
Iruñeko Udalak ezkontza zibilak egiteko beste prozedura bat onetsi du. Ezkontza zibil azkarrak izanen dira, ekitaldi publikorik gabekoak: soilik ezkongaiek eta bi lekukok hartuko dute parte, eta Udaletxean ospatuko dira hileko lehen ostiraletan. Alkatetza Dekretu bidez ezarri da prozedura berri hau, zeina ezkontza zibil arrunten prozedurari gehituko baitzaio. Prozedura arruntean ospakizuna eta ekitaldi publikoa egiten da Ziudadelako Lidia Biurrun aretoan.
Modalitate azkar hori soilik ezkontzaren formalizazio legala behar dutenei zuzenduta dago, eta zeremonia publiko luzerik gabeko prozedura sinplifikatu azkar baten bidez eginen da. Modalitate arrunta, bestalde, aurretiko plangintza bat egin dutenendako izanen da, eta, kasu horietan, ekitaldi formalagoa antolatuko da. Ezkontza azkarrak doakoak izanen dira, eta ez dute Ziudadelan egiten diren ezkontza zibilek ordaindu beharreko tasa ordaindu beharko. Ezkontza zibil horiek hileko lehenengo ostiraletan eginen dira, 11:30etik 13:30era bitarte, 15 minutuko tarteetan, eskuordetutako zinegotziren baten aurrean. Ezkontza azkarretan ezinen da aukeratu zein zinegotzik gidatuko duen ekitaldia, egunen banaketa-sistema baten arabera ezarriko baita.
Ezkontza azkarrean Kode Zibileko artikuluak eta ezkontzeko formula irakurriko da, eta ezinen dira bestelako elementurik txertatu edo ekitaldirik egin. Prozedura arrunteko ezkontzak bezala, euskaraz, gaztelaniaz edo elebitan egiten ahalko dira. Hileko lehen ostirala jaieguna bada edo beste inguruabar batzuk badaude, hurrengo ostiral baliodunean ospatuko dira ezkontza horiek.
Garbiñe Bueno Zabalza Ogasuneko eta Kontratazio Publiko Arduratsuko zinegotzi ordezkariak prentsaurrekoan azaldu du prozedura berri horren helburua: administrazio-kudeaketa gizartearen eskakizunetara egokitzea, kudeaketa-denborak arintzea eta zerbitzuaren eraginkortasuna hobetzea, dagozkion legezko bermeak betetzeari kalterik egin gabe, ezkontza arruntak eta ezkontza azkarrak izapidetzea ahalbidetuko duen modalitate bereizi baten bidez.
306 ezkontza ospatu ziren Ziudadelan 2025ean
Alkatetza Dekretuak instrukzio baten bidez prozedura berria arautzeaz gain, ezkontza zibilen ohiko protokoloa ere deskribatzen du, urteetan zehar onartu diren egokitzapenak testu bateratu batean integratuz, Ziudadelako Lidia Biurrun aretoan egiten diren ekitaldi publikoko ospakizunetarako. Ezkontza horiek ohiko ezaugarri, data eta ordutegiak izaten jarraituko dute. Hau da ordutegia: ostiraletan, 18:30etik 20:00etara, eta larunbatetan, 12:00etatik 13:30era; gehienez ere, 25 minutu iraunen dute ezkontzek, aretora sartu eta handik ateratzeko denbora kontatuta. Maiatzetik urrira bitarte, biak barne, larunbat arratsaldean ere egiten ahalko dira, 18:30etik 20:00etara bitarte.
Guztira 306 bikotek ospatu zuten 2025ean ezkontza zibila Ziudadelako Lidia Biurrun aretoan. Kopurua altuagoa da aurreko urteetakoekin alderatuta, eta 2024an egindako izapideak baino ia % 19 gehiago da. Iaz ekainean egin ziren ezkontza gehien (44), eta ondoren abuztuan (41) eta irailean (40). 2025ekootsailean eta urtarrilean egin ziren eskaera gutxien: 11 eta 10 ezkontza egin ziren Ziudadelan, hurrenez hurren.
Udal-taldeen arabera banatuta, EH Bilduk 125 ezkontza gidatu zituen guztira, UPNk, 76 eta PSNk, 59. Bestalde, Geroa Baik 19 ezkontza gidatu zituen, PPk, 17 eta Contigo Zurekin taldeak, 10. Bost zinegotzik hogei ezkontza zibil edo gehiago gidatu dituzte 2025ean: Zaloa Basabe Gutiérrezek (EH Bildu) 29 egin zituen, Cristina Ibarrola Guillének (UPN), 26, Borja Izagirre Larrañagak (EH Bildu), 23 eta Aitziber Campión Ganboak eta Garbiñe Bueno Zabalzak (EH Bildukoak), 20 bakoitzak.
Eskaerak eta izapidetze-epeak
Bi prozedurak abian jartzeko, bai ezkontza zibil arruntak, bai azkarrak, ezkontza-dataren eskaera egin eta eskabidea aurkeztu beharko dute interesdunek. Bi modutan egiten ahal da: batetik, www.pamplona.es/eu webgunean eskuragarri dagoen online izapidearen bidez; eta bestetik, administrazio-prozedura erkidea erregulatzen duen araudian aurreikusitako edozein erregistroren bidez. Ezkontza zibila egiteko eskatzen ahalko dute 18 urtetik gorako edo beherako emantzipatuek, Iruñean erroldatuta egon zein ez.
Ezkontza zibila ospatzeko eskabidea ekitaldia egin baino 45 egun lehenago aurkeztu beharko da gutxienez, salbu eta behar bezala justifikatutako inguruabarren ondorio diren salbuespenezko kasuetan; halakoetan, ezkontza egitea baimentzen ahalko da. Ez da ezkontza-data onartuko eskabidea jasotzen den egunaren eta ezkongaiek hautatutako dataren artean 12 hilabete baino gehiagoko epea duten eskaeren kasuan. Ezkontza-ekitaldiaren data eta ordua esleitzeko, ezkongaien eskaera hartuko da kontuan, eskabideen erregistro-ordena errespetatuta, betiere eskatutako data eta ordua eskuragarri badaude.
Data eta ordua erreserbatzeko, Erregistro Zibilak emandako izapidetze-dokumentua aurkeztu eta erregistratu behar da, edo, bestela, erakunde horren aurrean dagokion espedientea abiarazi dela ziurtatzeko egiaztagiria aurkeztu beharko da. Orobat, espedientea behar bezala izapidetzeko gainerako dokumentu guztiak aurkeztu beharko dira, ezkontza egiteko erreserbaturiko data baino bi aste lehenago gutxienez. Eskabidea aurkezteak berekin ekarriko du, prozedura arrunteko ezkontzen kasuan, dagokion prezio publikoa likidatzea. Ezkontza-eskaera egin duen pertsonari egozten zaizkion zioen ondorioz ekitaldia bertan behera uzten bada, ez da gordailuaren dirua itzuliko.