Udalak gurasotasun positiboko saioen 220 ordu eskaintzen ditu hiruhileko honetan, adingabeen hazkuntzaz arduratzen direnei babesa emateko

Udalak gurasotasun positiboko saioen 220 ordu eskaintzen ditu hiruhileko honetan, adingabeen hazkuntzaz arduratzen direnei babesa emateko
Urtarrilaren 22ra arte dago zabalik izena emateko epea antolatutako 21 taldeetako batean aurrez aurre edo online parte hartzeko
parentalidad

 

Udalak urtarrilaren 22ra arte ireki du izena emateko epea ‘Zurekin hazten’ familia-laguntzako eta gurasotasun positiboko doako taldeetan tokia eskatzeko. 0 eta 18 urte bitarteko adingabeak zaindu eta hezteko arduradun direnei zuzenduta daude, baldin eta haurrak Iruñean erroldatuta badaude edo bertan eskolatuak badira; prestakuntzak eta laguntza astero eskaintzen zaizkie gurasoei, gertuko senideei edo adingabeen legezko tutoreei.

Lehen hiruhileko honetan 21 taldek osatzen dute eskaintza, bai euskaraz bai gaztelaniaz, eta otsailaren 9aren eta 13aren artean hasiko dira. Goizez zein arratsaldez eskaintzen dira, 10:00etatik 11:30era eta 17:00etatik 18:30era. 7 eta 14 toki bitarte eskaintzen dira talde bakoitzeko, eta ohi den moduan, aurrez aurre eta telematikoki (online) parte hartzen ahal da. Hauek dira bilguneak: zentro komunitarioak, udal-lokalak eta Alde Zaharreko, Azpilagañako, Arrotxapeko, Zabalguneko eta Iturramako eraikin publikoak.

Doako programa da, eta tokia eskatu nahi dutenek online inprimaki bat bete beharko dute, https://forms.office.com/e/QRMH7cH9PK. estekan eskuragarri. Edukiak hiru adin-tarteren arabera banatzen dira: 0 eta 6 urte bitarteko haurrak, 7 eta 12 urte bitartekoak eta 13 eta 18 urte bitarteko nerabeak; izena ematean erabakiko da zein taldetan parte hartuko duten. Abiapuntu gisa, talde bakoitzak dituen interes-arloei helduko zaie, hala nola lo egiteko jarraibideak, pantailak, mugak, komunikazioa eta sexualitatea. Gurasoak elkartzeko zazpi saio eginen ditu talde bakoitzak, 90 minutukoak, eta parte-hartzaileek gutxienez % 80ko bertaratzea izateko konpromisoa hartzen dute.

Familia-laguntzako eta gurasotasun positiboko taldeek partaidetzarako foru izatea dute helburu, baita elkarrizketa partekatua ahalbidetzea ere, eta, horrenbestez, saio guztietara bertaratzea (fisikoki edo birtualki) oso garrantzitsua da talde-harremanak osatu eta eraikitzeko. Elkarrizketa kudeatzen duen alorreko profesional batek dinamizatzen ditu espazioak: esperientziak partekatzeko aukera ezin hobea da elkarrizketa, baita hazkuntzarekin lotutako eguneroko egoerei erantzunak proposatzeko ere. 

Gurasotasun positiboa, tratu ona eta zaintzak oinarrizkotzat jotzen dira segurtasunez, enpatiaz eta errespetuz jokatzen duten haur zoriontsuak hezteko. Balio horiek familiei on egiteaz gain, gizarte bidezkoago eta baketsuagoa eraikitzen laguntzen dute.

2025eko azken hiruhilekoan 7 saiotako 12 ekintza egin ziren, hala aurrez aurre nola online. Bestalde, hamabi taldeetatik sei 0 eta 6 urte bitarteko haurren ardura duten helduei daude zuzenduta, bi, 7 eta 12 urteko gaztetxoen ardura dutenei eta lau, aurrenerabeen eta nerabeen ardura dutenei. Guztira, 56 pertsona, 49 emakume eta 7 gizon. 

Gainera, pantailen erabilera seguruari buruzko prestakuntza bat egin zen Iturraman: sei amak hartu zuten parte, Haurren, Nerabeen eta Familien Prebentziorako Programaren udal-teknikariek hautemandako beharrei erantzunez.
 

‘ZUREKIN HAZTEN’. FAMILIA-LAGUNTZAKO ETA GURASOTASUN POSITIBOKO DOAKO TALDEAK 

  • 21 talde

  • Parte-hartzaileak: gurasoak, gertuko senideak edo adingabearen legezko tutoreak

  • Talde bakoitzeko 7 saio antolatu dira (bakoitzak 90 minutu). Programaren saioen % 80ra bertaratzeko konpromisoa hartzen da

  • Goizez zein arratsaldez eskaintzen dira, 10:00etatik 11:30era eta 17:00etatik 18:30era

  • Toki kopurua: 7 eta 14 bitarte talde bakoitzeko. Izena emateko hurrenkeraren arabera esleituko dira

  • Aurrez aurre edo online

  • Topalekuak:
    Arrotxapea: La Carbonilla zentro komunitarioa (Marcelo Celayeta etorbidea 51)
    Azpilagaña: Azpilagañako zentro komunitarioa (Altzania Errekaren k. 18, atzealdea).
    Zabalgunea: Santa María La Realeko udal-lokala (Mutiloabeiti k. 19)
    Iturrama: San Joan Bosco zentro komunitarioa (San Joan Bosco k. 15)
    Alde Zaharra: Kondestable Civivoxa (Kale Nagusia 2)
    Casco Antiguo: Civivox Condestable (calle Mayor, 2)

¿Te ha sido útil esta página?