Udalak beste bultzada bat ematen dio hiri-arteari Iruñeko kaleetan. Hori da Carlos Almagro Javier Murillorekin batera egun hauetan Ipar Etxabakoitzen margotzen ari den horma-irudi handiaren xedea, eta buru emanen diona Nafarroako Komikiaren XII. Azokari. Horma-irudiak Iruña futurista eta apokaliptiko bat aurkezten du, non hiriko elementu bereizgarriak birsortzen baitiren komikitik hurbil dagoen estiloaren bidez: Ziudadela espazio-ontzi bihurtzen da eta Casa Sancenako lehoiaren iturri ezagunak neurri ikaragarriak hartzen ditu.
Horma-irudiaren aurkezpenean parte hartu dute María García-Barberena Kultura eta Berdintasuneko zinegotziak, Javier Pérez Zabalza azokaren zuzendarikideak eta Javier Murillo artistak. 3.850 euroko aurrekontua (BEZa kanpo) izan duen ekimen hau martxan jarri da Navarra Suma eta Iruñeko Udaleko Sozialistak udal-taldeek lortutako aurrekontu-akordioaren ondorioz.
Lana joan den irailaren 28an hasi zen eta, aurreikuspenaren arabera, igandean amaituko da. Zehazki, Concepción Benitez zeharkalearen inguruko kaleak lotzen dituen hiri-igogailuaren hormetako baten ondoan margotzen ari dira, haurrendako parkearen ondoan. Hiru hormetan hedatzen da, eta Nafarroako Komikiaren Azokaren alderdi sortzaileari berriro ekitea dakar, zeinak hiriari beste horma-irudi batzuk ekarri baitizkio, hala nola Amaia Arrazolak 2016an Pellejerías zokoan sinatutakoa edo Arantxa Reciok 2017an Descalzos kalean margotu zuena, Kultura eta Berdintasuneko Alorraren aurrean. 2019an, Idoia Iriberteguik bere horma-irudi iragankorra egin zuen Kondestablearen erakusketa-aretoko paneletako batean.
Hiri-artisten udal-erregistroan dauden egileak
Horma-irudian egiten ari den proiektua Iruñeko Udalak iazko bigarren seihilekoan deialdi publiko baten bitartez egin zuen hiri-artisten erregistroaren barruan dago. 45 proposamen jaso ziren, batzuk artista indibidualenak dira eta beste batzuk kolektiboek sortuak, eta horietatik 18 emakumeek sustatu zituzten.
Espazio horretarako proiektu zehatz hori Iruñeko Udaleko Arte Plastikoetako teknikariak eta Nafarroako Komikiaren Azokako bi zuzendariek aukeratu zuten. Aurten, azoka irailaren 3tik urriaren 3ra bitartean egiten ari da, eta 14 erakusketa aurkezten ari dira Iruñean eta Lizarran, eta baita jarduera-programa zabala ere, hitzaldi, lantegi, argitalpen, proiekzio eta kontzertuekin. Tizak antolatu du, komikia sustatzeko elkarteak.
Gauzatuko diren proiektuak hautatzeko orduan, kontuan hartzen da proiektuaren kalitatea eta hura Hiri Kontserbazioko Alorrak proposatutako espaziora egokitzen den. Erregistroan egon nahi dutenek iruñakulturada.es webgunera jo dezakete. Besteak beste, honako baldintza hauek bete behar dituzte: 18 urtetik gorakoa izatea eta Nafarroan jaio izana eta/edo bertan bizitzea.
Diseinuan, ilustrazioan eta horma-pinturan arituak
Carlos Almagrok aurkeztutako proiektuak etorkizuneko Iruña irudikatzen du, Ziudadela-NA948 espazio-ontzian bidaia baten bidez. Bidaia horretan Arga ibaiak ez du jada urik eta ez dago udal-igerilekurik ur-eskasiagatik, eta Iratiko Oihana basamortu bat da.
Carlos Almagro diseinatzailea eta ilustratzailea da. Produktuaren diseinuan trebatu bazen ere, bere lana diseinu grafikoan eta ilustrazioan oinarritu da, eta sektore horretan hasi zen lanean ikasketak amaitu baino lehen. Oso gaztetatik, graffitia eta horma-pintura izan ditu zaletasun handienetakoak, eta, batzuetan, diziplina hori modu profesionalean ere landu du hainbat erakunderentzat, ahal duen guztietan aurrekoekin konbinatzen saiatuz. Bere lanak, hiriko erdiguneko kaleetan ikus daitezke, Estafeta kalean edo Karlos III.a etorbidean kasu.
Urte hauetan askotan aurkeztu da lehiaketetara, eta hiriko arte-erakustaldietan parte hartzera gonbidatu dute, bai herri mailan, bai nazio mailan. Nabarmentzekoak dira Iruñeko Udalak Mendillorriko Civivoxean antolatutako Civigraff lehiaketan jarraian emandako lehenengo bi sariak.
Javier Murillo iruindarra Bartzelonan bizi da, eta diseinu grafikoa, ilustrazioa eta muralismoa ere lantzen ditu. Artearekin eta sormenarekin oso gaztetatik lotuta dago, eta gaur egun artisau-lanak eta proiektu erabat digitalak egiten ditu.