Aste honetan zaintza-kamerei konektatutako alarma-botoi bidezko sistema aktibatu dute hamahiru auzo-unitateetan, gizarte-zerbitzuetako langileen segurtasuna bermatzeko. Iruñeko Udalak neurriak hartu ditu langileen lan-osasuna eta herritarrei eskaintzen zaien zerbitzuaren kalitatea hobetzeko. Sistema auzo-unitateetan aktibatzeaz gain, HNALen (Haur eta Nerabeendako Arreta Lantaldea) eta EUAZen (Emakumeendako Udal Arreta Zerbitzua) ere aktibatuko da.
Larrialdi-botoi bidezko sistema hori aktibatuta zegoen dagoeneko Auzo-unitateetan eta Udaleko beste gizarte-zerbitzu batzuetan, gerta daitezkeen gorabeheretarako alerta moduan. Sistema berri horri esker, botoia sakatu eta gero gertatzen ari den guztia ikusi eta entzuten ahalko du Udaltzaingoak. Segurtasun-sistema indartzeko kameren kostua 15.000 eurokoa izan da (BEZik gabe).
Dagoeneko martxan jarri diren segurtasun-neurrietako bat hauxe da: gizarte-zerbitzuetan Udaltzain gehiago jartzea; horri esker, gizalegearen kontrako portaerei eta jarrera oldarkorrei aurre eginen zaie. Komunitate Poliziarekin eta segurtasun pribatuarekin lankidetza hobetu ahal izateko lanean ari dira, bi erakunde horien antolaketa eta presentzia kasu guztietan hobetzeko, eta ez bakarrik kasu konplexu edo larrienetan.
Txema Mauleón Echeverría Gizarte Ekintzako zinegotzi ordezkariak adierazi du ekimenak prebentziorako prestakuntzarako eta Udaleko gizarte-zerbitzuen eta langileen egoerari buruzko hausnarketarako programa zabalago baten parte direla. Programa horrek neurri zehatzak barne hartzen ditu, bai eta jarduketa-protokoloak egitea, arreta emateko jardunbide egokiak indartzea eta gizarte-laguntzan diharduten langileen azterketa egitea ere.
Arriskuen, prestakuntzaren eta barneko segurtasun-protokoloen azterketa
Prestakuntza funtsezkoa da egoera konplexuei aurre egiteko; izan ere, egoera horiek mehatxua edo arriskua izan daitezke gizarte-zerbitzuetan arreta ematen duten langileen segurtasunerako. Iruñeko Udala gizarte-zerbitzuetako langileen arrisku psikosozialen azterketa egiten ari da, sintomak, egoerak eta gorabeherak identifikatzeko. Azterketa horri esker, plan bat egiten ahalko da lanean modu egokian aritzeko eta langile bakoitzaren egoera pertsonala kudeatzeko beharrezkoak diren prebentzio-neurriak aintzat hartuta.
Legegintzaldi honetan ezarritako berrikuntza gisa, martxan dago dagoeneko Udaleko gizarte-zerbitzuetan gertatzen diren erasoen lan- eta balorazio-batzorde bat. Batzorde hori Lan Osasuneko ordezkariek eta Gizarte Ekintzako Alorreko langileek osatzen dute: helburua da hainbat zerbitzu eta programatan gertatzen diren egoerak aztertzea.
Gizarte Ekintzako Alorraren barne funtzionamendurako protokolo batean ere ari dira lanean, eta horrekin batera, zehapen-araubide bat eratuko dute, laneko arauak eta jarduketa-irizpideak ezartzeko. Halaber, auzo-unitateen eta Udaleko gizarte-zerbitzuetako langileen egoerari buruzko sentsibilizazio-kanpaina bat prestatzen ari dira, gai hauen berri emateko: egungo egoera, egiten duten lana eta egunerokoan gertatzen diren tentsio-egoerak, eraso fisikoak barne.
Hitzorduetan laguntzeari buruzko azterketa
Iruñeko Udala gizarte-zerbitzuetako hitzorduetan laguntzeari buruzko azterketa bat egitea bultzatzen ari da. Bertan beren hitzorduetara lagunduta joan diren erabiltzaileetako batzuekin izandako elkarrizketak jasoko dituzte, lagunduta joatearen beharraren zergatiak zeintzuk diren jakiteko, esperientzia nola bizi izan duten ezagutzeko, eta laguntzailea nola baloratzen duten jakiteko, bai eta gizarte-zerbitzuetan ematen duten arretarekin lotutako gaiak ezagutzeko ere.
Azterketa bi eztabaida-taldek bukatuko dute, eta hauek osatuko dituzte talde horiek: Udaleko gizarte-zerbitzuetako langileek eta laguntza ematearekin lotutako gizarte-entitateetako langileek. Lehenengo eztabaida-taldean laguntzailearen beharrak eta helburuak landuko dituzte, baita haien eginkizuna eta jardunbide egokiak eta desegokiak ere. Bigarren eztabaida-taldean gai hauek izanen dituzte hizpide: laguntza ematen dutenek laguntza hori emateko dituzten arrazoiak eta haien eginkizuna eta gizarte-zerbitzuetan arreta ematen dutenen eginkizuna; hala, jardunbide egokien erreferentziak sustatu, eta jardunbide desegokiak saihestuko dira.