Udalak gertuko merkataritzak “hiria egiteko” duen berebiziko garrantzia bultzatzen du, erosketa seguruak bermatuz

Udalak gertuko merkataritzak “hiria egiteko” duen berebiziko garrantzia bultzatzen du, erosketa seguruak bermatuz
Merkataritza-elkarteekin batera, Udalak kanpaina bat abiatu du kalez kale ibili, erakusleihoetara hurbildu eta dendetan sar gaitezen

saborea comercio
 

Iruñeko Udalak eta merkataritza-elkarteek ‘Dastatu berriz ere tokiko produktuak’ kanpaina abiarazi dute, herritarrei kalez kale ibili eta establezimenduetara sartzeko deia, modu horretan ‘hiria hiriago’ egiten laguntzeko, oso beharrezkoa baita bi hilabetez konfinatuta eta mugitzeko murrizketekin egon ondoren. Merkatarietako bakoitzak ezarritako segurtasun- eta prebentzio- neurriek erosketa seguruak bermatzen dituzte Iruñean.

Familia zein lagunekin pintxoak edo zerbait hartzera ateratzen garen moduan, merkatariek haien produktuak ‘dastatzeko’ gonbita egiten digute aurten. Eta oso bisuala den kanpaina batekin egiten dute, non muntaia bitxiekin pintxo tradizionalak irudikatzen baitituzte. Koloreak eta formak konbinatuta, Iruñeko dendetan aurki ditzakegun eskularru, maleta, txaketa, ezpain-margo, jostailu zein dekoratzeko elementuak une batez eraldatzen dituzte.

Iruña deseskalatzearen bigarren fasean sartu ondoren, merkatariek jendearendako zabal ditzakete dendak berriz ere ohiko edukiera % 40ra mugatuta, eta lokalak prestatu dituzte erosketa seguruak egin ahal izateko, beharrezko segurtasun- zein prebentzio-neurriak ezarrita. Gel desinfektatzaile hidroalkoholikoa dute, eta maskarak derrigorrez erabili behar direla gogoratzen dute.

Segurtasun- zein prebentzio-neurriak zorrozki betetzearen xedea da bezeroak erosketak egin bitartean erlaxatuta egotea eta denbora hori disfrutatu ahal izatea, erosketak atseginagoak gerta dakizkien. Udalak eta merkatariek  mezu hori ere islatu nahi izan dute kanpainan, denek ala denek partekatzen duten ideia batekin, izan ere, ‘zu ikusteko irrikitan daude’.

Hiria hiriago egiten duen merkataritza

‘Dastatu berriz ere tokiko produktuak’ ekimenak ‘Hiria, hiriago’ programaren helburuak bere egin ditu aurten. Programa hori 2004az geroztik urtero egin izan da, eta sasoi honetan ohiko hitzordu bilakatu da. Egungo egoerak Iruñeko auzo eta kaleetan jarduerak egitea ezinezko egiten du. Horregatik, ‘hiria, hiriago’ egiteko dendek eginen duten ekarpena, oraingoan, erakusleiho eta produktuen bidez irudikatuko da.

‘Hiria, hiriago’ kanpaina Iruñeko Udalak antolatzen du toki hauetako merkatarien elkarteekin batera: Alde Zaharra, Zabalgunea, Martín Azpilcuetako merkataritza-eremua, Donibane, Ermitagaña eta Mendebaldea, Iturrama, Sanduzelai, Arrotxapea, Txantrea eta Mendillorri.

¿Te ha sido útil esta página?