Udalak gaztelaniazko eredua ezarriko du berriz ere, pixkanaka, Donibane eta Printzearen Harresi haur eskoletan, eta gaztelania ingelesarekin gehituko dio Goiz Ederreko eskaintzari

Udalak gaztelaniazko eredua ezarriko du berriz ere, pixkanaka, Donibane eta Printzearen Harresi haur eskoletan, eta gaztelania ingelesarekin gehituko dio Goiz Ederreko eskaintzari
Modu horretan Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiaren epaiari men eginen dio, eta uko eginen zaio kasazio-errekurtsoa jartzeari, egungo egoera lehengoratzen hasteko behin-behineko izen-emateetarako epea ireki aurretik
escuelas infantiles

 

Iruñeko Udalak pixkanaka eta mailaz maila berregituratuko du, datozen hiru urteotan, Donibane, Printzearen Harresi eta Goiz Eder haur-eskoletako lekuen egungo eskaintza, 2016az geroztik hizkuntza-ereduetan egindako aldaketak baliogabetzen dituzten epai judizialak betetzeko. Donibane eta Printzearen Harresi haur-eskolek gaztelaniazko hizkuntza-eredua izanen dute berriro, eta Goiz Eder haur-eskolan ingelesezko jarduerak dituzten gaztelaniazko zenbait leku eskainiko dira, egungo euskarazko-eskaintzari gehituko zaizkionak.

 

Aldaketak datorren ikasturtean (2020-2021ekoan) hasiko dira, eta 2022-2023ko ikasturtean burutuko da aldaketa-prozesua. Eredu-aldaketa pixkanaka eginen da, eskolako ikasleen hezkuntza garapenari lagunduz, halako moduan non ez baitzaie familiei sortuko eskola horietan 2016an aritu ziren haurren familiei, epai judizialaren arabera, sorrarazitako babesgabetasun-egoerarik. Horretarako, Iruñeko Udalaren Haur Eskoletan izena behin behinean emateko hurrengo aldian, gaztelaniazko lekuak txertatuko dira Donibane eta Printzearen Harresi haur-eskoletan, eta ingelesezko jarduerak dituzten gaztelaniazko lekuak Goiz Eder haur-eskolan, soilik “bularreko” eta “ibiltarien” taldeetan, horiek baitira 0tik 3 urtera bitarteko zikloan hasten diren haurrik txikienak. “Ertainen” eta “handien” taldeetan oraingo euskarazko ereduari eutsiko zaio haur horiek ikastetxe horretako prestakuntza amaitu arte, hautatutako hizkuntza-ereduko hezkuntza ez eteteko. Hori horrela, ezein haurrek ez du bere garaian hautatutako eskola eta eredua utzi beharko aldaketa hauek hartaraturik.

 

Enrique Maya Iruñeko alkateak eta Fernando Sesma Hezkuntza, Herritarren Partaidetzako eta Gazteriako zinegotzi ordezkari zein Iruñeko Udaleko Haur Eskolen Erakunde Autonomoko lehendakariak gaur goizeko prentsaurrekoan ezagutarazi dute Tokiko Gobernu Batzarrak onetsitako erabakia; horrela, 2016an zenbait eskolatan egindako hizkuntza-ereduen aldaketak atzera botatzen dituzten epaiak betetze aldera hartuko diren neurriak iragarri nahi izan dituzte. Hiru epai dira, 2017ko otsaileko hasierako lehen epaitza judiziala berresten dutenak; hori horrela, udal-ordezkariek “atzerapen-amarrutzat” jo dituzte “aurreko gobernu-taldeak epaiari men ez egiteko” jarritako errekurtsoak.

 

Eskolen “normalizazioa”

Enrique Maya alkateak azpimarratu du “haur-eskolak normalizatzeko unea dela, normaltasunera itzultzekoa”. Justiziak baliogabetu dituen aldaketak 2016-2017ko ikasturtean gertatu ziren, eta haien ondorioz, hizkuntza-eredua aldatu zen, gaztelaniatik euskarara, Donibane eta Printzearen Harresi haur-eskoletan, eta beste hiru eskola lekualdatu ziren: Rotxapea haur-eskola, euskarazko eredua zuena, Hello Rochapea zaharreko instalazioetara pasa zen, eta izena aldatu zitzaion, Goiz Eder jarri zitzaiolarik; gaztelania eta ingelesekoa zen Hello Rochapea Egunsenti haur-eskolara pasa zen, eta Hello Egunsenti izena jarri zitzaion, eta Rotxapea haur-eskolako instalazioetan ezarri zen Egunsentiko gaztelaniazko eredua. Aldaketa horiekin 164tik 408ra igaro ziren euskarazko lekuak, eta gaztelaniazko eta gaztelania+ingelesa ereduko 255 leku kendu ziren.

