Udalak hiriko musika talde, banda eta bakarlarien eskura jarri ditu entsegu-lokal profesionalak alokatzeko laguntzak

Udalak hiriko musika talde, banda eta bakarlarien eskura jarri ditu entsegu-lokal profesionalak alokatzeko laguntzak
Deialdi honek hilean 60 euro arteko gastuak estaltzen ditu, eta astearte honetan Gaztediaren Etxean eginen den bileran azalduko dira xehetasunak


juventud

 

Iruñeko Udalak ‘entsegu-bonuak’ izeneko laguntza-deialdia abiatu du, musika taldeek, hiriko bandek eta bakarlariek entseguak egiteko erabiltzen dituzten lokal profesionalen alokairu-gastuak finantzatzera bideratuta dagoena. Kideen bi herenek gutxienez 14 eta 30 urte bitarte izan behar dituzte eta horien erdiek, gutxienez, Iruñean erroldaturik egon behar dute edo errentamendu-kontratuaren bidez bertan bizi direla egiaztatu. Deialdiaren xehetasunak asteartean, 18:00etan, Gaztediaren Etxeko erakusketa-aretoan, eginen den informazio-bileran azalduko dira. Bileran parte hartu ahal izateko aldez aurretik baieztatu behar da juventud@pamplona.es helbidean edo 948.420.532 telefonoan.

Musika talde edo bakarlari bakoitzak ‘Entsegu-bonuen’ dirulaguntzaren bidez jaso dezakeen zenbatekoa, gehienez ere, 720 eurokoa izanen da, zeina hileko 60 euroan banatuko baita, aukeratutako entsegu-lokalaren hilabeteko alokairua murrizteko. Hileko alokairu hori hilabeteka alokatzen duten aretoetan izan daiteke, edo, bestela, hilean zortzi entsegu-ordu beteko ditu, orduka alokatzea ahalbidetzen duten areto edo establezimenduetan. Diruz lagundutako taldeak entsegu-aretoa beste banda batekin edo batzuekin partekatzen badu, taldeak entsegu-aretoari zenbat ordaindu eta hori diruz lagunduko da bakarrik, hilean 60 euro gehienez.

Laguntza-deialdi horren onuradun izanen dira bakarlari eta musika-taldeak, nortasun juridiko propioa izan ala ez. Dirulaguntzatik eratorritako betebeharrak betetzeko elkartearen ordezkari edo ahaldun bakarra izendatu behar da. Taldea ezin izanen da desegin harik eta preskripzio-epea iragan arte. Betekizun horiek jasotako dirulaguntza indarrean egon bitartean mantenduko dira. Eskabideak urriaren 30era bitarte aurkezten ahalko dira, eta laguntzek atzeraeragintasuna izanen dute urtarrilaren 1etik aitzina ekainaren 30a baino lehen eskatzen dituztenentzat.

Bonuaren xedea den entsegu-lokala libreki aukeratuko dute dirulaguntza honen onuradun diren musika-taldeek, enpresa jabearen lokalaren erabilgarritasunaren arabera. Entsegu-establezimendu edo -lokal horiek dagokien lizentzia izan eta legezko baldintzak bete beharko dituzte. Establezimendu horien egoitza Iruñerrian egonen da. Diruz lagundutako jarduerak egiteko epea aurtengo urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitartekoa izanen da.

60 euro hilean lokalaren alokairuaren gastuak ordaintzera bideratuta

Diruz laguntzen ahalko da bakarrik musika-entseguetarako lokalaren alokairuaren kontzeptu gisa musika-taldeek horretarako egokiak diren establezimenduetan edo entsegu-aretoetan egiten duten gastua. Alokairutzat joko da legalki eratua dagoen enpresarekin edo entsegu-aretoarekin benetan formalizatua dagoena, eta hura dagokion fakturaren bidez egiaztatu beharko da. Taldeak entsegu-aretoari ordaintzen dion prezio zehatza soilik laguntzen ahalko da diruz, hilean 60 euro gehienez ere, betiere fakturaren zenbatekoa zenbateko horren berdina edo handiagoa bada.

Diruz lagundu daitezkeen gastuetan, eskuratze-kostua ezin izanen da inoiz izan merkatuko balioa baino handiagoa. Ez da inoiz ere dirulaguntzaren xede izanen entsegu-establezimenduek jarritako instrumentuak erabiltzea. Halaber, dirulaguntza honen xedetik kanpo geratuko dira musika-entsegurako kontratatutako lokala erabiltzea ez den ezein gasturik, hala nola ura, argindarra, konponketak edo entsegu-establezimenduak bere baldintza partikularretan eskatu eta bezeroek bere gain hartu behar duten beste edozein erantzukizun.

¿Te ha sido útil esta página?