Enrique Maya Iruñeko Alkateak eta Udalbatzako zenbait kidek azken asteetan egin diren Espainiako txapelketa ezberdinetan dominak eskuratu dituzten atleta nafarrei Udalak egin dien harrera-ekitaldian parte hartu dute. Guztira dozena bat domina eskuratu dituzte, banaka nahiz taldeka, abiadura-erreleboetan, iraupen luzeko lasterketetan, krosean, jauzietan eta jaurtiketan, berriz ere Nafarroako atletismoak estatuan duen ahala erakutsiz.
Harreran izan dira Miren Bartolomé, Laila Lacuey, Nerea Bermejo, Ángela Ferreira eta Alicia Carrera dominadunak. Ondoan izan dituzte haien kirol arrakastaren parte diren Javier Nagore, Francis Hernández, François Beoringyan eta Ignacio Santamaría entrenatzaileak eta teknikariak, baita Pablo Branchi Grupompleo Pamplona Atlético-ko lehendakaria ere. Alkateak atleta hauen ahalegina, ekina eta hobetzeko nahia goraipatu ditu. “Egunero ari zarete hobeak izateko ahaleginean, eta hori da garrantzitsuena. Hobetzeko nahiaren eredu zarete herritar guztientzat, Izan ere, hainbeste eta hain ongi lan egiten duzue, ezen zuen markak hautsi ez ezik urrezko hizkiz idatzi baitituzue Nafarroako atletismoaren historian”.
Rodrigo Domínguez Nafarroako Atletismo Federazioko lehendakariak ere hitz egin du, eta atleten izenean esker ona adierazi du haien lana eta kirol-arrakasta aitortzen dituen ekitaldi honengatik. Ekitaldia amaitzeko bertan ziren Udalbatzako kide, kirolari eta teknikariek taldeko argazkia egin dute.
Dominak eta kirol markak
Nafarroako ordezkariek urrezko lau domina, zilarrezko lau eta brontzezko bat irabazi zituzten Espainiako pista estaliko txapelketa absolutuan eta 23 urtez azpikoen txapelketan. Miren Bartolomék urrea eskuratu zuen pertika-jauzian, hala Salamancako 23 urtez azpikoen txapelketan nola Ourenseko absolutuan. Laila Lacueyk ere bi domina lortu zituen: urrezkoa 23 urtez azpikoetan eta zilarrezkoa luzera-jauziko absolutuan. Nerea Bermejok zilarra errepikatu zuen 200 metrotako 23 urtez azpikoan eta absolutuan. Emaitza horiei honako hauek gehitu behar zaizkie: Maitane Melerok Espainiako Txapelketan 3.000 metrotan lortutako urrea, Asier Martinezek 23 urtez azpikoen 60 metro hesietan eskuratutako zilarra eta Sandra Barriosek 23 urtez azpikoen pertika-jauzian erdietsitako brontzea.
Sorian eginiko Espainiako LV. Kros Txapelketatik ere ekarri zituzten dominak. Sara Madani, Nadya Collantes, Rebeca Miguelena eta Ereide Gonzálezek osatutako hogei urtez azpikoen nesken taldeak urrezko domina eskuratu zuen eta Rubén Morales, Alicia Carrera, Jorge Pascual eta Maitane Melerok osatutako errelebotako talde mistoak brontzezko bat. Azkenik, Castellón eginiko Jaurtiketa Luzeko Espainiako Neguko Txapelketan, otsailean, Angela Ferreirak zilarrezko domina lortu zuen disko-jaurtiketako txikien kategorian.