Hamalau lagunek amaitu dute Iruñeko Udalak antolatutako prestakuntza-ikastaro teoriko eta praktikoa, dementziak jotako pertsonak etxean artatzeko. Gaitasun horietako kualifikazioak laneratze-bide bat urratzen du, azken urteetan enplegu-eskaera handitu den arlo batean. Parte-hartzaileen laneratzea Lan Bitartekotzako Udal Zerbitzuaren bidez eginen da, zeinak Nafarroako Alzheimer Gaixoen Senideen Elkartetik datozen eta sektorean izan daitezkeen eskaintzak eskuratzeko aukera emanen baitie. Sistema horrek dagoeneko ondo funtzionatzen duela erakutsi du prestakuntza-eskaintza horren aurreko edizioetan parte hartu zutenekin; izan ere, horien laneratzea % 85 ingurukoa da.
Dementziak jotako pertsonak etxean artatzeko ekimen horrek bere parte-hartzaileei guztira 153 prestakuntza-ordu eman dizkie modulu teorikoan, eta 20 ordu, alde praktikoan, Iruñeko Udaleko Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuan egiten direnak. Berriki amaitutako edizioak ematen ziren zenbait ikasketa hobetu ditu, prestakuntza denbora 10 ordutan handituz. Iruñeko Udaleko Gizarte Zerbitzuetako Alorraren xedea da esparru honetan urteko prestakuntza-ikastaro bati eustea, lana egonkorki eskaintzen duen alor honetan parte-hartzaileen enplegagarritasuna handitze aldera.
Berariazko kualifikazio mota horrek, prestakuntza jaso duten pertsonei eta beren etxeetan zaintza-lanak jasotzen dituzten dementziak jotako pertsonei onurak ekartzeaz gain, gaixoen zaintza-kalitatea eta alzheimerra duten pertsonen senideen egoera hobetzen du.
Pandemiak eragindako premiei egokitutako prestakuntza
Aurten, prestakuntzak COVID-19aren hedapena ekiditeko osasun-neurriei egokitu behar izan du. Prestakuntzarako ispilu-ikasgelak erabili eta birusaren hedapenarekin lotutako laneko arriskuen prebentziorako ikasketak eman dituzte. Ikastaroan metodologia aktiboa eta partizipatiboa erabili dute, eta ikus-entzunezko teknikak baliatu dituzte hala saio teorikoetan nola praktikoetan. Jorratutako gaien artean izan dira komunikazio-estrategiak, estimulazio kognitiboa, familian gaitzak sortzen duen inpaktua eta aurretiko dolua. Gaztelan Fundazioak parte-hartzaileei etxeko enpleguaren eta zeharkako gaitasunen inguruko edukiak emateko ardura hartu du. Halaber, prestakuntzan, Udalaren Etxez Etxeko Arreta Lantaldearekin saioak egin dituzte dementziak jotako pertsonentzat existitzen diren baliabideei buruz.
Prestakuntza horren urteko aurrekontua 6.000 eurokoa da, eta Iruñeko Udalak osorik finantzatzen du. Eskaintza hori 2014. urtean hasi zen, Iruñeko Udalak eta Nafarroako Alzheimer Gaixoen Senideen Elkarteak sinatutako Hitzarmen baten bidez, zeina 2018an berritu baitzen, 2023ra arte. Nafarroako Alzheimer Gaixoen Senideen Elkartea irabazi-asmorik gabeko elkartea da, eta bi egoitza ditu, bata Iruñean eta bestea, Tuteran. Elkartearen eginkizuna informazioa, prestakuntza eta babesa ematea da –gaixotasun hori jasangarriago egiteko– bai eta Alzheimer gaixotasuna eta bestelako dementziak ikertzeko ekimenak bultzatzea ere.