Udalak hildakoei azken agurra emateko eta jaioberriei, eta adopzioan edo harreran hartutako haurrei ongietorriak egiteko ekitaldi zibilen araudia egokitu du

Udalak hildakoei azken agurra emateko eta jaioberriei, eta adopzioan edo harreran hartutako haurrei ongietorriak egiteko ekitaldi zibilen araudia egokitu du
Ekitaldiak sinbolikoak, laikoak eta ez-konfesionalak dira, eta Ziudadelako Lidia Biurrun aretoan eginen dira, astelehenetik ostegunera bitarte, arratsaldez
Sala Lidia Biurrun

 

Iruñeko Udalak Ziudadelako Lidia Biurrun aretoaren erabilera arautuko du, bertan azken agurra emateko eta ongietorriak egiteko ekitaldi zibilak egiteko. Hildakoei azken egurra emateko eta jaioberriei, eta adopzioan edo harreran hartutako haurrei ongietorriak egiteko ekitaldi zibilak espazio berean eginen dira orain eta erabiltzeko irizpide bateratuak izanen dituzte, ezkontza zibiletarako erabiltzen diren instalazioez baliatuta, zeinak astelehenetik ostegunera bitarte, arratsaldez, erabilgarri baitaude. Aretoak 100 lagunendako edukiera du.

Garbiñe Bueno Zabalza Ogasuneko, Kontratazio Publiko Arduratsuko eta Giza Baliabideetako zinegotziak prentsaurrekoan aurkeztu ditu antolamendu berriaren ezaugarriak eta nabarmendu du Ziudadela mota horretako izaera sinboliko, laiko eta ez-konfesionaleko ekitaldiak egiteko aproposa dela. Ekitaldiak errespetuz, erosotasunez eta formaltasunez egiten ahalko dira, ospakizunaren izaera intimoa zainduta.

Egiten diren ekitaldiak eskatzaileek antolatuko dituzte, betiere ordenamendu juridikoa, udal-araudia eta espazio publikoaren izaera instituzionala errespetatuta. Ez da baimenduko izaera konfesionaleko ekitaldirik. Gehienez ere ekitaldi bat baimenduko da egun bakoitzeko, astelehenetik ostegunera bitarte, jaiegunak izan ezik, eta 18:30etik 20:00etara bitarte eginen dira. Ordu eta erdi horrek aretora sartu eta handik ateratzeko denbora barne hartzen du. Espazioa erabiltzeko tasak ordenantza fiskalaren 1. arauan erregulatuta daude.

Aretoan ikus-entzunezko ekipoa eta lore apaingarriak daude, eta erabiltzeko moduko baldintzak betetzen ditu guneak; ekitaldia bukatu eta gero, aretoa lehen zegoen bezala utzi behar da. Ezin izanen da jatekorik edo edaririk sartu azpiegituretan. Azken agurra emateko ekitaldi zibiletan, debekatuta dago gorpu aurreko agur-ekitaldiak egitea. Baimenduta dago zuzeneko musika eta ikus-entzunezko ekipoa erabiltzea bideoak edota musika jartzeko. Horiek antolatzea eskatzaileei dagokie.

Nola egin eskaera
Eskaerak online egiten dira, erregistro elektronikoaren bidez, edo aurrez aurre, dagokion erregistroan. Azken agurreko ekitaldi zibilak hildakoaren ahaideek, hurbilekoek edo legezko ordezkariek eskatzen ahalko dituzte, ekitaldia egin baino 2 egun baliodun lehenago eta heriotza gertatu eta hurrengo hilabetearen barruan. Ezinbesteko baldintza da hildakoa Iruñean erroldatua egon izana, edo eskatzailea udalerrian erroldatua egotea. Eskabidearekin batera honako hauek aurkeztu beharko dira: heriotza-ziurtagiria edo egiaztagiri baliokidea, eskatzailearen identifikazio-agiria, erroldatze-ziurtagiria, hala dagokionean, eta tasak ordaindu izanaren egiaztagiria.

Ongietorriak egiteko ekitaldi zibilen kasuan, berriz, eskabidea Udal Erregistroan aurkeztu beharko da, gutxienez ekitaldia egin baino 10 egun baliodun lehenago, eta udalerrian erroldatutako adin nagusiko pertsonek eskatzen ahalko dute seme-alaba jaioberriendako, adoptatuendako eta aldi baterako harrera egoeran ez dauden adingabeendako. Adingabeak udalerrian erroldatuta egon behar du eskaera egiten den unean. Honako agiri hauek aurkeztu behar dira: jaiotza-ziurtagiria edo egiaztagiri baliokidea, legezko ordezkaritza egiaztatzeko agiria, erroldatze-ziurtagiria edo erroldan egiaztatzeko baimena eta dagokion tasa ordaindu izanaren egiaztagiria, indarreko ordenantza fiskalaren arabera.

Aurretik erabilitako espazioak
Azken agurra emateko ekitaldi zibilak egite aldera udalaren espazioak erabiltzea 2008an arautu zen jada. Tokiko Gobernu Batzarrak urte horretako otsailaren 20an onetsi zuen ekitaldi horiek Descalzos kaleko ‘Erraldoien Txokoa’ izeneko espazioan egin behar zirela, baina urteak igaro ahala, toki horrek halako ospakizunetarako baldintza egokietan egoteari utzi zion. 2015eko irailaren 1eko Tokiko Gobernu Batzordearen erabakiaren bidez, ahalbidetu zen Civivox sareko zentroak izaera zibileko agurrak egiteko erabiltzeko aukera. 

Prozedura egokitzen joan da, eta, antolamendu berriarekin bat, kendu egin dira izatezko bikoteen ekitaldiak; 2021az geroztik, Nafarroako Bikote Egonkorren Erregistro Bakarraren bidez arautzen dira: Nafarroako Gobernuaren menpe dago erregistro hori, eta izatezko bikoteen udal-erregistro zaharra ordezten du, zeina jada ez baitago eskuragarri. Nafarroako Bikote Egonkorren Erregistro Bakarra sortuta egon arren, legez "bikote egonkorrak" izendatzen ziren horiek izaera zibileko ekitaldiak egiteko udal-erregulazioan agertzen ziren oraindik; izan ere, 2008an onetsitako erabakiak ezartzen zuen izaera zibileko ekitalditzat hartuko zirela Erregistro Zibilean edo Izatezko bikoteen udal-erregistroan inskribatzen ahal zirenak, ezkontza zibilak izan ezik. 

¿Te ha sido útil esta página?