Udalak EuskarAbentura espedizioan parte hartzeko bi toki eskaintzen ditu: Iruñeko 16 eta 17 urteko gazte euskaldunei daude zuzenduta, eta 2025eko uztailaren 1etik 31ra eginen da espedizioa

Udalak EuskarAbentura espedizioan parte hartzeko bi toki eskaintzen ditu: Iruñeko 16 eta 17 urteko gazte euskaldunei daude zuzenduta, eta 2025eko uztailaren 1etik 31ra eginen da espedizioa
Gazteak 738 kilometro ibiliko dira, horietatik 438 oinez, eta 13 etapa izanen dira guztira, Donejakue bideko ibilbideetan barna
Fitxategi
euskarabentura

 

Iruñeko Udaleko Gazteria Unitateak bi toki eskaintzen ditu seigarren EuskarAbenturan parte hartu nahi duten hiriko gazteendako. 16 eta 17 urteko gazteek hartuko dute parte espedizioan, eta Euskal Herri osoa zeharkatuko dute oinez eta euskaraz: EAE, Nafarroa, Lapurdi, Behe Nafarroa eta Zuberoa. 2025eko uztailaren 1etik 31ra izanen da.

Gazteria Unitateak informazio-saio bat antolatu du proposamena ezagutarazteko: asteartean izanen da, Gaztediaren Etxeko erakusketa-aretoan. Bilera horretan parte hartuko dute Carlos Andrés Uranga Gazteriako Alorreko zuzendariak, Ruth Losada Garzón Gazteriako teknikariak, EuskarAbentura elkarteko kideek eta aurreko espedizioren batean parte hartu duten Iruñeko gazteek.

Kirola, hizkuntza, kultura eta historia uztartzen ditu EuskarAbenturak, eta helburu du hizkuntzari eta zazpi probintzietako ondareari balioa ematea. III. Iruña Gaztea planaren gidalerroekin bat, Gazteria Unitateak egitasmo horren aldeko apustua egin du, modua ematen baitu hiriko gazteei esperientzia berezi eta aberatsak eskaintzeko bizitzako hainbat arlotan: aisialdian, kirolean, kulturan, eta abar.

Gazteek 783 kilometro eginen dituzte uztailaren 1etik 31ra bitartean, 13 etapatan: horietatik 438 kilometro oinez eginen dituzte oso-osorik, Donejakue bidearen ibilbideetan barrena. Zazpi hiriburuetan ez ezik, Unescok Gizateriaren Ondare izendatutako hainbat tokitan ere izanen dira bisitan, eta basoak, hondartzak, kobazuloak, gazteluak, eraikin enblematikoak eta abar ere ikusiko dituzte. Gainera, Iruña da ibilbidean ezarritako funtsezko geldialdietako bat, hiriburua baita, eta gazteek aukera izanen dute sanferminen ospakizun betean hiriaren aberastasunaz gozatzeko.

2024ko EuskarAbenturan Iruñeko 7 gaztek hartu zuten parte orotara, eta beste 16 lagunek aurkeztu zituzten lanak espedizioan parte hartu ahal izateko, baina ez zituzten hautatu. Hala, horrelako egitasmoek Iruñeko gazteengan zer-nolako interesa pizten duten ikusita, bi toki gorde dituzte hiriko bi gazterentzat. Zenbait baldintza bete behar dira bi toki horietakoren bat eskuratu ahal izateko: Iruñean erroldatuta egotea, 2008an edo 2009an jaioa izatea, euskaraz jakitea eta EuskarAbentura elkarteak ezarritako hautapen-prozesua osatzea.

Prezioa eta baldintzak
Parte-hartzaile bakoitzak 190 euroko fidantza jarri behar du, eta parte hartzeak 2.046 euroko kostua du guztira pertsonako: Iruñeko Udalak ordainduko du Gazteria Unitateak eskainitako tokiak betetzen dituzten bi lagunen parte-hartzea. Prezio horren barruan sartzen dira espedizio osoan eginen dituzten jarduera, bisita eta joan-etorri guztiak, ostatuak eta mantenuak eragindako gastuak, eta baita aseguruak eta egin beharreko jarduerak direla-eta sortutako beste edozein gastu ere.

Martxoaren 5ean amaituko da hautagaitzak aurkezteko epea, eta apirilaren 22an argitaratuko dute hautatutakoen behin-behineko zerrenda, Aste Santua amaitu berritan alegia. Hautagaitza aurkezteko,  www.euskarabentura.eus webgunera jo, eta ‘Hautagaitzak 2025’ atalean dagoen izenaemateko formularioa bete behar da, eta horrekin batera minutu bateko aurkezpen-bideo bat eta norberaren proiektu bat aurkeztu behar dira. 

Hainbat motatako proiektuak onartzen dituzte (historiako testuak, literatur lanak, ikus-entzunezkoak, musika, obra plastikoak eta sorkuntza digitalak), eta hiru gai jarri dituzte aukeran: beldurrak, indibidualismoa eta kolektibismoa, eta klima-aldaketa. Webgunean azalduta dago nola entregatu behar den eskaera, eta zenbait gomendio ere jarri dituzte informazioa eskuratu eta dokumentazio-lana egiteko. 

Eusko Ikaskuntzako kideak arduratuko dira proiektuak ebaluatzeaz, EuskarAbentura elkarteak ezarritako irizpideei jarraikiz eta proposamenen anonimotasuna gordez betiere.

Jatorria
EuskarAbentura irabazi-asmorik gabeko elkarte bat da. Zenbait lagunek Boiseko (AEB) jaialdian egin zuten topo lehen aldiz, 2015ean, eta geroago, Quetzal Ibilbidean. Aurrerago, halako espedizio bat sortu nahi izan zuten, baina euskaraz, gazteek gune informaletan eta aisialdirako tokietan euskara erabili dezaten sustatzeko. Hala, 2018ko uztailean egin zuten lehen ibilbidea: Araba, Gipuzkoa, Bizkaia, Nafarroa, Lapurdi, Behe Nafarroa eta Zuberoan barna ibili ziren.

EuskarAbentura oinezko espedizio bat da, eta 16 eta 17 urteko (2008an eta 2009an jaiotakoak) 127 neska-mutilek (Jzioquitarrak) hartzen dute parte. Euskal Herriko zazpi probintzietako gazteak bildu ohi dira, eta egoera linguistiko, sozial, ekonomiko eta kultural desberdinak izanagatik ere, helburu bat bera dute denek: adin bereko jendea ezagutuz Euskal Herria zeharkatzea. 30 laguneko talde bat izan ohi dute ondoan gazteek: Familia Urdina deitzen diote, eta begiraleek (‘xerpak’), sendagileek, gidariek, logistika-arduradunek, kameralariek, kazetariek eta elkarteko kideek osatzen dute.


EUSKARABENTURAREN AURKEZPENA (2025EKO UZTAILAREN 1ETIK 31RA IZANEN DA ESPEDIZIOA)

  • Otsailaren 18an, asteartea, 18:00etan. Gaztediaren Etxeko erakusketa-aretoan

    • Aurkezpenean izanen dira Carlos Andrés Uranga Gazteriako Alorreko zuzendaria, Ruth Losada Garzón Gazteriako teknikaria, EuskarAbentura elkarteko kideak eta aurreko espedizioren batean parte hartu duten Iruñeko gazteak.

  • Informazio gehiago https://euskarabentura.eus/eu/ webgunean

¿Te ha sido útil esta página?