Udalak gizarte-larrialdietarako 6 etxebizitzetako obrak hasi ditu; bitartean beste hirutan lanak amaitzen ari da eta 7 gehiago zaharberritzeko lizitazioa zabalik du

Udalak gizarte-larrialdietarako 6 etxebizitzetako obrak hasi ditu; bitartean beste hirutan lanak amaitzen ari da eta 7 gehiago zaharberritzeko lizitazioa zabalik du
Premiazko etxebizitza beharrak asetzera bideratutako 16 pisuetako obrak egiteko 810.070 euro inbertituko ditu Udalak

Iruñeko Udalak aste honetan hasi ditu obrak gizarte-larrialdian dauden pertsonei zuzendutako San Pedro auzoko etxe-multzoko 6 etxebizitzatan. Horrez gain, beste hiruretan lanak amaitzear ditu, eta abian da xede bererako 7 etxebizitza zaharberritzeko esleipen-prozesua. Udalak 810.070 euroko inbertsioa egin du 16 etxebizitza horietan obrak egiteko. Hala, Iruñeko Udalak osasun-krisiak eta Gizarte Zerbitzuetako presazko etxebizitza-premia kasuen gorakadak sortutako egoerari aurre egin nahi dio.

Kasu guztietan, etxebizitzak kontserbazio-egoera eskasean daude. Gehienek komuna, sukaldea, 3 logela eta egongela dituzte, eta 69 m2 inguruko azalera eraikia. 1950 inguruan eraiki zituzten, eta haietan ez da zaharberritze lan garrantzitsurik egin. Hain zuzen, oraindik ere zeramikazko edo terrazozko zoladura dute sukalde eta komunetan, eta gainerako geletan parket kolatua eta igeltsua edo paper pintatua. Ez dute berogailurik. Etxebizitza batzuek ekonomika dute, eta instalazio elektrikoa pareten kanpoaldetik egina. Ate eta leihoek zurezko arotzeria arruntak dituzte, eta beiratze soilez egindako kanpoko kontraleihoekin osatu zituzten.

Erabateko zaharberritzeak berogailua eta sukalde nahiz komun ekipatuak barne hartzen ditu

Oro har, etxebizitza guztietan adreilu soileko trenkadak bota eta haien ordez adreilu hutsekoak jarri dituzte. Behar izanez gero, komuna eta atondoa bereizteko trenkada berriak eraiki dituzte, eta sabaiak egokitu sabai aizunekin. Gela hezeetan hidrofugoak egin dituzte. Gainera, instalazio elektrikoa, iturgintzakoa eta saneamendukoa erabat berritu eta indarreko araudira egokitu dituzte. Era berean, ur beroko galdara bat eta berokuntza-sistema berri bat instalatu dituzte.

Paretak eta sabaiak margotu eta barneko nahiz kanpoko arotzeriak aldatu dituzte. Leihoak eta kontraleihoak ordeztu dituzte aluminiozko elementu bakar batekin, zubi termikoaren hausturaz eta kristal bikoitzaz. Barruko ate berriak zurezkoak dira, lauak eta zurian lakatuak, altzairu herdoilgaitzeko burdineriez eta eskulekuez. Etxebizitzetara sartzeko ateak ere ordeztu dituzte.

Lanak egin bitartean sukaldeak eta komunak erabat berritu dituzte, eta formatu modernoko zeramikazko alikatatuak instalatu dituzte. Sukaldeetan altzari altu eta baxuak paratu dituzte, baita etxetresna elektrikoak ere. Aste honetan lanak hasiko dituzten etxebizitzei dagokienez, ijeztu zuriko altzariak izanen dituzte, eta hozkailua, garbigailua, mikrouhin-labea, ke-kanpaia eta bitrozeramikazko plaka.

Aste honetan hasiko diren lanek zenbait gune komun ere barne hartzen dituzte

Duela bi aste lanak hasi zituzten 6 etxebizitzatan, eta atari bereko guztiak direnez, kontagailu elektrikoak zentralizatzeko lanak ere eginen dituzte bertan. Halaber, instalazioak aireberritzeko patio berriak eginen dituzte galdara-tximiniak, ke-kanpaiak eta aireztapenak estalkiraino iristeko. Eraberritzearen barruan sartzen dira atezain automatikoa instalatzea eta atarian postontziak paratzea.

Lanak hasi dituzten 6 etxebizitzak San Pedro auzoko etxe-multzoko 26an daude. Lanak 385.998 euroan (BEZa barne) esleitu zitzaizkion Servicios Inserlantxori. Jada amaitu diren hiru etxebizitzak San Pedro 40an daude, eta eraberritze-lanak Belate Servicios Integrales S.L. enpresak egin ditu, 126.193 euroko aurrekontuaz. Obren lizitazio berrian sartuta dauden etxebizitzak Marcelo Celayeta etorbideko 114., 118. eta 120. zenbakietan daude, eta San Pedro auzoko etxe-multzoko 15. eta 20. zenbakietan. Kasu honetan bi lotetan banatu dira, eta aurrekontua, guztira, 297.879 eurokoa da (BEZa barne).

¿Te ha sido útil esta página?