Iruñeko Udalaren Tokiko Gobernu Batzarrak oniritzia eman dio Turismo Bulegoko eta hiriko abegi-zentroetako arreta- eta komunikazio-turistikoa lizitatzeari, gehienez 435.955,12 euroan eta 2025erako. Kontratuak, behin adjudikatuta, lau luzapen izan ditzake gehienez, hau da, 2029ko abendura arte, eta, beraz, zerbitzu horretarako gordailu ekonomikoa 1,8 milioi eurokoa da.
Lizitazio horren bidez, Udalak Turismo Bulegoko arreta-zerbitzua mantendu nahi du. Turismo Bulegoa San Saturnino kalean dago, Udaletxe plazaren izkinan. Hala ere, turisten eta Iruñeko herritarren topagune den gune horri SanFermIN! Espazioa gehitu behar zaio. SanFermIN! Espazioa joan den ekainean inauguratu zen, San Domingo aldapan, eta informazio turistikorako gune bat da hori ere. Horregatik guztiagatik, lizitazioak bi guneak biltzen ditu.
Kontratuan parte hartu nahi duten enpresek proposamen tekniko eta ekonomiko bana aurkeztu beharko dituzte. Proposamen bakoitza 50 punturekin baloratuko da gehienez. Proposamen teknikoak barne hartzen ditu langileen antolaketa-plana (15 puntu), komunikazioko zerbitzuak eta arreta turistikoak proposatutako lan-plana eta metodologia (10 puntu), azpiegiturak kudeatzeko plana (5 puntu) eta prestakuntza-plana (5 puntu) bi guneen buru izanen direnentzat. Horrez gain, Udaleko eta Gobernuko Turismo Zerbitzuarekin eta beste erakunde batzuekin lankidetzan aritzeko eta koordinatzeko plan bat aurkeztu beharko da (10 puntu), eta txostenen eredu bat ere bai (5 puntu).
Irizpide kuantitatiboei dagokienez, enpresa hautagaien eskaintza ekonomikoa baloratuko da (gehienez 10 puntu), eta gainontzeko 40 puntuak beste alderdi batzuen arabera esleituko dira. Hala, gehienez 10 puntu emanen dira hobekuntzengatik; besteak beste, disfuntzio fisiko, psikiko eta sentsoriala duten taldeei, adinekoei eta haurrei arreta emateko neurriak baloratuko dira. Beste 5 puntu emanen zaizkie taldeen koordinazioa lantzeko kudeaketa-tresnak txertatzen dituztenei. Hala ere, irizpide kuantitatibo gehienak (gehienez 25 punturekin baloratutakoak) gune horietan arreta ematen duten langileen soldata-hobekuntzei daude bideratuta. Hasiera batean, zortzi profil profesional aurreikusi dira bi espazioetan turistei arreta emateko, aurretik zehaztutako arreta- eta irekiera-egutegi baten arabera.
Arreta pertsonalizatua, digitala eta merchandisinga
Turismo Bulegoko eta SanFermIN! Espazioko arreta- eta kudeaketa-zerbitzuak hainbat alderdi barne hartzen ditu. Batetik, argibide-zerbitzua eta Nafarroako, beste erkidego batzuetako eta beste herrialde batzuetako bisitari guztiak biltzen ditu. Arreta hori aurrez aurre, telefono bidez eta modu digitalean ematen da. Gaztelaniazko, euskarazko, inglesezko eta frantsesezko B2 mailako ezagutzak behar dira zerbitzua eskaini ahal izateko. Gainera, gune horiei esker, turismo-laguntza ematen zaie sektoreko enpresei, administrazio publikoei, tokikoei, autonomikoei eta nazionalei, baita ikastetxeei eta prestakuntza-zentroei ere.
Gainera, Turismo Bulegoan eta informazio-puntuetan, bisitetarako eta turismo-jardueretarako sarrerez gain, argitalpenak, merchandisinga eta produktu baimenduak banatu eta saltzen dira.