Udalak hitzarmenak sinatu ditu lau kirol federaziorekin COworkids programako jardueretan lagun dezaten

Udalak hitzarmenak sinatu ditu lau kirol federaziorekin COworkids programako jardueretan lagun dezaten
Nafarroako saskibaloi, xake, pilota eta futbol federazioek topaketak, prestakuntza-saioak, eta hastapen-ikastaroak antolatuko dituzte
Firma

 

María Caballero Gizarte Zerbitzuetako, Komunitate Ekintzako eta Kiroleko zinegotzi ordezkariak Nafarroako futbol, saskibaloi, euskal pilota eta xake federazioetako arduradunekin lankidetza-hitzarmen bana sinatu du, COworkids haur eta nerabeendako programako jardueretan parte har dezaten.  Hitzarmen horiei esker, prestakuntza-saioak eta hastapen-ikastaroak emanen dira, eta parte-hartzaileekin topaketak antolatuko dira.

Hala Udalak nola lankidetza-hitzarmenak sinatu dituzten federazioetako bakoitzak xede dute kirola eta nesken eta mutikoen arteko berdintasuna sustatzea eta, funtsean, eduki soziala duten jarduerak bultzatzea, diziplina horietako bakoitza jarduera horiek gauzatzeko plataforma gisa erabiliz. Horrela, helburu horiek bat datoz COworkids programak antolatzen dituzten jarduerek defendatzen dituztenekin, zeinen xedea baita aisialdi osasungarri eta askotarikoa sustatzea interes ezberdinak dituzten ahalik eta haur eta nerabe gehien artatu ahal izateko, bide horren bitartez babesgabetasun egoerak prebenitzeko.

COworkids programarekin lankidetzan hasi den lehen federazioa xakekoa da. Sinatutako hitzarmenak ahalbidetuko du entitate horrek, bere kirol-modalitatea sustatzeko jardueren artean, xakean hasteko ikastaroak eskaini ahal izatea; horietara joateko zortzi eta hemezortzi urte bitartekoek izanen dute lehentasuna. Egun, COworkids programak xake-taldeak ditu Iruñeko auzo guztietan. Federazioak eginen duen ikastaroa astean behin emanen da, ordu eta erdiko iraupena izanen du, eta euskaraz zein gaztelaniaz egiteko aukera izanen da. Auzoen arteko topaketak antolatuko dira, eta toki bakoitzean talde bakarra edo gehiago egoten ahalko dira, eskaria balego.

Saskibaloiaren inguruko topaketak eta pilota praktikatzen hasteko ikastaroak

Nafarroako Saskibaloi Federazioak, bere aldetik, dagokion kirolaren inguruko prestakuntza-topaketa batzuk eginen ditu, eta sei eta hemezortzi urte bitartekoek izanen dute joateko lehentasuna. Egun, jada eskaintzen da kirol hau praktikatzeko aukera COworkids programa garatzen den hamalau auzoetako bakoitzean, eta Azpilagañan ere bi talde sortu dira. Federazioak eskainiko duen ikastaroa astean behin eginen da, ordu eta erdiko iraupena izanen du, eta gaztelaniaz zein euskaraz egiteko aukera izanen da. Jarduerak auzo ezberdinetako parte-hartzaileen arteko topaketak barne hartuko ditu.

COworkidseko jarduerek ere barne hartuko dute, Udalak eta Nafarroako Pilota Federazioak sinatutako lankidetza-hitzarmenari esker, kirol-diziplina horretako hastapen-ikastaroak. Horietara joateko aukera izanen dute, lehentasunez, COworkids programa garatzen den hamalau auzoetako bakoitzeko zortzi eta hemezortzi urte bitartekoek. Ikastaroa astean behin eginen da, ordu eta erdiko iraupena izanen du eta gaztelaniaz zein euskaraz egiteko aukera izanen da. Toki bakoitzean talde bat edo batzuk egoten ahalko dira, eskariak hala eskatzen badu. Gainera, auzoen arteko topaketak antolatuko dira. Haur eta nerabeendako programa horren barruan eskaria duen diziplina da, eta gaur egun bi talde daude Labrit eta López pilotalekuetan.

Prestakuntza-topaketak futbolaren inguruan auzo guztietan

Kirola sustatzeko jardueren artean, Nafarroako Futbol Federazioak COworkids haur eta nerabeendako programarekin lankidetzan arituko da kirol horretako prestakuntza-topaketa batzuk antolatzeko, zeinetara, lehentasunez, COworkids programa egiten den hamalau auzoetako bakoitzeko zortzi eta hemezortzi urte bitartekoek joateko aukera izanen baitute. Eskaria duen jarduera bat da; izan ere, gaur egun futbol-taldeak daude Milagrosa, Arrotxapea, Lezkairu eta Etxabakoitz auzoetan.

Nafarroako Futbol Federazioak emanen duen ikastaroa astean behin eginen da, ordu eta erdiko iraupena izanen du, eta gaztelaniaz zein euskaraz egiteko aukera izanen da. Toki bakoitzean talde bakarra edo batzuk egoten ahalko dira, eskari nahikoa badago. Nafarroako Futbol Federazioak bere gain hartuko ditu saioen zuzendaritza eta koordinazioa, eta jarduera garatzeko beharrezko langileak jarriko ditu, eta bere gain hartuko ditu ere egon litezkeen lan-betebehar guztiak betetzea eta araudiaren arabera nahitaezkoak diren aseguruak.

Hitzarmenak jasotzen du, baita ere, Federazioak konpromisoa hartzen duela, gutxienez, urtero auzoen arteko topaketa bat antolatzeko, kulturartekotasuna eta parekoen arteko elkartasuna sustatzeko eta espazio unibertsalak sortzeko xedez, COworkids lantaldearekin elkarlanean. Udalak, bere aldetik, konpromisoa hartzen du eskura jartzeko jarduerak egiteko beharrezko barruti eta espazioak.

¿Te ha sido útil esta página?