Hirigintza Gerentziak gaur goizean aztertu du Lezkairu auzoan euri-urak ateratzeko beste kolektore bat eraikitzeko kontratua adjudikatzeko prozedura ireki baten deialdia. Lan horrek Lezkairuko ARS-3 urbanizazio berria garatzeko hamaikagarren fasea osatuko du. Kontratuaren aurrekontuak, beste bi esku-hartze txiki barne hartzen dituenak, 2.228.604,50 euro jotzen du. Aurreikuspenen arabera lanak apirilean hasiko dira eta gauzatzeko epea 8 hilabetekoa da.
Proiektua euri-uren kolektore berri bat eraikitzean datza, Lezkairu auzotik datorren sarearen zati bateko urak bildu eta Sadar errekan isurtzeko. Jarduketaren arrazoia Lezkairuko euri-uren sareko hustubidea handitu beharra da, eta kolektore berriarekin 3,5 m3/s husteko gaitasun hidraulikoa izanen du, sarearen funtzionamendu egokia bermatzeko. 870 metroko luzerarekin, Adela Bazo kalean eta Arrosadiko Dorreekin lotzen den errepidean barna joanen da Sadar errekara heldu arte.
Proiektuak, halaber, beste bi lan txiki barne hartzen ditu. Lan gehigarri bat eginen da Arrosadiko Iruñeko Orfeoiaren parkean, Sadar errekaren horniketa-hodiaren hustubide bat baitago bertan. Hainbat arrazoi direla medio, hodi hori ez da ibilguraino heltzen eta urak ibaiko harri-lubetaren bidez isurtzen ditu. Jarduketa horrek ezohiko egoera hori zuzentzea du xede eta kolektoreari irteera fisiko bat ematea Sadar errekan.
Halaber, lizitazioa baliatu da irtenbide teknikoa sartzeko Lezkairuko Plan Partzialeko LC3 zuzkidura-lurzatian bilketa pneumatikoaren sareko tartea egiteko, Mutiloa kaletik azpiegitura hori Adela Bazo kalean eraikitzen ari diren ikastetxe publikoaren instalazioekin lotu arte.