
Iruñeko Udalak hitzarmen bat sinatu du Nafarroako Garapenaren Aldeko Gobernuz Kanpoko Erakundeen Koordinakundearekin, zeinaren bidez Udalak laguntza berretsi dio 50 GGKE biltzen dituen eta garapenaren aldeko lankidetzan eta nazioarteko elkartasun-boluntariotzan hiriko erreferente nagusia den entitate horri. Ezaugarri horietako lehenengo hitzarmena 2000. urtekoa da, eta, oraingoan, koordinakundearen jarduketei emandako laguntza bereziki joanen da Informazio eta Koordinazio Bulegoa sustatzera. 36.000 euro dituen hitzarmena sinatzean María Caballero Gizarte Zerbitzuetako, Komunitate Ekintzako eta Kiroleko zinegotzi ordezkariak eta Celia Pinedo GGKEen Koordinakundeko lehendakariak hartu dute parte.
Bulegoan zuzenean erantzuten diete argibide-eskariei, eta Udalak berak betetzen dituen eginkizunen lan-ildo osagarria da. Helburua da gaur egungo eredu estatiko horretatik nazioarteko lankidetzako Informazio eta Baliabide Zentro dinamikoago bat sortzea. Ekimen hori Garapenaren aldeko Nazioarteko Lankidetza Programatik egindako jarduketen barnean dago, eta Garapenaren aldeko Nazioarteko Lankidetzaren Plan Zuzentzailean (2018 – 2021) definitutako estrategia-ildoetako baten parte da. Iruñeko Udalak 1,5 milioi euro baino gehixeago bideratu ditu, aurten, lankidetzarekin lotutako jarduketetara, hau da, hiriaren aurrekontuaren % 0,76.
Bulegoa San Pedroko etxe multzoko 31ko behean, ezkerrean
Iruñeko Udalak kontuan hartu du, bulegoa sustatzeko, herritarrek gero eta gehiagotan eskatzen dutela GGKEei buruzko informazioa, egiten duten lanari buruz eta haiekin kontaktatu eta laguntzeko moduei buruz. Horretaz gain, erakundeen eta administrazioen arteko koordinazio-biderako ere balio du, bai eta arlo honetan lan egiten duten GGKEen arteko elkarlanerako ere. Hala, herritarrek eta erakundeek aukera dute errazago ezagutzeko hala inguru hurbileko nola lanaren xede diren herrialdeetako egoera sozial, ekonomiko eta politikoa. Horren guztiaren fruitua izaten da, askotan, elkarlaneko ekimenak sortzen direla.
GGKEen Koordinakundea San Pedroko etxe multzoko 31 behean dago, ezkerrean, eta Informazio eta Koordinazio Bulegoak astelehenetik ostiralera ematen du arreta, 10:00etatik 14:00etara, eta astean arratsalde batez, 16:00etatik 18:00etara. Hitzarmenaren bidez lau lanpostu finantzatuko dira, honako zeregin hauetan aritzeko: eragin soziala eta komunikazioa, sareak eta webgunea, koordinazio orokorra eta hezkuntza.
Onlineko prestakuntza sustatzea
Hitzarmenaren testuak jasotzen duenaren arabera, Informazio eta Koordinazio Bulegoa kontsultei erantzuten jarraituko du, eta lankidetzaren aldeko elkarlan- eta hezkuntza-jarduerak dinamizatuko ditu, aurten, Iruñean giltzarri diren gainerako zentro, entitate eta agenteekin garatzeko, batez ere gazteei, boluntarioei eta elkarteei informazioa emateko. Horretaz gain, informazio-lan horren osagarri, badira onlineko beste tresna batzuk ere: hamabostean behin argitaratzen den gaurkotasuneko albisteen buletin bat (22 edizio banatuko zaizkie izena emana duten 1.552 laguni), hileroko agenda solidarioa, direktorioaren eguneraketa online eta paperean, www.congdnavarra.com webgunea, Eskola Solidarioen atalean eguneratzen dena, Facebook eta Twitter sare sozialak eta Boluntariotzaren Gida baten eguneratzea eta onlineko edizioa prestatzea.
Koordinakundeak egiten dituen jardueren artean daude garapenaren aldeko elkarlan eta hezkuntzako politika publikoetan sektoreak egiten dituen proposamen adierazgarrien segimendua egin eta horiek prestatu, besteak beste, Lankidetzarako Udal Kontseiluaren bidez. Koordinazio eta kanpo hedapeneko jarduketa gisara aipa daitezke parte hartzea erkidegoetako koordinakundeen taldean eta Entitate sozialen plataforman, Iruña Harrera Hiria ekimenean eta FIAREn. Aurten, gainera, lanean ari da herritarrak, GGKEak eta instituzioak elkartzeko eta gogoeta egiteko lekuak sortzen.
Koordinazio-jardueren barnean, koordinakundeak aldian-aldian barne-zirkular bat bidaltzen du, jarduerei eta intereseko gaiei buruzko informazio orokorrarekin. Baditu, baita ere, honako hauek: Intraneta, barne-koordinazio eta -informaziorako gune gisa; GGKEen parte-hartzea sustatzen duten lan-batzordeak, eta gune informal bat hirira bisitan etortzen diren Hegoaldeko kontraparteekin informazioa trukatzeko. Azkenik, prestakuntza-jarduketak ere egiten dira.
2019: GGKEen direktorioa eguneratzea eta nazioarteko boluntario-lanari buruzko gida
Informazio bulegoak iaz 210 kontsultari erantzun zien, hala telefonoz nola aurrez aurre eta posta elektronikoz, eta horietako batzuek zenbait kontaktu egitea ekarri zuen. Webgunearen eta sare sozialen bidezko kontaktuak handitu direla egiaztatu zen. Informazio-lanak zenbait tresna izan zituen oinarri, batez ere GGKEen Direktorioa (on line formatuan eguneratua eta 2019an 10.411 bisita izan zituena) eta nazioarteko boluntariotza-gida (600 bisita inguru izan zituen). Horretaz gain, 23 buletin inguru bidali ziren, diseinu berriarekin, 1.768 posta-helbidetara, eta 165 jarduera argitaratu ziren webgunean, hala GGKEen koordinakundearenak nola bestelako entitateenak (6.388 bisita izan zituzten). Hori guztia Facebook-en eta Twitter-en egindako argitalpenekin osatu da. 57 aholkularitza egin ziren hezkuntzatik, 47 eragin politikoari buruzkoak, eta 18 koordinaziotik.
Nafarroako Garapenaren Aldeko GKEen Koordinakundea 1998an sortu zen eta 50 entitatek osatzen dute, iaz baino 4 gehiagok. Helburua du hala Nafarroako gizartea engaiatzea munduan garapen-eredu bidezko eta zuzenago baten alde, konpromiso politiko eta sozialaren bidez, nola prestakuntza, gogoeta eta esperientzien-elkartrukaketarako espazioak sortzea, GGKEen elkarlana eta bakoitzaren lana indartuz, eta parte-hartzea eta genero ekitatea indartzea.