Udalak hiri osoan Auzo-kontseiluak sortzeko lan eginen du, parte-hartzearen kalitatea eta eraginkortasuna hobetzeko filosofiari jarraiki

Udalak hiri osoan Auzo-kontseiluak sortzeko lan eginen du, parte-hartzearen kalitatea eta eraginkortasuna hobetzeko filosofiari jarraiki
Bihar 18:30ean abiatuko dira Auzo-eztabaidaguneak egitura berri batekin; Sanduzelain hasi eta Erripagañan, maiatzaren 28an, amaituko dira
Fitxategi

foro
 


Bihar abiatuko da Auzo-eztabaidaguneen zikloa, Sanduzelain hasita,18:30ean (civivoxaren eraikinean) eta hiriko auzo guztietan eginen da, txandaka, maiatzaren 28an Erripagañan amaitu arte, 14 topaketa egin ondoren. Programaren helburuak dira, besteak beste, herritarren partaidetza sustatzea eta komunitatearen beharrak eta proposamenak identifikatzea; azken finean administrazioaren eta herritarren arteko harremana indartzea, udal-zerbitzuak etengabe hobetzeko nabarmen lagunduz.

Aitziber Campión Herritarren Partaidetzako eta Euskarako zinegotzi bereziak prentsaurrekoan azaldu duen bezala, herritarren partaidetza udalaren erabakiak aberasteko funtsezko tresnatzat hartzen da, tokiko antolakundeari askotariko ikuspegi eta esperientziak emanez. Bestalde, Udalak herritarren ekarpenak bereganatzeko prest egon behar du eta hori egiteko egitura egokia eduki behar du. Auzo bakoitzeko eztabaidaguneek gai zehatzak lantzeko sektorekako partaidetzako beste talde batzuk sortzeko aukera ere emanen dute.

Organo espezifikoago horiez gain, Udalak auzo guztietan Auzo-kontseiluak sortzea erabaki du, Sanduzelaik eta Mendillorrik dagoeneko eskaera hori egin baitzuten.

Parte-hartze aktiboko 14 eztabaidagune
Iruñeko Udaleko Herritarren Partaidetzako Erregelamenduaren arabera, Auzo-eztabaidagunea “auzoak parte hartzerako duen organo irekia da, eta bertan parte hartzen dute auzoko gizarte- eta ekonomia-ehuna osatzen duten kolektibo guztiek, herritar aktiboek eta herritarrek, oro har”. Hala, informazioa bi noranzkoetan partekatzeko diseinatutako lurralde-partaidetzako espazioak dira. Xede nagusia da datuak elkartrukatzea; proposamenak, eskaerak eta kezkak jasotzea, eta herritarren eta tokiko gobernuaren arteko elkarrizketa etengabea eta egituratua sustatzea.

Herritar, auzo, auzoko entitate, elkarte, merkatari eta udaleko profesional guztiei –hala nola, komunitate-polizia, gizarte zerbitzuak, boluntarioendako programak etab.– zabalik daude eta auzoko zinegotzia dute buru. Bilerak aurrez aurre egiten dira, baina www.pamplona.es/eu webgunearen (udalaren YouTubeko kanalaren) bidez ere emanen dira gailu digitalak erabilita (ordenagailua, tableta, mugikorra...) jarraitu ahal izateko. Urruneko parte hartzea erraztuko da, bai aldez aurretik galderak bidaltzeko aukera emanda –herritarrei unean-unean emanen zaizkie horiek egiteko epeei eta bideei buruzko argibideak–, bai unean bertan YouTubeko kanaleko txataren bitartez.

Eztabaidaguneak bihar (urtarrilak 30) hasiko dira Sanduzelain, Borja Izaguirre buru dutela. Hurrengo lauak otsailean eginen dira: 6an Donibanen Garbiñe Buenorekin, otsailaren 13an Santa María la Real – Lezkairun Aitziber Campiónekin, otsailaren 20an (asteartean) Txantrean Joxe Abaurrearekin eta otsailaren 27an Buztintxurin Borja Izaguirrerekin, berriz ere. Eztabaidaguneak, hamalau auzoetakoak osatu arte, hilez hil eginen dira maiatzaren 28ra bitarte, orduan amaituko baitira hitzordu guztiak.

