Gaur goizean, Enrique Maya Iruñeko alkateak eta Udalbatzako kide batzuek parte hartu dute Udalak antolatutako ekitaldi-instituzionalean, zeinean harrera egin baitzaie joan den irailean Kordoban egindako selekzio autonomikoen Espainiako Txapelketan –haurren, junior zein kadete kategorietan– parte hartu zuten neska eta mutilen selekzioei. Kirolariekin eta langile teknikoekin batera, Juan Pablo Pereyra Nafarroako Padel Federazioko lehendakaria ere izan da ekitaldian.
Udaletxeko harrera-aretoan izan da, eta horren bidez aintzat hartu nahi izan dira hala kirola bera nola Kordoban hauxe lortu duen harrobia: datorren urtean Nafarroa nazioko padelean 18 urtez azpikoetan onenak diren zortzi erkidegoen arteko txapelketan lehiatuko da, bai nesken kategorian –jada elitekoa zelarik– bai mutilen kategorian –igoera lortu berria delarik–.
Selekzio autonomikoen Espainiako Txapelketan, nesken kategorian hamabost selekziok parte hartu zuten, eta gizonen kategorian beste hamabostek. Nafarroak bietan aurkeztu zituen taldeak. Neskak lehen mailan lehiatu ziren, kategoria mantentzeko xedez; eta mutilak, bigarren mailan, igoera helburu zutela. Lehia haurren, junior zein kadete kategorietan izan zen, hiru partidatan onenagatik sailkatzeko, kategoria ezberdinen artean eginda.
Nesken kategorietan, non Nafarroa lehen mailan lehiatu baitzen, selekzioa hirugarren gelditu zen, Madrilgo Padel-federazioaren aurka finalaurrekoetan erori ostean; azkenean, hori izan zen txapelduna, 1-2 estu batean, hiru partidetako bi hiru set-etan jokatuta. Nafarroako taldekideak hauek izan ziren: Leyre Baldellou eta Maite Losarcos junior kategorian; Blanca Arriola, Paula Carril eta Marta Lambíes kadete kategorian; eta Leyre Insausti, María Erroz eta Marta Goñi haurren kategorian.
Mutilen kategorian, Nafarroa bigarren mailan lehiatu zen, eta lehen mailara igotzea lortu zuen, txapeldun geratu ostean, bi kanporaketa irabazita eta topaketa bat ere galdu gabe. Selekzioan honako hauek zeuden: David Guzmán eta Daniel Zugasti junior kategorian; Markel García, Luis Mari del Pozo eta Javier Belloso kadete kategorian; eta Iñigo Calvo, Aimar Goñi eta Beñat Jaime haurren kategorian.