Iruñeko Udalak nabarmendu nahi du hiriak daukan berezko natura-ingurunea, une honetan jarduerak espazio irekietan egitea duen garrantzia ikusirik. Helburu honekin jaio da ‘Iruña berdea da’, Jasangarritasun, Kultura eta Turismo alorren udal-proiektu komuna, zeinak, azaroaren 21a arte, aisialdiko jarduera desberdinak proposatzen baititu hiriko parke eta berdegune nagusietan. Izen-emateak eta programaren xehetasunak pamplona.es/PamplonaEsVerde estekan kontsulta daitezke
Jarduerak, besteak beste, Takonera, Ziudadela, Arga ibaiaren ingurua, eta Ezkaba mendia eginen dira, azaroaren 21a arte, hilabete hauetan eguraldia oraindik lagun dugula aprobetxaturik. Proposatutako jardueren artean baditugu, adibidez, Iruñeko baratze komunitarioetan barnako bizikleta-ibilaldiak, hiriko zuhaitz zahar eta apartekoak ezagutzea, edo Ezkaba mendian zeharreko ibilaldia, guztiak hurbilekoaren balioa ezagutzeko asmoz. Badaude, baita ere, ornitologiari buruzko herritarren zientzia proiektua, udazkeneko sendabelarren lantegia, edo natura behaketa eta sorkuntzaren bidez sentitzeko gonbidapena.
Proposamen guztiak doakoak dira eta Iruñeko herritarrei nahiz hiria ezagutzen ari diren turistei zuzenduta daude. Xehetasunak ’Iruña berdea da’ pamplona.es/PamplonaEsVerde webgunean kontsulta daitezke, eta erreserbak ere bertan egin daitezke, ezinbestekoa baita hori egitea, jarduera bakoitzak edukiera mugatua izanen duelako indarrean dauden osasun-neurriak betetze aldera. Maskararen erabilera derrigorrezkoa izanen da 6 urtetik gorakoentzat.
Partaidetza-erronkak Iruñeko berdeguneetako ‘sekretuak’ ezagutzeko
Taldeko jardueren proposamenez gain, ‘Iruña berdea da’ proiektuak bi partaidetza-erronka proposatzen ditu, hiriko alderdi enblematikoei buruz; hierritarrak hiriko alderdi gogoangarriak ezagutzera gonbidatzen ditu ingurumen, kultura eta turismoaren ikuspegitik abiatuta. Horrela, proposamenetako batek sendabelar eta landare usaintsuen mundua jorratuko du, Iruñeko natura-inguruneetan aurki ditzakegunekin jangaiak edo pomadak egin daitezkeela erakutsiz. Halaber, ‘esploratzailearen koadernoa’ jarriko dute haurren eskura, hiriko ondarea behatuz bete dezaten.
Hiru zutabe dituen proiektua
Hiriko berdegune esanguratsuenetan eginen diren jardueren proposamena Iruñeko Udaleko hiru alorren parte-hartzetik sortu da (Kultura, Turismoa eta Jasangarritasuna, Ingurumen-Hezkuntza zerbitzuaren bidez), eta horrela haien helburu nagusietako bat bete dute. Honela, turismo jasangarriko eskaintza baten bidez hiri sortzaile eta kulturalaren irudia indartzen da, turismo-jarduera sustatuz iruindarren bizi-kalitatea hobetzen duen heinean, eta gertuko ingurune naturalari buruzko kontzientzia bultzatzen da.
Pandemiak jardueren antolaketa eta proposamena zaildu dituen garaiotan, hiriko berdeguneen balioa azpimarratzeak aukera interesgarriak sortzen ditu, beharrezkoak diren osasun-neurriak betetzearekin batera. Kokapen natural hauek aukeratzeak pertsonen ongizatea handitzea sustatzen du eta hiriko azpiegitura berdea klima-aldaketara egokitzeko neurri gisa nabarmentzen du.