 

Ukitutako familiek erabaki horiek errekurritu zituzten orduan. 2017ko otsailean, Administrazioarekiko auzien Epaitegiaren 37/2017 epaiak erabaki horiek baliogabetu zituen. Apelazioa ebazten duen 490/2017 epaiak, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak emanak, Iruñeko Udalak jarritako apelazio-errekurtsoa gaitzetsi zuen. Joan den abenduan, 113/2019 autoak Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiaren aurrean jarritako kasazio-errekurtsoa ez onartutzat jo zuen.

 

Ildo horretan, Enrique Maya alkateak “Iruñeko guraso askoren sufrimendua eta duintasuna aintzatetsi” nahi izan ditu, “jarduketa horiek, ilegalak izan ez ezik, printzipio etiko orotik urrun ere egon direlako”.

 

Plangintza hiru urtera

2016an hartutako erabakietan atzera egiteak aurreko egoerara itzultzea dakar, eta horretan, bada arazo bat, Rotxapea haur-eskolako instalazioak 2016ko azaroan itxi baitziren, egiturazko gabezia larriak zirela eta. Zio horiek berberak direla medio, teknikoki ez da gomendagarria eskola hori berriz irekitzea, bertan ezarriko litzatekeen hizkuntza-eredua gorabehera. Hori horrela, eskola horren desagerpenak ez dezan eragin negatiborik eduki ez euskarazko eskaintzan (eredu hori eskaintzen zen 2016ko aldaketa baliogabetuen aurretik) ezta ingelesezko jarduerak dituen gaztelaniazko ereduan ere (hori itzuliko litzateke Hello Rochapea zaharrera, gaur egun Goiz Eder delakora), erabaki da Goiz Eder haur-eskolan bi ereduak eskaintzea, hots, euskarazkoa eta ingelesezko jarduerak dituen gaztelaniazkoa, Nafarroako Gobernuak Iruñean kudeatzen dituen haur-eskoletan, Nuestra Señora de los Ángeles eta San Jorge delakoetan, egiten den bezala.

 

Datorren 2020-2021eko ikasturterako Udalaren haur-eskoletarako behin-behineko izen-ematean, erakunde autonomoak gaztelaniazko lekuak eskainiko ditu Donibane eta Printzearen Harresi haur-eskoletan, baina soilik “bularrekoak” eta “ibiltariak” taldeetako ikasle berrientzat. “Ertainen” eta “handien” taldeetan euskarazko eredua mantenduko da, orain bezala, eta talde horietan hutsik geratzen diren lekuak ohi bezala eskainiko dira. Goiz Eder haur-eskolan leku berriak eskainiko dira, ingelesezko jarduerak dituen gaztelaniazko eredurako, soilik “bularrekoak” eta “ibiltariak” taldeetako ikasle berrientzat. Goiz Eder haur-eskolako eskaintza berri horri oraingo euskarazko ereduko ohiko eskaintza gehituko zaio, eskolak bi ereduetan arituko delako. 

 

2021-2022ko ikasturtean eredu berriendako taldeak handituko dira. Donibane, Printzearen Harresi eta Goiz Eder haur-eskoletan “bularrekoak” talde berrietarako lekuak eskainiko dira, eta horiekin batera, “ibiltarietan” eta “ertainetan” geratzen diren lekuak. Euskarazko irakaskuntzari helduko zaio “handien” taldeetan. 2022-2023ko ikasturterako, guztiz ezarrita egonen da Donibane eta Printzearen Harresi haur-eskoletan 2016an onetsi baina Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak epai bidez baliogabetutako aldaketen aurretik zegoen eredua, eta Goiz Eder haur-eskolan buruturik egonen dira ere epai judizial horren ondoriozko aldaketak. Ikasturte horretarako, talde guztietarako eskainiko dira lekuak, gaztelaniaz Donibane eta Printzearen Harresi haur-eskoletan, eta ingelesezko jarduerak dituen gaztelaniazko ereduan zein euskarazkoan, Goiz Eder haur-eskolan.

 

Alkateak iragarri duenez, hartutako neurriek epaia hertsiki betetzea eta legaltasuna berrezartzea beste helbururik ez dute. Edonola ere, Udalak ikerlan bat bultzatuko du, benetako eskaera ezagutzeko eta “hiriko errealitate linguistikoari zein familien benetako eskaerari erantzuten dien” eskaintza egiteko haur-eskoletan.
 

¿Te ha sido útil esta página?