Udalak harrera egin dio Adinekoen Udal Kontseiluari, Adinekoen Nazioarteko Egunaren karietara

Udalak harrera egin dio Adinekoen Udal Kontseiluari, Adinekoen Nazioarteko Egunaren karietara
Ekitaldian izan dira Udalaren organo aholku-emaile horretako bileretan parte hartzen duten hamar elkarte baino gehiagoko ordezkariak
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia

Adinekoen Udal Kontseilua izan da protagonista gaur goizean Iruñeko Udalak Adinekoen Nazioarteko Egunaren karietara eskaini duen harrera instituzionalean. Udaletxeko harrera-aretoan ekitaldi bat egin da eta bertan izan dira Enrique Maya Iruñeko Alkatea, Udalbatzako kide batzuk eta Kontseilu horretan parte hartzen duten eta horren parte diren elkarteen hainbat ordezkari.

Iruñeko Adinekoen Udal Kontseilua organo aholku-emailea da, eta udal taldeetako, adinekoen elkarteetako eta beste instituzioetako ordezkariek –besteak beste, Nafarroako Gobernua eta sindikatuak– eta udal-teknikariek osatzen dute. Alkatea da batzordeburua, edo, eskuordetuta, Gizarte Zerbitzuetako, Komunitate Ekintzako eta Kiroleko zinegotzia. Enrique Maya Iruñeko alkateak, adierazi du, Iruñeko herritarren % 22k 65 urtetik gora dituela, eta adinekoen ondarea nabarmendu du ere. “Ahaleginaren balioa helarazi diguzue, egundoko lan-gaitasuna, eta, batez ere, balioak ez direla negoziatzen”.

Horregatik, eta adinekoei zuzenduta, Iruñeko Udalak joan den asteartean aurkeztu zen “Iruña ate joka”, “Beti norbaitekin”, “Martxan” eta “Aisia-ostegunak eta-ostiralak” programak abiatu ditu, besteak beste. Asun Apesteguía Adinekoen Udal Kontseiluko lehendakariordeak ere hitz egin du. Harrera-ekitaldiaren oroigarri gisa alkateak Udaletxearen fatxadaren zilarrezko erreprodukzio bat eman dio. Harrera-ekitaldia amaitzeko bertaratutako guztien familia-argazki bat egin da.

Goizeko ekitaldira honako elkarte hauen ordezkariak joan dira: Padre Ciriano Adinekoendako Ikasgelak, Orvina 1200 Erretiratuen eta Pentsiodunen Kluba, Irubide Erretiratuen Elkarte Kluba, Sancho el Mayor Nafarroako Adinekoen Elkartea, Lacarra adinekoen elkartea, CCOOko Pentsiodunen eta Erretiratuen Federazioa, Unión para la Asistencia e Integración de la Tercera Edad (UNIATE - UGT) Fundazioa, El Vergel Erretiratuen Kluba, El Salvador Erretiratuen Elkartea, SECOT Elkartea, Gurutze Gorria, Nafarroako Geriatria eta Gerontologia Elkartea eta El Pilar Etxabakoitzeko Erretiratuen eta Pentsiodunen Elkartea.

Adinekoen ekarpena aitortzen duen adierazpen instituzionala

Ostiralean Adinekoen Nazioarteko Eguna dela eta, Iruñeko Udaleko Herritarren Aferen Batzordeak joan den asteartean adierazpen instituzional bat onetsi zuen “Adinekoen Udal Kontseilutik sustatzeko, hura organo aholku-emaile nagusitzat hartuta, adinekoei tratu ona ematearen balioa agerian jartzeko kanpainak, bai eta adinekoek adina dela-eta egunero aurre egin behar dieten jarrera baztertzaileen eta horien ondorioz paira dezaketen gizarte-bazterketa, marjinazioa eta osasun fisiko eta mentalaren narriaduraren aurkako zeharkako estrategiak diseinatzea”.

Halaber, adierazpen horrek aintzat hartzen du eta aitortzen du “adinekoek egunero egiten duten ekarpena, gizartean, ekonomian eta kulturan egiten duten ekarpena eta, oro har, esparru guztietan egiten dutena”. Erabaki da baita ere, adierazpenaren hirugarren atalean “menpekotasuna eta bakardadea prebenitzeko, eta autonomia sustatzeko ildoei jarraipena ematea, helburu horiek lortzen laguntzen duten berariazko programen bidez”.

Adinekoen Udal Kontseiluari buruz

Adinekoen Udal Kontseilua, 2012an sortu zen, “herritarren partaidetzako organo aholku-emaile gisara, eta adineko jendea artatzeko lanean sortzen diren behar berriei eman beharreko irtenbideak elkartrukatu, batera jarri eta abiarazteko” bere erregelamenduan jasotzen den moduan. Kontseiluak “autonomia izanen du hala kontsulta egiteko nola Iruñeko Udalean adinekoendako zerbitzuen eta gizarte-politikako neurrien ardura duten organoei proposamenak egin, informazioa eman eta aholkuak eskaintzeko eginkizunetan”.

Besteak beste, honako funtzio hauek dagozkio: adinekoen bozeramailea izatea  “parte-hartze aktiboa sustatze aldera, hala gizarte eta politikaren esparruetan nola kulturarenean”; “Udalaren kudeaketa-jardunari segimendua egitea eta hori kontrolatzea zein ebaluatzea, adinekoen artari dagozkion gaietan”; “jarduketak eta neurriak bultzatzea, adinekoendako zein adinekoen gizarte-boluntariotza eta belaunaldien arteko elkartasuna sustatze aldera”, eta informazio- eta dibulgazio-ekimenak sustatu edota gauzatzea, adineko pertsonak ukitu eta abian zein abiatzekotan dauden arauei, programei edo baliabideei buruz.

¿Te ha sido útil esta página?