Iruñeko alkate Joseba Asironek eta Udalbatzako kideek gaur eguerdian Iruñeko Udalak Maitane Melero eta Izaskun Turrillas atletei prestatu dien harrera-ekitaldian parte hartu dute, otsailean Valentzian ospatutako Espainiako pista estaliko Atletismo Txapelketan urrezko domina 3.000 metroetan eta brontzezkoa altuera-jauzian eskuratu baitzituzten, hurrenez hurren. Harrera-ekitaldian izan dira baita ere Pamplona Atlético Klubeko presidente Manuel Quijera, eta entitateko beste kide batzuk.
Maitane Melerok Valentzian erdietsi zuen bere arrakastarik handiena kirol arloan. Finalista guztien artean urteko markarik onena zuen, eta pronostikoa bete zuen. Gainera, bigarren aldiz txapelketan, Nafarroako errekorra hautsi zuen, azkenean 9:08:43an utzi duelarik. Hala, Melerok, 35 urte bete berri dituela, hainbat sari biltzen dituen garaipen-zerrenda osatu du: zilarrezko domina iazko atari zabaleko Espainiako Txapelketako 5.000 metroetan, beste zilar bat Espainiako Milian, eta selekzioak deitu du mendian zeharreko Europako Txapelketan lehiatzeko. Melerorenak dira 1.500, 5.000, 10.000 metro lauetako eta atari zabaleko ibilbideko 10.000 metroetako Nafarroako errekorrak , eta 1.500 eta 3.000 metroetakoak pista estalian.
Altuera-jauziko finalean Izaskun Turrillasek 1,75 metroan kokatuta zegoen listoia gainditu zuen, eta haren markarik onenetik bost zentimetrora geratu zen. Salto horri esker podiumeko hirugarren tokia lortu zuen, Saleta Fernández galiziarraren eta Raquel Álvarezen atzetik, zeinek 1,82 eta 1,78 metroko saltoak egin baitzituzten, hurrenez hurren. Turrillasek, 24 urterekin, bere lehen domina irabazi du txapelketa nazional batean, Nafarroako txapelketetan hainbat titulu eskuratu eta gero altuera-jauziko modalitate horretan.