Saioen egitura berria
Saio horietarako dagoeneko egitura orokorra finkatu da, nahiz eta auzo bakoitzeko berezitasunei egokituko den. Aurreikuspenen arabera, saio bakoitzak 90 minutu iraunen du, baina lehendakariak gehienez ere 2 ordura arte luzatzea erabakitzen ahalko du, betiere saioa amaitu baino 15 minutu lehenago jakinarazten badu.

Ateak 18:15ean irekiko dira saioa 18:30ean hasteko, deialdi bakoitzean adierazitako tokian. Orduan, zuzendariak edo Herritarren Partaidetzan espezializatutako teknikariak ongietorria emanen du eta saioa nola egiteaaurreikusiten duen argituko du. Lehenengo parte-hartzea 30 minutu ingurukoa izanen da beti, eta bertan auzo-zinegotziak auzoan aurreikusitako planen, proiektuen, programen eta ekintzen berri eta kontu emanen du, bai eta gaurkotasuneko eta interes publiko – komunitarioko gaiei buruz ere. Une hartan, aurretik jasotako galderei ere erantzunen die.

19:05 inguruan, auzoari lotutako udal-teknikariek emanen dute informazioa; Komunitate-poliziak, gizarte-zerbitzuen auzo-unitateak, boluntarioendako programak eta auzoko proiektu komunitarioetako ordezkariek zerbitzuen edo sare komunitarioen egoeraren berri emanen dute (haurrak, adinekoak, energia-komunitateak, etab.). Orduan izanen da galderak, iradokizunak eta ekarpenak egiteko bigarren txanda, kasu horretan bertaratutakoena (19:25 inguru). Ahal den neurrian, txateko (streaming bidezko online emanaldiko) galderak erantzunen dira, eta edozein kasutan, galdera horiei erantzuna emanen zaie eztabaidagunea egin ondoren bada ere.

Aurreikuspenen arabera, saioa 19:55ean amaituko da. Udalarekin komunikatzeko kanal egonkorren berri emanez, bai eta auzoarendako abisuak ere, halakorik balego.

 

AUZO-EZTABAIDAGUNEEN EGUTEGIA. ASTEARTEETAN, 18:30 – 20:00

Urtarrilak 30. Sanduzelai

  • Auzoko zinegotzia: Borja Izagirre Larrañaga

Otsailak 6. Donibane

  • Auzoko zinegotzia: Garbiñe Bueno Zabalza

Otsailak 13. Santa Mª la Real– Lezkairu

  • Auzoko zinegotzia: Aitziber Campión Ganboa

Otsailak 20. Txantrea

  • Auzoko zinegotzia: Joxe Abaurrea San Juan

Otsailak 27. Buztintxuri

  • Auzoko zinegotzia: Borja Izagirre Larrañaga

Martxoak 5. Alde Zaharra

  • Auzoko zinegotzia: Zaloa Basabe Gutiérrez

Martxoak 12. Etxabakoitz

  • Auzoko zinegotzia: Endika Alonso Irisarri

Martxoak 19. Arrotxapea

  • Auzoko zinegotzia: Endika Alonso Irisarri 

Apirilak 16. Ermitagaña- Mendebaldea

  • Auzoko zinegotzia: Garbiñe Bueno Zabalza

Apirilak 23. Zabalguneak

  • Auzoko zinegotzia: Mikel Armendáriz Barnechea

Maiatzak 7. Iturrama

  • Auzoko zinegotzia: Koldo Martínez Urionabarrenetxea

Maiatzak 14. Mendillorri

  • Auzoko zinegotzia: Txema Mauleón Echeverría

Maiatzak 21. Milagrosa – Azpilagaña

  • Auzoko zinegotzia: Joxe Abaurrea San Juan

Maiatzak 28. Erripagaña – Beloso – Bidezar

  • Auzoko zinegotzia: Maider Beloki Unzu
¿Te ha sido útil esta página?