Udalak Haurrendako Plana bultzatu duten pertsona eta entitate guztiak aintzatetsi ditu, plan horri esker Unicefek Haurtzaroaren Hiri Adiskide gisa aitortu baitu hiria

Udalak Haurrendako Plana bultzatu duten pertsona eta entitate guztiak aintzatetsi ditu, plan horri esker Unicefek Haurtzaroaren Hiri Adiskide gisa aitortu baitu hiria
Joseba Asiron Iruñeko alkateak jaso du haur eta nerabeen eskubideekiko konpromisoaren ikur den aintzatespena
Irudia
Irudia
Irudia

Iruñeko Udalak Haurrendako Planaren prestaketan engaiatu diren pertsona eta entitate guztiak aintzatesteko ekitaldia egin du gaur goizean, konpromiso horri esker Unicefek Haurtzaroaren Hiri Adiskide gisa aitortu baitu hiria. Mikel Aguirre Erreak Unicef Nafarroako lehendakariak eman dio aintzatespen-izendapen horren ikurra Joseba Asiron Iruñeko alkateari, haur eta nerabeen eskubideekin erakutsitako konpromisoagatik. Gaurtik aitzina, Iruñeak seinale berri batez eginen du ongietorria hirira, haurtzaroaren adiskide dela aditzera ematen duenarekin, alegia.

Plana prestatzeko lanetan protagonistek berek, familiek eta tartean sartzen diren esparru ezberdinetako aditu zein profesionalek parte hartu zuten, eta, horregatik, Udalak gaurko ekitaldiaren bidez adieraz nahi izan die bere esker ona, eta aitortza hori haiekin guztiekin partekatu. Besteak beste, ekitaldi horretan izan dira gazte erantzunkideak, Udaleko haur-lantaldeetako kideak eta haur eta gazteen entitateetako ordezkariak, hots,planaren prestaketan parte hartu duten pertsonak. Ekitaldian izan dira, baita ere, hiriko Erraldoi eta Buruhandien Konpartsako zenbait kiliki.

2018-2022ko Haurrendako Plana haur, gazte eta helduen kezkak zein eskariak jasotzen dituen agiria da. Gaur egun garatzen ari diren ekintza guztiak eta aurten hasita 2022. urtera arte bultzatu nahi direnak ere bateratzeko asmoarekin prestatu zen, haur eta nerabeen eskubideak haien bizitzetako arlo guztietan bermatze aldera, eta eskubideen ikuspegitik abiatuta haien garapen pertsonal eta soziala bultzatze aldera.

Haurrendako partaidetza-organoa
I. Haurrendako Plan hau abiatzeko funtsezko bi organo sortuko dira: plana bultzatu eta garatzeko batzorde tekniko-politikoa, eta haurrendako partaidetza-organoa, non Udalari ematen ahalko baitiote haien behar zein kezken berri, bertan eskariak eginez, kexu agertuz edo iritzia emanez.

Planean jasotakoaren arabera, adin txikikoak Iruñeko biztanleen % 16,61 dira. Egindako azterlanarekin bat, haurrek egindako honako eskari hauek biltzen dira planean: jolasteko, kirola egiteko, sormen artistikoa garatzeko eta naturarekin harreman estua mantentzeko tokiak, parke dibertigarriagoak eta zinema-aretoak Iruñeko erdigunean. Nerabeen eskariek bildu ahal izateko aterpeko tokiak dituzte ardatz, baita ere arautu gabeko sormen artistikorako erraztasunak izatea, kirola egiteko eremuak eta skate, parkour zein abentura anitzeko parkeak. Genero-indarkeriarekiko, matxismoarekiko eta homosexuala izateak eragindako bazterkeriarekiko arduratuta eta sentsibilizatuta agertzen dira.

Helduek, adibidez, positiboki baloratzen dute hirian tratu onak bultzatuko dituzten haur- eta nerabe-sareak eratzea. Zerbitzuen arteko osagarritasuna, kasu zehatzen inguruko jarduketen koordinazioa eta haur eta nerabeen aldeko lan komunitarioa indartu beharko liratekeela uste dute. Mendekotasunei, berdinen arteko jazarpenari eta haurren babesgabetasunari aurrea hartzeko eta genero-berdintasuna lantzeko jarduketak eskatzen dituzte. 

Egoera zaurgarrietan dauden haurrez bezainbatean, Planean antzeman da lanean jarraitu behar dela, eskubide hauek babestu eta bultzatzearen alde: ukitzen dituzten kontuen inguruan parte hartu eta erabakitzeko eskubidea, aniztasunarena, irisgarritasun unibertsalaren eta guztiondako hiri-diseinuarena; horrez gain, gizarte-sentsibilizazioan ere lan egin behar da, eta babesgabetasun egoeretan, gaixotasun kronikoek jota edo bestelako zailtasunen aurrean dauden adingabeak laguntzearen alde. Genero-indarkeria egoerak bizi dituzten haurrak biktimatzat hartzeko beharra azpimarratzen da, biktima gisa berariazko arreta eta tratamendu suspergarriak behar dituztelarik.

Haurtzaroaren Hiri Adiskideak (CAI) programa honakoek bultzatzen dute: UNICEFeko Espainiako Batzordea; Osasun, Gizarte Zerbitzu eta Berdintasun Ministerioa; Espainiako Udalerrien eta Probintzien Federazioa (FEMP) eta Haur eta Nerabeen Behar eta Eskubideen Unibertsitate Institutua (IUNDIA). Haurren Eskubideei buruzko Hitzarmena toki-esparruan bultzatu eta aplikatu zedin sortu zen, haurrek eta nerabeek haiek ukitzen dituzten gaietan parte hartzea bultzatze aldera, eta ekimen honetan engaiatutako udalerrien arteko sare-lana suspertzeko. Helburua da politika publiko eragingarriak diseinatu eta abiatzea, hartara adin txikikoen ongizatea hobetzeko, betiere haien eskubideak defendatuz, partaidetza bultzatuz eta hiriak inguru bizigarriagoak –bereziki gazteenentzat– izan daitezen eginez.
 

¿Te ha sido útil esta página?