Udalak hitzarmenak sinatu ditu Sanduzelaiko eta Urdánoz etxe-multzoko hiru eraikinetan birgaitze-lanak diruz lagundu eta hobekuntza energetikoak eta hiri-ingurunekoak lortze aldera

Udalak hitzarmenak sinatu ditu Sanduzelaiko eta Urdánoz etxe-multzoko hiru eraikinetan birgaitze-lanak diruz lagundu eta hobekuntza energetikoak eta hiri-ingurunekoak lortze aldera
Udalaren inbertsioa 236.000 eurokoa da, eta zaurgarritzat aitortzen diren eremuak suspertzeko ekimenaren barruan kokatzen da

 

Iruñeko Udalak hitzarmenak sinatuko ditu urtea amaitu aurretik Sanduzelaiko eta Urdánoz etxe-multzoko hiru auzo-komunitaterekin, hiri-zaurgarritasun indize nabariak hauteman diren eremuetan. Horien bidez, birgaitze-lanak diruz lagunduko ditu, energia-eraginkortasuna hobetzeko, irisgarritasuna sustatzeko eta eremuaren hiri-ingurunea suspertuko duten hobekuntza estetikoak lortzeko. Hitzarmenetan jasota dator, baita ere, kredituak eskainiko zaizkiela errenta baxuak eta lanek eragindako gastuei aurre egiteko zailtasunak dituzten auzotarrei. Azkenik, Udalak, Birgaitzeko Bulegoaren bidez, auzo-komunitateei informazioa eta aholkularitza emanen die lanen espedienteak kudeatzen laguntzeko.

Guztira, hiru eraikinetako lanetara udal-aurrekontuaren 236.000 euro bideratuko dira. Hitzarmenak sinatuko dira Urdánoz etxe-multzoko 20. zenbakiko auzo-komunitatearekin, Sanduzelai kaleko 5. zenbakikoarekin eta Salva Doktorearen kaleko 1. zenbakikoarekin. Testuak Urdánoz etxe-multzoan (Etxabakoitzen) eta Gridillas etxeetako eremuan (Sanduzelain) birgaitze-lanak bultzatze aldera Udalak onetsi zituen esparru-hitzarmenen barruan daude.

Suspertze-lanak hiriko beste gune batzuetan

Iruñeko Udalak urteak daramatza hiria berroneratzeko jarduketak bultzatzen 50eko eta 60ko hamarkadetan etxebizitza sozialak eraiki ziren auzoetan, gainerako hiriarekin alderatuta hiri-kalitatean gabeziak dituztelako. Mota horretako aurreneko jarduketa XXI. mendearen lehenengo hamarkadan egin zen: Etxabakoitzen laguntzak eman ziren Urdánoz etxe-multzoko 20 eraikinetatik 16tan birgaitze-lanak egiteko.

Harrezkero, Iruñeko Udalak hiria berroneratzeko jarduketak bultzatu ditu, xede hartuta eremuko zenbait atari birgaitzea, modu koordinatuan eta aurrez programatuta, aldi berean Udalak berak hiri-ingurunea hobetzeko jarduketak sustatzen dituelarik. Erabilitako baliabide nagusia, espazio publikoan inbertitzeaz gain, lanak egiteko laguntzak ematea da; horretarako, esparru-hitzarmenak onartzea bultzatzen du, eta gero, auzo-komunitate bakoitzarekin hitzarmen zehatzak sinatzen ditu. Udalaren zuzeneko laguntza hauek Nafarroako Gobernuak ematen dituenen osagarri dira.


Esate baterako, azken urteetan, formula horren bidez eraikinak berroneratu dituzte Trenbideko kalean (horrez gain, ordenazioz kanpo zegoen eraikin bat eraitsi zuten), Lezkairuko zalduan eta Arrotxapean, Agur Maria zeharkalean. Hala, iaz eremu zaurgarrietako 8 komunitatek guztira 355.420 euroko laguntza jaso zuten. Era berean, hasiera batean 7 birgaitze-proiektu kalifikatu dituzte, zazpi eraikinetan egitekoak datozen urteetan, eta, aurreikusitako lanei ekinez gero, horiek egiteko laguntzak jasotzen ahalko dituzte.

Etxebizitza sozialeko eremu hauei laguntza emateko programak hiriko beste gune batzuk ere barne hartzen ditu, zeinetan espero baita ukitutako komunitateek birgaitze-lanak hastea. Hona gune horiek: Arrotxapeko Oscoz etxe-multzoa (bertan Udalak eraikin zahar bat eraitsi du jada, eta proposatu du lortutako espazio berri hori berrurbanizatzea); Sanduzelaiko etxe-uharte batzuk, palindromotik hurbil (eremu horiek urbanizatzea aurreikusita dago, Gridillas Etxeak eraistearekin batera); Txantreako San Migel kolonia, eta Sarrigurengo bideko etxea.

Komunitate bakoitzean lanak desberdinak izan arren, oro har, honako hauei aurre egiteko balio dute: isolamendu eza fatxadetan eta estalkietan, arotzeria eskasak, eta igogailu nahiz berogailu eza. Jarduketek eraikinen inguratzaile termikoa hobetzeko balio dute, dela energia aurrezteko ezaugarri egokiak eduki ditzaten, dela hiri-irudiari ongi hel diezaioten, gaurkotuta eta inguruko eraikinetan txertatuta egon daitezen. Halaber, igogailuak instalatzea bultzatzen du, bai eta oztopo arkitektonikoak kentzea eta eraikinaren instalazio komunak egokitzea ere, besteak beste, elektrizitatea, gasa, telekomunikazioak, eta abar.

