.
Udalak eta auzotarrek prestatutako agiri horretan, arrapala-begiratoki egitura bat jartzeko aukera aipatzen zen, Altzania Errekaren kaletik Ega Ibaiaren kaleraino, bai eta igogailu bat jartzekoa ere; osagai horiek egindako urbanizatze-lanen ostean jar litezke. Orobat, egoki joko balitz, Altzania Errekaren kaleko aparkalekua ken liteke, oinezkoendako gune bihurturik, edo, kontrara, aparkatzeko toki berriak sor litezke, pilotalekuaren atzealdeko mailadia desagerraraziz. Horiek horrela, egindako proiektuak partaidetza-diagnostikoaren muina eta hartan zedarritutako irizpideak errespetatu ditu, diseinatutakoa ondorengo faseetan garatzen ahalko baita.