Udalak Guelbenzu Zinema eratzeko parte hartzeko prozesua jarri du abian, eta gune hori funtsezkoa izanen da Arrosadia-Milagrosa eraldatze aldera

Udalak Guelbenzu Zinema eratzeko parte hartzeko prozesua jarri du abian, eta gune hori funtsezkoa izanen da Arrosadia-Milagrosa eraldatze aldera
Aurki deituko dute ideia-lehiaketara, eta hura osatzeko, parte hartzeko prozesuan jasotako iradokizunak hartuko dituzte oinarri gisa
cines guelbenzu

 

Iruñeko Udalak datorren astean jarriko du abian parte hartzeko prozesua: Guelbenzu Zinema eraldatzeko oinarrizko ildoak ezartzea da helburua, betiere Ekintza Plan Integratuak Milagrosa-Arrosadian aplikatu nahi duen proposamena aintzat hartuta. Udalak bilerak eginen ditu kolektibo eta elkarteekin, lantegi bat antolatuko du, eta proposamenak bilduko ditu; hala, aurrera eginen da zinema zaharrak birgaitzeko eta aktibatzeko proiektuan, eta auzorako gune soziokultural berri bat eratuko da. Jasotako ekarpenak zinemak berreskuratzeko pleguan txertatuko dira. ‘Auzoan ezin hobe’ da proiektuaren izena, eta Iruñearen hautagaitzaren parte da Europar Batasunaren FEDER funtsek finantzatutako Bertako Garapen Integratuko Estrategien Proiektuen laguntza-deialdirako.

Parte hartzeko prozesua apirilaren 8an hasiko da: Milagrosa-Arrosadiko hainbat kolektibo bilduko dira. Besteak beste, kolektibo eta elkarte hauekin eginen dituzte bilerak: Milagrosa-Arrosadiko bizilagunen eta merkatarien elkartearekin, Milagrosa-Arrosadiko kultur koordinakundearekin eta Gure Sakaldi kultur elkartearekin. Elkarte horiekin guztiekin elkarlanean garatuko dira parte hartzeko prozesuaren hurrengo faseak: euskarazko eta gaztelaniazko edukia prestatuko da eta in situ parte hartzeko gailu bat instalatuko da; gailu hori herritar orok erabiltzen ahalko du apirilaren 7tik 11ra, Guelbenzu Zinema zaharraren fatxadan. 

Gailuari esker, herritar bakoitzaren ekarpenak jasoko dira, eta apirilaren bukaeran lantegi bat antolatuko da ekarpen horiek aztertzeko. Lantegian, aurrera eginen dute proposamena zehazteko bidean, Guelbenzu Zinema herritarrek berreskuratu dezaten, betiere auzoko herritarren beharrak eta itxaropenak aintzat hartuta. Informazio horrekin guztiarekin, Udalaren teknikari eta arduradunek proposamen bideragarrienak identifikatuko dituzte; maiatzaren erdialdean proposamenak bateratzeko eta lehenesteko jardunaldi bat eginen da, eta berriz ere proposamenen berri izanen dute herritarrek.

Ondoren, Guelbenzu Zineman esku hartzeko proposamenaren aurrediseinua osatuko da, eta litekeena da ekainaren hasierarako prest egotea. Aurrediseinua Arrosadia-Milagrosan Jarduteko Plan Integralaren proiektu estrategikoen parte da; izan ere, ezinbestean egin beharreko proposamena da, funtsezkoa baita auzoaren gizarte-, kultura- eta hiri-garapena sustatzeko. Gainera, gunea birgaitzeari esker, auzoan gune komunitario gehiago izanen dituzte, eta eskaintza kulturala handituko da. Horregatik guztiagatik, Guelbenzu Zinema gizarte-taldeen arteko elkarreragina sustatzeko gune komunitario gisa proposatzen da: gunea auzoaren ikur bereizgarri bihurtuko da, eta hari esker auzoko eskaintza kulturala berrituko da.

Iruña Biziberritzen sozietate publikoa ‘Auzoan ezin hobe’ proiektuan lankidetzan ari da: hiria berroneratzeko proiektu berritzaile eta multidimentsionala da, eta FEDER programaren Europako laguntzetara aurkeztuko da.  Proiektuan diharduen beste elkartea Arrosadiko Bulego Berdea da: Paisaje Transversal enpresaren laguntza teknikoa du, Gobernu Estrategikoko, Hirigintzako, Etxebizitzako eta 2030 Agendako Alorraren gidaritzapean.

‘Auzoan ezin hobe’ proiektuaren barruan, Udalak ikus-entzunezkoen ekosistema digitala sortzea proposatzen du, Zolina ikus-entzunezkoen gunea; gune horrek prestakuntzak egiteko ekipamendua izanen du. Ideia da gune hori ikus-entzunezkoen sektoreko eta sektore digitaleko enpleguaren eragilea izatea; izan ere, bi sektore horiek presentzia urria dute auzoan. Ekosistema horretan funtsezkoa da Guelbenzu Zinema: Milagrosa-Arrosadiko gizarte-kohesioa eta kulturen arteko bizikidetza sustatzen du, Iruña ikus-entzunezko sektorearen gune estrategiko izateko bidean.
 

GUELBENZU ZINEMA BERRIA DISEINATZEKO PARTE HARTZEKO PROZESUA

  • Bilerak auzo-elkarteekin

    • Apirilaren 7tik 11ra bitarteko astea

  • In situ parte hartzeko gailua jartzea

    • Apirilaren 14tik 18ra bitarteko astea

  • Lantegia:

    • Apirilaren 28tik maiatzaren 4ra bitarteko astea 

  • Kontrastatzeko barne-bilera

    • Maiatzaren 5etik 9ra bitarteko astea

  • Bateratzeko eta lehenesteko saioa

    • Maiatzaren 12tik 16ra bitarteko astea

  • Oinarrien dokumentua ematea:

    • Maiatzak 28

¿Te ha sido útil esta página?