100.000 edo 136.000 euroko laguntzak auzo-komunitate bakoitzari

Urdánoz etxe-multzoko 20. zenbakian, laguntza ekonomikoari esker fatxada eta estalkia birgaitu eta horien energia-eraginkortasuna hobetuko dute. Horrela, aurrerapausoak emanen dira Urdánoz etxe-multzoa suspertzen jarraitzeko, izan ere, bertako 20 komunitateetatik, 16k lanak hasi dituzte jada. Udalaren laguntza, gehienez ere, 136.000 eurokoa izanen da. Babesteko moduko aurrekontuaren % 40 diruz lagunduko da, gehienez ere, 120.000 euro. Diru hori lanak egitera bideratuko da, eraikinaren hiri-irudia hobetzeko eta egun duen inguratzaile termikoaren isolamendua handitzeko. Babesteko moduko aurrekontuaren % 25 diruz laguntzea aurreikusten da, 16.000 eurorekin, eraikinaren funtzionaltasuna edo egitura egokitzeko beharrezkoak diren lanetarako, adibidez, erakinaren instalazio amankomunetan.

Sanduzelai kaleko 5. zenbakiko eta Salva Doktorearen kaleko 1. zenbakiko eraikinei dagokienez, obrekin batera igogailuak ere paratuko dituzte. Atari bakoitzean dirulaguntza 100.000 eurokoa izanen da, gehienez ere. Udalak diruz lagunduko du aurrekontu babesgarriaren % 40 inguratzaile-termikoaren lanetarako (48.000 euro, gehienez ere), irisgarritasuna hobetzeko lanen % 25 (40.000 euro, gehienez ere), eta funtzionaltasuna edo egitura egokitzeko lanen % 25 (12.000 euro, gehienez ere).

Laguntza-bideak: dirulaguntzak, kredituak, aldamioen lagapena eta aholkularitza

Hitzarmenek ukitutako hiru komunitateetan, % 50eko aurrerakinari dagokion dirulaguntzaren ordainketa 4 hilabeteko epean eginen da gehienez ere, lanen % 50 egina dagoela justifikatzen duten agiriak aurkezten diren egunetik. Dirulaguntzaren gainerako % 50a Birgaitzeko Bulegoko zerbitzu teknikoek lanen azken berrikuspena egin eta ontzat eman ondoren ordainduko da. 

Gainera, Udalak jabeei eta erabiltzaileei udal-maileguak emateko aukera jasotzen du, betiere baliabide ekonomikorik ez badute eta, besteak beste, honako betekizun hauek egiaztatzen badituzte: etxebizitzan modu jarraituan bizi direla, ez direla ondasun higiezinen jabe aurreko 10 urteetan, eta haien diru-sarrera haztatuak direla Errenta Egokiagatiko Erosahalmen Nahikotasunaren Indizearen halako bat baino gutxiagokoak (ERREGEROSNA 1 baino gutxiago).

Halaber, Udalak birgaitze-laguntzei lotutako aldamio-zerbitzuaren bitartez ere laguntzen du: bere gain hartzen ditu aldamioak muntatu eta desmuntatzeko gastuak eta aldamioaren lagapena gehienez ere 120 egunez. Azkenik, Birgaitzeko Bulegoak aholkularitza-lanak eginen ditu, zalantzak argitzeko; esate baterako, obrak egiteko baldintza-orrien ereduak emanen ditu, eta banku-entitateekin lan egiteko formulak azalduko ditu.

Bestelako udal-laguntzak Iruñeko bizitegi-eraikinak berroneratzeko

Zaurgarritasun-arriskuan dauden eremu horietako hiri-berroneratze jarduketez gain, Iruñeko Udalak, hirian lehendik dauden eraikinen hobekuntza sustatze aldera, 978.000 euroz hornitutako dirulaguntza-deialdi bat du Alde Zaharreko eta Lehen eta Bigarren Zabalguneko eraikinak modu integralean birgaitzeko. Horrez gain, 40.000 euro jotzen duten beste bi laguntza-ildo ditu: bat, Alde Zaharra Lehentasunez Birgaitzeko Eremuaren barruan (XVIII. UI. Alde Zaharra) dauden eraikinen birgaitze-aurreproiektuak idazten dituzten teknikarien ordainsariak ordaintzeko, eta, bestea, hiri osorako Eraikinak Ebaluatzeko Txostenak (EET) idazteari lotuta egotz dakizkiokeen gastuetarako.

Azkenik, Udalak aurten laguntzak bikoiztu egin ditu bizitegi-multzoetan energia-eraginkortasuna, irisgarritasuna eta hiriaren irudia hobetzen duten Esku Hartze Orokorreko Proiektuak idazteko, eta ildoa 160.000 euroz hornitu du. Gerora, Nafarroako Gobernuak proiektu horiek onartu behar ditu, eta lanak egiteko dirulaguntza handiagoak jaso ohi dituzte, eraikin puntualetan egiten diren obretan baino.
 

¿Te ha sido útil esta página?