Zezen-plazaren ingurua, ospitalegunea eta Txantrea hautatu dira txandakakoak, estaliak, seguruak eta bideozaintzadunak izanen diren hiru bizikleta-aparkalekuak jartzeko. Abenduan jarriko dira, eta urtarrila hasi baino lehen erabilgarri egotea aurreikusi da.
Aparkalekuak aluminiozko egituraz eta polikarbonato gardenaz eginak dira. 9 metroko luzerako eta 5,6 metroko zabalerako gangak dira. Barnean 50 bizikleta-aparkaleku, bizikleta elektrikoetarako kargaguneak eta gurpiletarako puzgailu bat dauzkate. Hainbat hilabetez Nafarroako Liburutegi Nagusian eta Aldapako sanferminetan Basotxoan kokatutakoen antzekoak dira. Aparkalekuak bideoz zainduta daude, eta sarbideak kontrolatzen dituen sistema dute.
Hiru aparkalekuak txandakakoak izanen dira, horrela edonor sartu ahal izateko; horretarako, aurretik, app batean edo berariaz diseinatzen ari den webgune batean eman behar da izena eta 2 euroko hileko tarifa ordaindu. Behin sisteman alta eginda, erabiltzailea aparkalekuan sartzen ahalko da sarbide-kode batez, kodea sarrerako atearen ondoko botoiez edo sakelako telefonoan jarritako app-ez markatuko delarik. Bizikleten txandakatzea errazteko, aparkaleku bakoitzean aparkatzeko gehieneko denbora ezarriko da.
Intelligent Parking S.L. enpresa egiturak jartzeaz arduratuko da, sarbide kontrolatua duten txandakako aparkaleku estali eta bideozaintzadun hauek hornitu, instalatu, kudeatu eta horien mantentze-lanak egiteko lizitatu den esparru-akordioaren esleipenduna baita. Hiru bizikleta-aparkaleku hauen aurrekontuak 97.908 euro jotzen ditu (79.500 euroan hiru aparkalekuak eta 18.408 euroan 2020ko abendura arteko kudeaketa eta mantentze-lanak).
Bizikleta-aparkalekuen udal-sarea sortzea
Zezen-plazaren inguruko aparkalekua Arrieta kalearen inguruetan jarriko da, Alde Zaharrera zein Zabalguneetara sartzen direnei eta, gerora, Labriteko igarobide jasangarrian ibiliko direnei zerbitzua emate aldera. Bigarren aparkalekua Nafarroako Ospitalegunean jarriko da, Viñaburu Botikariaren kaletik hurbil dagoen eremu batean. Hor kokatuz bertako langileei eta kontsultetara edo bisitan joaten direnei eman nahi zaie zerbitzua. Azkenik, hirugarren aparkalekua Txantrean jarriko da, zehaztu beharreko eremu batean, eta eginen den Labriteko igarobide jasangarriari lotuko zaio.
Iruñeko Udala, Mugikortasun Zerbitzuaren bidez, hirian honelako beste aparkaleku batzuk jartzeko aukera ikertzen ari da, txirrindularien eskura izanen den sarea sortze aldera. Jada Alde Zaharrean (Descalzos eta San Anton kaleetan), Arrotxapean (Urzainki kalean) eta Milagrosan (Guelbenzu zeharkalean) erabiltzen ari diren lau auzo-aparkalekuei gehituko zaizkie hiru aparkaleku hauek. Aipatu guneetako lekuak eskaera egin zuten auzotarrei esleitu zitzaizkien, erabilera-emakidarako deitutako prozeduretan.