Udalak harrera egin dio Centennial High School Wind Orchestra bandari, Iruñera etorri baita La Pamplonesaren mendeurrenaren harira prestatutako IFOB nazioarteko jaialdia dela eta

Udalak harrera egin dio Centennial High School Wind Orchestra bandari, Iruñera etorri baita La Pamplonesaren mendeurrenaren harira prestatutako IFOB nazioarteko jaialdia dela eta
Bandak emanaldia egin du Udaletxe plazan, Harrera-aretoan egin zaion ekitaldiaren ostean, eta arratsaldean kontzertua emango du Pablo Sarasate Kontserbatorioan
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia

Joseba Asiron Iruñeko alkateak eta Udalbatzako beste kide batzuek Centennial High School Wind Orchestra bandari egindako harreran parte hartu dute gaur eguerdian. Horixe da Iruñera iritsi den nazioarteko lehen banda, La Pamplonesa udal musika-bandaren mendeurrena ospatzeko ekainerako antolatutako International Festival of Bands IFOB jaialdia dela eta. Taldeko 50 kideek eta zuzendarietako batek –Becky Weiland– ez ezik, harreran parte hartu du, baita ere, Jose Andrés Palacios La Pamplonesako lehendakari eta IFOBen koordinatzaileak.

Taldea Minnesotako Circle Pines hirikoa da (AEB), eta Harrera-aretoan egindako ekitaldiaren ostean kontzertu txikia eman du Udaletxe plazan, bi pieza hauek jo dituelarik: Ralph Vaughan Williams-en Flourish for wind band eta Williams/Goodman-en Cantina Band alla sing sing sing, Larry Clark-ek moldatuta. Emanaldi gehiago emango ditu; gaur arratsaldean, esaterako, Centennial Orchestra Pablo Sarasate Kontserbatorio Profesionaleko bandarekin batera arituko da kontserbatorioan bertan egingo duten errezitaldian, 19:30ean. Sarrera doakoa da, gonbidapenak aurretik hartuta kontserbatorioko atezaintzan.

Ekainaren 12tik 16ra, IFOB dela eta, musikaz beteriko bost egun izango dira, artista profesional zein semiprofesionalen eta nazioarteko, estatuko zein tokiko musika-banden eskutik. Bandak izango dira nagusi kontzertuetan, desfileetan, hitzaldietan, eskola magistraletan, lantegietan eta erakustazokan. Topaketa horrek gogora ekarri nahi du, modu zabalagoan, 1918ko sanferminen karietara Iruñeko Udalak lagundu zuen Musika Banden jaialdia; orduko ekitaldi horrek Nafarroa eta EAEko hamabi bat musika-banda ekarri zituen, eta nolabaiteko sorburu izan zen gaur egun La Pamplonesa Udal Musika Banda izenez ezagutzen dugun talderako, hurrengo urtean eratu baitzen.

Hainbat jatorritako musika-taldeak elkartzea
Centennial High School Wind Orchestra-k kontzertua emango du gaur arratsaldean Pablo Sarasate Musika Kontserbatorio Profesionaleko bandarekin batera, IFOB jaialdiaren asmoen erakusgarri gisa: kulturen arteko trukea eta musikaren bidez jatorriz ezberdineko bandak senidetzeko nahia.

Amerikako banda Centennial High School institutuko musika-hezkuntzako programaren ekimenetako bat da; izan ere, ikastetxe horrek beren ikasleen prestakuntza artistikoaren balioan sinesten du. Musika-taldeen aldeko apustuari esker lortu du 1991z geroztik kontzertu-birak egitea ikasleekin Europako hamar herrialdeko baino gehiagoko auditoriumetan. Bidaia honetan Centennial Wind Orchestra eratzen duten 50etik gora taldekideek parte hartu dute, Becky Weiland eta Carvel Kuehn zuzendariek lagunduta. Weiland espezialista da zurezko haize-instrumentuetan, eta 28 urte darama institutuko musika-taldeen buru izaten. Horrez gain, saxofoi-jotzaile aktiboa da. Bestalde, Kuehn bi urte darama ikastetxean irakasle-lanetan, perkusioko eta metalezko haize-instrumentuetako espezialista. Irakasle eta bateria-jotzaile lanak uztartzen ditu.

Errezitaldi honetan anfitrioi-lanak egingo dituen Pablo Sarasate Musika Kontserbatorio Profesionaleko banda azken bi ikas-mailetako haize eta perkusioko ikasleek osatzen dute. Asier Zabalza da bandako zuzendaria duela hiru urtetik, eta, besteak beste, La Pamplonesarekin elkarlanean egiten duen kontzertua antolatzeaz arduratzen da. Programari hasiera emateko, taldeak Vicent Egearen Centennial Overture joko du, La Pamplonesaren mendeurrenaren omenezko jaialdirako berariaz konposatutako banda-doinua, IFOBen ereserkia ere badena.

 

PABLO SARASATE MUSIKA KONTSERBATORIO PROFESIONALEKO BANDAREN ETA CENTENNIAL WIND ORCHESTRA-REN KONTZERTUA. 
MARTXOAK 11. 19:30. KONTSERBATORIOKO EKITALDI-ARETOA
  • Pablo Sarasate Kontserbatorio Profesionaleko Banda
  • Centennial Overture - Vicent Egea
  • Yakka - José Rafael Pascual Vilaplana
  • Basque Rhapsody - Melvin Shelton
  • Centennial Wind Orchestra
  • Flourish for Wind Band - Ralph Vaughan Williams
  • Prelude and Fugue in Bb Major - JS Bach, arr. Moehlmann
  • Rejouissance - James Curnow (Fantasia on Ein Feste Burg)
  • Spring" from the Four Seasons - Antonio Vivaldi (Marimba quartet)
  • The Cowboys - John Williams, arr. Jay Bocook
  • Amazing Grace - arr. Frank Ticheli
  • Music from West Side Story - Bernstein, arr. Jay Bocook
  • When the Stars Begin to Fall - Fred J. Allen
¿Te ha sido útil esta página?