Udalak hiriko ingurune naturala lantegi sentsorialen bidez ezagutzeko proposamena egin du, familiei zuzenduta

Udalak hiriko ingurune naturala lantegi sentsorialen bidez ezagutzeko proposamena egin du, familiei zuzenduta
Ingurumen Hezkuntzako Museoak antolatzen du jarduera, zenbait auzotan izanen da eta Milagrosan abiatuko, astearte goizean

Mendillorri

Naturarako garaia da, zure auzoak harrituko zaitu!’ izenburupean, Ingurumen Hezkuntzako Museoak ordu eta erdiko jarduera bat proposatu du udarako, zeinean emozioen bidez ezagutuko baitira hurbilen ditugun inguru, parke eta lorategiak. Lantegia Arrotxapea, Mendillorri eta Sanduzelaitik pasako da, eta asteartean abiatuko da, 11:00etan, Milagrosatik. Parte hartzeko aldez aurretik izena eman behar da, iruñakulturada.es webgunean, edo aurrez aurre, edozein Civivoxetan.

Beti egon izan dira hor, eta hori dela-eta gerta daiteke behar bezalako baliorik ez ematea Iruñeak dituen espazio natural horiei guztiei. Proposamen berri honek planteatzen du hurbilen ditugun horiek ezagutzea, auzo bakoitzean lantegiak eginez tokian bertan, berdeguneekin bat egiteko helburuz emozioen eta zentzumenen bidez. Horrela ezagutzera emanen dira parke eta lorategi asko dituen hiri batean bizitzeak herritarrentzat dituen onurak hala maila pertsonalean nola taldean.

Abiapuntua auzo bakoitzeko Civivoxa izanen da. Hortik taldea abiatuko da inguruko parke edo lorategirik esanguratsuenetako batera, eta bertan jarduerak eginen dira. Milagrosaren kasuan, asteartean, 11:00etan, Nafarroako Unibertsitate Publikoko campuseko lorategietan ibiliko dira. Mendillorrin, auzoko aintzira bisitatuko da; Arrotxapean, Arga ibaiaren inguruko gune naturalak, eta Sanduzelain, auzoan diren parke eta lorategietako bat edo beste.

Lantegiak sei urtetik gorako haurrei zuzentzen zaizkie, eta heldu batek lagunduta joan beharko dute. Doakoak dira, baina aldez aurretik izena eman behar da www.pamplonaescultura.es webgunean edo aurrez aurre, edozein Civivoxetan. Jarduerak Edurne Gerendiain eta Amaia Esparza teknikariek zuzenduko dituzte, eta parte hartzaile bakoitzak zapi bat edo aurpegi-mozorroa eraman beharko du.

Esperientzia naturalak ibaiaren inguruan

Iruñeko Udaleko Ingurumen Hezkuntzako Museoak uda honetarako ibilbide gidatuak ere planteatu ditu, Arga ibaian eta haren inguruetan barna. Antolatutako taldeetan eginen dira, abuztuaren bigarren hamabostaldian. Lehenengo jarduera, ‘Zentzumenekin jolasean’, 6 eta 12 urte bitarteko haurrei zuzentzen zaie, eta Arantzadiko meandroan barnako ibilbidea proposatzen du, sakon eta lehenengo pertsonan ezagutzeko hala meandroaren ezaugarriak nola inguruan diren zuhaitzak. Esperientzia honen berezitasuna da bost zentzumenak erabiliko direla hiriko gune natural horretara modu desberdinean hurbiltzeko.

Haur zaharragoentzat, 12 urtetik gorakoentzat, Ingurumen Hezkuntzako Museoak ‘Ibaia, ura besterik ez?’ izeneko proposamena ekarri du. Jarduera honen helburua da erantzun entretenigarri eta hurbila ematea urak ibaiaren ertzetan bizi diren gizaki, landare eta animalientzat duen garrantziari buruzko zalantzei. Horrela, besteak beste honako gai hauek landuko dira: zertarako balio du ur hori guztia? Animalia asko bizi dira? Zer dela-eta zaindu behar dugu ibaia?

Jarduera horietan parte hartzeko aldez aurretik izena eman behar da, 948420984 telefono zenbakian. Egunean bi txanda izanen dira, 10:00etan eta 11:30ean, abuztuaren 18tik 21era eta 25etik 28ra bitarte.

¿Te ha sido útil esta página?