
Iruñeko Udalak hilabeteko epean eginen du Sanduzelai auzoa eraldatzeko proiektu lehiaketa irekirako deialdia. Lehiaketak auzoa modu ireki eta objektiboan hobetzeko alternatiba eta irtenbideak bilatzen ditu, hirigintza aukerak eta bideendako irtenbide desberdinak kontuan hartuta, batez ere biribilgunearen inguruan. Udal-taldeak kontuan hartuko dira plegua idazteko orduan, eta auzotarrek beren ideiak edo iradokizunak bidaltzen ahalko dituzte, lizitatzaileek informazio hori izan dezaten. Parte hartzeko prozesu hori urriaren 16an irekiko da eta urriaren 30ean, astelehenarekin amaitu. Sanduzelai auzoan erroldatutakoek udal-webgunearen bidez parte hartzen ahalko dute, edo beren iradokizunak Sanduzelaiko Civivoxean aurkeztuz.
Ekimena gaur, astelehenarekin, aurkeztu dute Carlos Salvador alkateorde eta Herritarrekiko Harremanetako, Partaidetzako eta Adinekoendako zinegotziak eta Izaskun Zozaya Garapen Jasangarriko eta Proiektu Estrategikoetako zinegotzi ordezkariak. Hirigintza Gerentziako lantaldea dagoeneko lehiaketaren plegua lantzen ari da eta Hirigintza Gerentziari aurkeztuko dio zirriborroa Udal-talde guztiek parte har dezaten.
Herritarren ideiak eta iradokizunak kontuan hartuko dira, eta lehiaketarako hasierako informazioaren parte izango dira. Bertan, trafikoari eta semaforoei buruzko azterlanak eta udal-plangintzako beste agiri batzuk ere sartuko dira. Proposatzen den urbanizazioak espaloiak, pasabideak, edukiontziak, autobus-geralekuak eta hiri-altzari guztiak integratu beharko ditu ingurune berrian. Parte-hartzaileek gunea nola geratuko litzatekeen islatuko duten benetako infografiak txertatu beharko dituzte.
Auzoaren barruan joan-etorriak zaildu eta oztopo arkitektonikorik sortu gabe zirkulazioa berrantolatzeko alternatiba irisgarriak sortzea da esku-hartzearen gakoa. Lehiaketatik ateratzen den proiektuak ondorio nabarmenak izanen ditu hiriaren iparraldeko zirkulazioan; hori dela eta, Udalarekin batera Nafarroako Gobernuko Herri Lanen departamentuak ere parte hartuko du.
2024ko lehen hiruhilekoa
Lehiaketaren lehen fasean aurkeztutako hiru proposamen onenak sarituko dira. Bigarren fasean, proiekturik onena aurkeztu duen lantaldeari enkargatuko zaio lana. Aurreikuspenen arabera, lehiaketa 2024ko lehen hiruhilekoan ebatziko da. Hala, auzoa berrantolatzen duen proiektuak arkitekturako, ingeniaritzako, herritarren partaidetzako eta ekonomiako profesionalen ekarpenak jasoko ditu.
Udala Nafarroako eta Sanduzelaiko etorbideen arteko elkargunean mugikortasuna hobetzeko auzoan oinezkoendako jarritako azken pasabideen emaitza aztertzen ari da gaur egun. Gainera, Juaristi doktorearen kalea berrurbanizatzea ere aurreikusten da, oinezkoek eta ziklistek Nafarroako etorbidea mendebalderantz zeharkatzeko aukera izan dezaten ikastetxeetara eta kirolguneetara iristeko. Auzoko zirkulazioaren antolaketari dagokionez beste alderdi nabarmen bat Nafarroako Gobernuak sustatzen duen Prestazio Handiko Trenaren Udalaz Gaindiko Plan Sektorialaren garapena da, trenbide-begizta desagertzea ekarriko duena.